«Aralar-EBrekin akordioetara heltzeko borondate berberarekin jarraitzen dugu», dio Bilduk. Hori dela eta, koalizioa Zarauzko Udaleko gobernu taldera gehitzeko bilerak abiarazi dituzte: «Gure asmoa Zarautz modu aurrerakoian eraikitzen jarraitzea da, eta Aralar-EBren programak Bildukoarenarekin antzekotasun nabarmenak dituela jakinekoa denez, logikoa eta zentzuzkoa iruditzen zaigu haiekin elkarrizketak abiaraztea, hiruok batera gobernu talde sendoa osa dezakegulako».
Ildo horretatik, euren boto emaileek «ezkerretik elkarrekin aritzea» eskatzen dutela nabarmendu du koalizioak.
«Geuk geure borondate osoa adierazi dugu eta adieraziko dugu elkarlan horretarako», dio. Hala ere, «zailtasunekin topo» egin dutela nabarmendu dute Bilduko ordezkariek: «Dena dela elkartzen gaituena, urruntzen gaituena baino gehiago dela eta geure boto emaileek eta gainerako zarauztarrek elkarrekin aritzea eskatzen digutela uste dugu».
Eskuak zabalik
Bilduk «ez du ulertzen» Aralar-EB «nola tematu den» aurreko gobernuaren kudeaketarekin lotutako hainbat egitasmorekin: «Guk batere malgutasunik gabeko ordezkaritzarekin egin dugu topo, eta ‘Kortazar guretzat negoziazina da’ eta antzeko jarrera itxien ondorioz, akordioa ez da posible izan». Bilduren arabera, «zarauztarrek maiatzaren 22an zigortu zuten kudeaketa eredua defendatu eta ontzat eman» du Aralar-EBk: «Ez du gurdi horretatik jaitsi nahi izan, autokritikari zirrikitu txikiena ere zabaldu gabe». Hori dela eta, orain arteko kudeaketarekiko «hausnarketa sakona» eta «jarrera batzuen inguruko autokritika egitea» ezinbestekoa dutela adierazi du Bilduk, elkarlanean aurrera egin ahal izateko.
Bildu akordioak adosteko «esku zabalik» agertu da, «orain arte bezala». Euren aldetik «elkarlanerako prestutasuna erakutsi nahian» keinu batzuk egin dizkiotela gaineratu du: «Udal Elkartearen zuzendaritzan Zarauzko Bilduk zuen ordezkarietako bat Aralar-EBren esku uztea da horietako bat, oposizioko talde guztientzat liberazioak onartzeaz gain; eta ez nolanahikoak, gainera». Ondorioz, «martxoan, eta, ahal bada, martxoa baino lehenago akordioa ixteko borondatea» duela dio Bilduk.