«Etorkizunean genetika izango da minbizia sendatzeko gakoa»

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 3a

Olatz Olariaga (Orio, 1978) farmazialariak Donostiako Ospitale Onkologikoan egiten du lan, 2007 urteaz geroztik. AEB Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen korronteari eutsiz, farmazialaria botikatik atera eta sendagileekin elkarlanean aritzen da. Etorkizunean, minbiziaren aurkako tratamenduak gakoa genetikan izango duela uste du Olariagak, baina horretarako erakunde publikoen laguntza behar dela dio. Onkologian espezializatzeko ikasketekin tartekatzen du lana farmazialariak.
Zer da farmazialariaren eta medikuaren arteko elkarlana?
Ospitale bakoitzak bere errealitatea du, eta gurea monografikoa da. Guztiek dute farmazia, baina gurean modu berezia dago lan egiteko: kimioterapia prestatzeaz gain, gaur egun medikuekin elkarlanean aritzen gara, eta hala diseinatzen dugu kimioterapia. Preskuntzaren kalitatea bermatzetik gaixoari zer nolako kimioa jarri erabakitzera iritsi gara, eta hori izugarrizko pausoa da.
Farmazialaria medikuekin batera aritzea joera berria al da?
Gero eta pertsona gehiago ari da norabide horretan lanean. Farmazialaria botikatik irten da, eta ospitalean presentzia du dagoeneko. Etengabeko formazioan bizi gara, eta joera hori hazten ari da egun. Gu gara botiken inguruan gehien dakigunak, eta erabakiak hartzerako orduan paper garrantzitsua izan dezakegu. Ez gara sendagileak, eta gaixoak ez ditugu haiek adina ezagutzen, baina elkarlana ondo egin daiteke.
Kimioterapia diseinatzen duzuela diozu. Nola egiten duzue?
Gure helburua emaitza positiboak izatea da, eta gaixoak sendatzea. Egun, botiken edota medikuntzaren gaineko ikerketa gehienak minbiziaren inguruan egiten dira. Diru gehiena horrek ematen duela hartu behar da kontuan. Zelula onak eta txarrak hiltzen zituzten drogak izatetik super-espezialiaziora pasatu gara; gizakiaren geneetatik abitatuta, eta horien mutazioak ezagutuz, tratamendu zehatzak ditugu; hau da, bi pertsonak gaixotasun bera izanda ere desberdin tratatzeko aukera ematen dugu.
Tratamendu oso erasotzaileak alde batera utzi, eta zelula txarrak bakarrik hiltzen dituzten drogetara igaro gara. Droga horiek, ordea, pertsona batzuei
bakarrik eman diezazkiegu, bakoitzak duen genetikaren arabera. Ikerketak genetikaren inguruan egiten dituzte egun, eta banan-banako tratamenduetarantz  goaz.
Horrek zer-nolako emaitzak ditu?
Gaur egungo tratamenduek ez dituzte horrenbesteko albo-ondorio. Ez dakigula droga berri horiek luzera begira zer-nolako mina ekar dezaketen, egia da hori. Gaurkoz, ordea, nahiko ondo doazela dirudite. Egun, ez ditugu minbiziak soilik tratatzen, pertsonak euren ezaugarrien arabera tratatzen ditugu.
Minbiziaren aurkako tratamenduak asko ari al dira aurreratzen?
Bai, baina minbiziaren aurkako tratamenduak oso garestiak dira. Farmazia industriak molekula berria asmatzeko diru pila bat mugitzen du, eta ondoren publizitaterako ere asko inbertitzen du. Oso azkar ari dira ematen kimioterapiaren inguruko aurrerapausoak, eta etorkizuna genetika izango dela uste dut. Pertsona bakoitzak zer-nolako mutazioak dituen ezagutuko bagenu, jakingo genuke zer tratamendu eman pertsona horri. Baina azterketa genetikoa egitea izugarri garestia da. Laborategietan mutazioak aztertzen ari gara pixkanaka, baina ez da egiten ahal den guztia. Erakundeetatik ere inbertsio handiak egin beharko dira horretarako.
Farmaziaren industriaren inguruan zer irakurketa egiten duzu?
Botikek geroz eta gehiago biziarazten gaituzte, eta osasun sistemek birplanteamentu egin beharko dute hori, ekonomiaren inguruan batez ere. Hogei urte barru askoz ere adindu gehiago izango dira, eta horrek osasungintzan inbertsioa eskatuko du. Osasunaren inguruan oso zaila da aurreztea, gastua etengabea delako. Beraz, diruak erakundeetatik etorri behar du, eta talde kritikoak sortu beharko dira, tratamenduen mugak zehaz ditzaten. Askotan balantzan jarri behar da, botika bat pertsona jakin bati emateak zenbateraino merezi duen hausnartu behar da.
Asko aldatu al da gaixoaren soslaia?
Oro har ez dut uste asko aldatu denik, baina, esaterako, azaleko minbizia areagotu egin da, batez ere gazteen artean. Oso erasokorra izan ohi da, eta askotan berandu diagnostikatzen dugu. Inzidentziei kasu eginez, minbizi bloke handiak daude. Gehien errepikatzen diren minbiziak dira horiek. Errepikatzen diren minbizien inguruan egiten da ikerketa gehien, industriari interesatzen zaiolako. Inzidentzia gutxiago duten minbiziak ez dira horrenbeste aztertu; azalekoan, esaterako.
Kimioterapia osagarri naturalekin egiten al duzue?
Kimioterapian osagarri naturalak ere erabili izan dira. Zuhaitzetik atera izan dira tratamendurako osagarriak, baina gaur egun guztia laborategitik egiten da.
Halako tratamendu gogor baten aurrean nola orekatu daiteke gaixoa?
Gaixoak izan ohi dituen goragaleei jarraipen berezia egiten diegu. Kimioterapia klasikoan, minbizia sendatzeko ahalmen handia dute tratamenduek, baina ondorioak gogorrak izan ohi ditu. Ondorio horiei aparteko arreta jartzen diegu. Pertsonekin harreman zuzena dugu, eta ondorioei aurre egiten saiatzen gara. Baina guztia sahiestea ezinezkoa da.
Onkologian espezializatzeko masterra ere ari zara egiten.
Ospitalean lana egiteko dugun moduarekin dago lotuta masterra. Gero eta sarriago egoten da farmazilaria diziplina anitzeko taldeetan, eta era horretan hark ere erabakiak hartzen ditu. Horretarako, ordea, formazioa behar da. Lanbide honek egunero ikastera behartzen gaitu, baina lan egiteko moduak ikasi egin behar dira. AEBetan sortu zen korrontea, eta pixkanaka zabaldu da. AEBetan lan egiteko izugarrizko dinamika dute, baina kontuan izan behar da guztia pribatua dela, eta diru asko erabiltzen dutela horretarako. Espainiako Estatuan bi urtetik behin onkologian espezializatu nahi duten farmazialarientzako akreditazioak eskaintzen dituzte, beken bidez. Nik iazko urrian aukera izan nuen azterketara aurkezteko, eta beka eman zidaten. Urtebeteko formazioa ari naiz egiten, eta bi hilabetetik behin Madrilen jardunaldiak egiten ditugu. Bekaren helburua farmazialari espezializatuak onkologian aritzea da. Gaur egun, AEBen ondoren
Espainiako Estatua da espezialista gehien dituena, baina ez da 200 lagunetara iristen. Farmazialariak gaixoarekiko beste ikuspuntu bat izan dezake, eta bere ezagutzak aplikatzea izugarrizko aurrerapausoa da; beraz, erabakiguneetan egon behar dugula uste dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide