Saninazioak irudietan

Urola Kostako Hitza 2011ko abuztuaren 2a

Gaur goizean bukatuko dira aurtengo saninazioak, danbatekoen hotsean. Saninazioek aurten kolore arroxa izan dute, joan den larunbatetik bertatik. Festa Herrikoien Aldeko Batzordearen Marea arroxa-k kolore horretaz tindatu du festetako hainbat ekimen, eta hori egunero-egunero nabarmendu da. Larunbatean, San Inazio bezperan, Julian Barrenetxea Abesbatzakoek eta Kilometroak 2011ren antolatzaile Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkartekoek bota zuten festetako txupinazoa. Herriko plaza jendez gainezka zela eman zioten hasiera festei, eta ekitaldiak joan eta ekitaldiak etorri, herriko kaleak eta txokoak jendez gainezka izan dira asteburuan. San Inazio bezperan, larunbatean, inoiz baino jende gehiago bildu zen herri bazkarian: 1.200 lagun. Done Jakue kaleko zezen-plaza txikia ere zezen jolasetan leporaino bete zen, eta gaueko kontzertu eta ikuskizunetan jende piloa ibili da. Santiagoek bezala, eguraldia ere lagun izan dute San Inazio jaiek. Agintarien harrerak aldaketak izan ditu aurten. Goizez bakarrik hartu zituzten atzo udaletxean Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. Arratsaldean ez ziren udaletxera itzuli, Ertzaintzaren gomendioz, "plazan sortzen den egoera" ekiditearren. Ahaldun nagusia eta Azpeitiko alkatea lehenengoz ez ziren Loiolako basilikara sartu, gotzainak eskainitako meza entzutera. Martin Garitanok eta Eneko Etxeberriak Etxeratek antolatutako elkarretaratzean zirenak agurtu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide