Udalbatzarren aretoa jendez lepo zela uztaileko ohiko udalbatzarra egin zen uztailaren 28an, ostegunean. Aztergai zerrendako puntuak banan-banan aurkeztu, eztabaidatu eta bozkatu aurretik idazkariak Orainek aurkeztutako bi mozioren berri eman zuen: Lehenengoak Plaza aldizkaria gehiago ez argitaratzea eta Udalak Udalaren informazioa herritarren artean zabaltzea interesgarria ikusten duenean Karkara aldizkarian beharrezkoak diren orrialdeak erostea proposatzen zuen eta bigarrenak, Udalaren egoeraren berri zehatza izateko diru kontuen auditoria egitea 2011-2015 legealdi hasieran, bi urte pasa ondoren eta legealdiaren amaieran. Bi proposamen horiek denboraz jaso ez zituztela eta sakon landu beharreko gaiak zirela argudiatuz aho batez gai horiek mahai gainean uztea onartu zuten.
Aurrez adostutako aztergaien zerrendara jo zuten gero eta hainbat kreditu aldaketa izan zituzten hizpide lehenengo hiru puntuetan. Lehenengoan merkataritzari dagozkion gastuen igoerarako kreditu aldaketen berri eman zuten. Horren arabera txu-txu trenerako 20.075 euro izango lirateke eta 600 euro komertzio diru laguntzetarako. Ondoren, hainbat lanetarako 14.000 euro bideratzen dituen eta bide garbiketarako 12.390 euro zehazten dituen gastu igoerarako kreditu aldaketari lehen onarpena ematea jarri zuten mahai gainean eta gizarte ongizateko gizarte larrialdien planetik finantzatzea eta Kosta tailerra, kiroldegiko makinaria, komun publikoak tren geltokian, kanpineko inbertsioak, hondartzako lokaletan inbertsioak, itsaspeko urbanizazioa, bide publikoak, Zaharren babeslekuko tximinia, autobusen markesinak eta udaltzaingoko mobiliariorako 124. 330 euro bideratzea. azken hau kreditu gehigarri modalitatean denez, finantzazioa altxortegi gerakinetik egingo litzateke. Kreditu aldaketa biak aho batez onartu zituzten.
Laugarren puntua 2010eko ekitaldi ekonomikoko udaleko Aurrekontuaren Kontu Orokorrari behin betiko onarpena ematea izan zen, jendaurrean egon ondoren alegaziorik jaso ez zuelako. Udalbatzak Kontu Orokorra aho batez onartu zuen.
Txu-txu trena eta hondartzako taberna
Txu-txu trenaren tarifak (joan etorria 0,50 zentimo) eta iragarki modulu bakoitzeko 75 euro onartzea zen hurrengo puntuaren helburua. Alkateak argi utzi nahi izan zuen dagoen proposamena izanik aurten horrela jaso arren datorren urterako publizitatea jartzeko irizpideak aurrez aztertzea eta finkatzea nahi dutela eta idazkariak komenigarritzat jo zuen hori ordenantza fiskaletan jasotzea. Tarifak onartu egin ziren Bildu eta Oraineko zinegotzien botoekin, zazpi guztira. EAJkoak abstenitu egin ziren, esanez, uste dugu komisio batean eman behar zela honen berri eta ez ginela tarifekin kanpotik enteratu behar.
Antillako hondartzako bigarren eraikina Udalak baimendutako ostalaritza zerbitzuak emateko adjudikatzea izan zen hurrengo puntua eta Bildu eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu egin zen Xabier Uranga Salbideren, Juan Joxe Zubeldia Iraola eta Maria Teresa Manzisidor Perezen izenean adjudikatzea. Hala ere, Alkateak ñabardura bat egin zuen esanez, ez dagoela ondasun komunitatea legez egiterik baizik eta gutxienez erantzukizun mugatuko sozietatea, SL bat, osatu beharko dutela hiruen artean. Hori izan zen EAJ abstenitzeko arrazoia, eta Jon Redondok azaldu zuenez, oinarrietan enpresa moduan aurkeztea eskatzen zen eta ondasun-erkidego gisa aurkeztu denez, eskatu zaio horren ordez enpresa bat sortzea, beraz, hori aurrez horrela jasoa ez zegoenez, aurrera aterako dela ikusita abstenitu egingo gara.
Antxiola kaleko 5, 7 eta 9ko lurren lagapenari buruzko puntua etorri zen gero. Arkitektoak egindako txostenaren arabera, Udalak adierazi zuen lurraren lagapena egiteko prest zegoela, baldintza batekin: jabeen komunitateak konpondu behar ditu bertan azaltzen diren egiturazko kalteak eta arduratu behar dira uraren bilketa egokia egiteaz eta zola konpontzeaz. Baldintza horiek bete arte ez da posible lurraren lagapena egitea. Bozketaren ondoren ez ez erabakia onartu Bildu eta Orain aurka agertu zirelako eta EAJ alde.
Talde politikoentzako dirua
EAJk udaleko talde politikoen ekarpen ekonomikoei buruz aurkeztutako mozioa jarri zuten gero mahai gainean. Uztailaren 7ko ezohiko udalbatzarrean udalbatzak alderdi politiko bakoitzari 350 euroko ordainsaria ematea erabaki zuen baina EAJk bere ezadostasuna adierazi eta eskatu zuen: alderdi
politikoei egiten zaien diru ekarpena, beti izan den moduan, proportzionala
izatea, hau da, alderdiko kopuru finko bat eta ondoren zinegotziko beste bat. Beñat Solaberrietak aurreko plenoan hartutako erabakiarekin jarraitzen dutela esan zuen: Udal taldeek
jasotzen duten kopuruan uste dugu alderdi guztiek baliabide berdinak behar
dituztela funtzionatzeko, beraz, ongi iruditzen zaigu talde guztiek kopuru
berdina jasotzea. Bildu eta Oraineko zinegotziek EAJren mozioaren aurka bozkatu zutenez, onartu gabe geratu zen ekarpen ekonomikoei buruzko mozioa. Gai horren harira galdera eta eskarien tartean idazkariak jakinarazi zuen Orainek argitu nahi duela aurreko
udalbatzarrean onartutako dirulaguntzak zinegotziei azpi batzordeko kide (200
euro) eta buru (300 euro) izateagatik dagozkien arren Orain taldeko kideek ez dutela
dirurik jasoko pertsonalki eta diru guztia taldera joango dela.
Zaraguetan DBH
Galdera eta eskarien tartearen aurretik azken puntua Zaragueta Herri Eskolako zuzendariak derrigorrezko bigarren hezkuntzako (DBH) lerro bat irekitzeari buruz aurkeztutako mozioa zen eta gai honek eman zuen zeresan gehien udalbatzarrean. Zaraguetako Herri Eskola komunitatea osatzen dutenek ezinbestekotzat jotzen dute sare publikoko ikasleek herrian bertan derrigorrezko hezkuntza osatzea, orain 12 urterekin herritik atera behar baitute. Hori guztia aztertu, bideratu eta konpontzen saiatzeko Hezkuntza Saileko arduradunekin harremanetan jarri dira eta bilera batzuren ondoren Jaurlaritzatik erantzun baikorra jaso dute. Proiektua aurrera eramateko ezinbestekotzat jo dute ikastetxea handitzea. Beraz Zaragueta Herri Eskolak Orioko Udalbatzari honako eskaria egin nahi dio:
-
Herriko alkatea harremanetan jar dadila, Aiako alkatearekin batera, Hezkuntza Saileko ordezkariekin Orioko sare publikoko ikastetxean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lerro bat ireki dezan.
-
Kreditu aldaketa bitartez bideratu dadila DBH martxan jartzeko beharrezko diren obren gastuak eta Udalak ordain ditzala obrak eta ondoren Hezkuntza Sailarekin bideratu legozkiokeen diru laguntzak.
-
Obren adjudikazioa urriaren amaiera baino lehen egitea.
Eskarion harira Beñat Solaberrieta lehenengo puntuarekin oso ados azaldu zen konpromisoa hartu zutelako eta horri eutsi nahi diotelako benetan proiektu interesgarria eta babestu beharrekoa baita. Baina beste bi puntuei ñabardura batzuk egin nahi dizkiote gauzak zehazte aldera doa. Iruditzen zaigu horrelako proiektu batek zehaztasun maila batera iritsi behar duela plenora iritsi aurretik eta guk proposatzen dugu DBH martxan jartzeko beharrezko diren obren gastuak noren eskutan geratuko diren zehazteko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta Orioko Udalaren arteko hitzarmena sinatzea. Hitzarmen horretan Udalak diru bat aurreratzea aurreikusiz gero, Orioko Udalaren eta Zaragueta eskolaren artean jadanik egina dagoen hitzarmenean kontenplatzen den dirua erabiltzea. Beraz, hori guztia urrirako adjudikatzea zaila iruditzen zaie, baina jarrera positiboa erakutsi dutenez adjudikazioa ahalik eta azkarren egin nahi dute. Hezkuntza Sailetik jarrera positiboa dagoela badakiten arren hau guztia idatziz jaso nahi dute. Horregatik utzi nahi dugu mahai gainean gaia eta konpromisoa hartzen dugu gaia aztertzeko.
Jon Redondok harridura azaldu zuen esanez, konpromisoa dagoela, esatea erraza da, gero haizeak eramaten ditu hitzak, eta bete egin behar dira. Udala publiko den heinean Udalari dagokio herriko ikastetxe publikoari laguntzea. Obretarako behar den dirua kreditu aldaketa bidez bideratzea posibletzat jo zuen. Hori hazienda batzordearen kontua da eta alkatea, zu zarenez batzorde burua, hurrengo batzordean ez litzateke arazorik egon behar kreditu aldaketa egiteko dirua egonik. Uste du horren ondoren diru laguntza bideratzeko gestioa egin behar litzatekela Eusko Jaurlaritzarekin. Udalak erakutsi behar du gaitasuna daukala kudeaketa ona egiteko eta diru laguntza jasotzeko ez dela zain egon behar besteek zer egingo duten. Era berean uste du denbora badagoela obren adjudikazioa urriaren amaieran egiteko oinarriak prestatzeko. Zaraguetatik egindako eskariei buruz hitz egin ondoren, Redondok adierazi zuen badirudiela mahai gainean utzi nahi dela gaia eta hitz egiten jarraitu, denborarekin hitzak haizeak eraman ditzala eta azkenean ezer ez egitea. Beraz, mozioaren alde bozkatu zuten esanaz, gestio on baten ondorioz kontuak ondo utzita daude eta eskola publikoari laguntzeko zailtasunik ez dut ikusten. Beraz, eskatu zuten hurrengo batzordean kreditu aldaketa bideratzea eta obren adjudikaziorako pleguak martxan jartzea.
Luze jo zuen gaiaren inguruko eztabaidak. Alkateak Jon Redondori esan zion kudeaketaren izenean hitz egin eta kudeatzaile on baten arauak errespetatuz esan duzu haizeak eramaten dituela hitzak eta oraingoz Hezkuntza Sailetik jaso duguna hitzak baino ez dira, idatzizko ezer ez dago eta guk idatzia jaso nahi dugu, estipulatua egon dadin zer, nola eta zertarako egingo den. Baina ez diote proiektuari uko egin nahi, alderantziz lagundu baizik. Soberakina ikutzearen proposamena egin zuen Redondok eta horri erantzunez Solaberrietak esan zuen jakin beharko lituzketela zenbakien nondik norakoak eta oraingoz Udalari eta Jaurlaritzari bakoitzari zenbat dagokion ez dagoela zehaztuta. Hori jakin behar dugu Udalak zein baliabide eskaini ditzakeen eta nondik atera ditzakeen jakiteko. Jon Redondori miserablekeria iruditu zitzaion ikastetxe publikoa den heinean berekin duten hitzarmenetik dirua kentzea eraikuntza ordaintzeko. Beñat Solaberrietak argitu zuen proposamena egin arren posible dela diru hori ez ukitzea ere.
Azalpen guztien ondoren EAJk mozioaren alde egin zuen aurkeztu zuten bezala, Bildu eta Orainek, ordea, aurka. Hauek mozioa mahai gainean utzi eta aztertzea erabaki zuten EAJk aurka bozkatu arren.
Oraineko Mirian Urangak esan zuen erabat ados daudela eta Orioko herritarrentzako DBH lerro bat Zaraguetan jartzea oso garrantzitsua dela. Badakigu jende askok ez duela gurekin hortan sinisten, baina denborak erakutsiko du gure borondatea zein den. Aurrekontua, ordea, 700.000 eurokoa, ez dute onartu. Hezkuntza Sailekoekin harremanetan jarri gara idatzizko dokumentu bat egiteko eta elkarlan hitzarmen bat sinatzeko esateko gutxienez %60aren kargu egingo direla; bestalde, jakin nahi genuke Aiako Udalak, hango ikasleak Zarautzera joaten direnez, zein hitzarmen duen hango eskola publikoarekin. Izan ere, uste dugu 700.000 euro horiek guztiak ez dituela Udalak ordaindu behar ez dagozkiolako.
Bukatzeko galdera eta eskarien atalari ekin zioten. Jon Redondok, zinegotziek jasotako e-mail baten harira esan zuen zinegotziek, herriak aukeratuak direnez, eskubidea dutela informazioa jasotzeko eta batzorde buruei ez ezik teknikoei ere galdetzeko. Ez zaigu bidezkoa iruditzen informazio bat behar dugunean alkatea izatea erabakiko duena informazio hori emango duen ala ez. Zuri galdetu behar dizut gero zuk fiskalizatzeko?, esan zion alkateari. Horri erantzunez alkateak esan zuen, herriko alkate baten betebeharra dela udaletxetik ateratzen den informazioa zein den jakitekoa. Horrek ez du esan nahi zinegotzi bat joaten bada informazioa eskuratzeko eskubidea ez duenik baizik eta informazio hori zein den jakiteko eskubidea izan behar duela alkateak. Bide batez eskatu zion Jon Redondori erretiratzeko alkateak ez diela uzten informazioa ateratzen, hori gezurra da, alkateak eskatu duen bakarra da zer ateratzen den jakitea kudeaketa lan on bat egiteko.
Azkenik, herritarrek, Zaraguetako erabakiari buruzko iritzia emateko hartu zuten hitza. Esan denez, dirua badago udalean eta gutxi gorabeherako aurrekontu bat baduzue eta publikoa den neurrian badakizue Udalak erdia baino gutxiago gastatzen duela eraikin edo obra hori egiten. Hortaz, hainbeste kostatzen da konpromisoa hartzea eta plenoan onartzea jakinda hainbesteko kostua ez duela izango? Baiezkoa jasoz gero, lasaitasun bat jasoko genuke, esan zuen herritar batek. Alkateak esan zuen konpromisoa hartzen dutela, baina zehaztasun gehiago behar dutela. Jon Agirresarobek, berriz, jakinarazi zuen Hezkuntza Sailaren atzetik ibili direla plenoaren aurretik hitzarmena lortzeko, baina ez dugu lortu oporretan daudelako eta hori lortzean segurantzia izango dugu zenbat diru mugitu behar den eta orduan mugituko ditugu, diru publikoa arduraz kudeatu behar dugulako. Zaraguetako guraso batzuek ere erabakia lehen bailehen hartzeko nahia azaldu zuten.