Pernando Amezketarraren antzezlan musikatua egingo dute aizarnazabaldarrek ostiralean

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 27a

Aizarnazabalgo Adiskide Bertso Elkarteak emanaldi berezi bat antolatu du ostiral gauerako. Herriko plazan, 22:00etan hasita, Pernando Amezketarrari buruzko antzezlan musikatua eskainiko baitute. Bertan, Pernandori buruzko pasadizoak taularatuko dituzte. Gainera, pertsonaiaren bertsoak ere entzun ahalko dituzte bertara joaten direnek, beti ere, bertsoei musika jarrita. Herriko hamabost bat lagun inguruk hartuko dute parte ikuskizunean. Bertso elkarteko kideak zein ingurukoak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. Pello Zabala ere izango da antzezlanean, «gonbidatu berezi» gisa. Pernando Amezketarraren ondorengoa da Zabala. Doan izango da sarrera. «Aizarnazabaldarrak nahiz inguruko herrietako bizilagunak gonbidatu nahi ditugu», dio Mikel Aiertza antolatzaileak. Ekimenak, urtero Aizarnazabalgo Adiskide Bertso Elkarteak hamabi urte inguru darama era guztietako ekimenak antolatzen herrian: bertso eskola, festetako bertso saioa, txupinazoko bertso antzerkia, santaeskea, besteak beste. Egoitza berria dute orain, eta horrekin batera erronka berriak finkatzeari ekin diote. Hemendik aurrera, urtero antzezlan bat egiteko asmoa daukatela dio Aiertzak. «Gure helburuetako bat urtero bertsolari ezagun baten inguruko emanaldia antolatzea izango dela erabaki genuen. Aurten Pernando Amezketarra aukeratu dugu, haren inguruan jakinmin handia dagoelako, eta haren berri asko ez dakigulako». «Taularatuko dugun guztia ez da, agian, egia osoa izango», garbi utzi dute. «Izan ere, liburuetatik hartutakoez gain, beste hainbat gauza gehitu dugu». Emanaldi hori egin ahal izateko, emandako pausoak azaldu ditu Aiertzak. «Lehenik eta behin, Mintzola etxeko Xenpelar dokumentazio zentrora joan ginen, Pernandoren inguruko informazioa biltzera». Han beharrezkoak zituzten liburuen edo webguneen berri jaso ondoren, haietan zegoen informazioa biltzeari ekin zioten. «Besteak beste, Joxe Mari Oterminen, Antonio Zabalaren, eta beste batzuen liburuetatik atera dugu informazioa». Hori guztia egitea lortu zutenean, antzelaneko parte-hartzaileen bila hasi ziren. Eta horretarako, herritarrengana jotzea erabaki zuten. «Herriko jendea mugitu dugu emanaldian parte har dezan». Horrez gain, antzezlaneko «ohorezko gonbidatuari» ere eskatu zioten laguntza; Pello Zabalari, alegia. Izan ere, Arantzazura joan ziren Zabalari euren proiektua erakutsi eta ekarpenak egiteko eskatzera. Antzezlanaren ideia gustatu, eta lagundu egin die guztia aurrera atera ahal izateko. Antolatzaileak pozik daude frailea bertan izango delako: «Bera ere bertan izango dela esan digu. Hori aberasgarria da bai guretzat, bai emanaldiarentzat».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide