Euskal kostaldea zeharkartuz, garaiko arrantzaleen bizimodua eta jarduna gogora ekartzea du helburu Trophée Teink batel zeharkaldiak. Hemeretzigarrenez, hainbat abenturazalek Bilbotik Donibane Lohizunera dauden 80 milia osatuko dituzte, sei etapetan banatuta. Bihar arratsaldean, 16:00ak inguruan, Zumaian egingo dute geldialdia.
Astelehenean ekin zioten itsas ibilbideari, Bilbo-Getxo zatia osatuz; atzo, Getxo-Bermeo egin zuten; gaur, Bermeo-Elantxobe-Lekeitio; eta bihar, Lekeitio-Mutriku-Zumaia. Helmugara iritsi aurreko azken bi etapak honako hauek izango dituzte: bihar, Zumaia-Donostia, eta etzi, azkenik, Donostia-Hendaia-Donibane Lohizune.
Ipar eta Hego Euskal Herriko 70 arraunlari inguru ari da parte hartzen estropadan, hiruko taldetan banatuta.
Egunero bospasei orduz aritzen dira arraunean. Hala ere, etapako zati bat baino ez dute hartzen kontuan sailkapenerako; zati hori ordubete pasatxo baino ez da izaten. Gainerako denbora, bien bitartean, talde bakoitzak hurrengo portura iristeko behar duena izaten da. Txapelketa gisa jokatzen bada ere, antolatzaileek lagunarteko izaera eman nahi izaten diote ekimenari.Oroigarriaz gain, ez dute sari ekonomikorik banatzen. Euskal kostaldeko arraunzaleen arteko topagunea litzateke; hau da, Kantauri Itsasoko batelen erabilera suspertu eta sustatzeko ekimena.
Lehenengo bidaia
Trophée Teink proiektua 1992an sortu zen, Philippe Martiarenaren ekimenez. Pascal Hariscain eta Alexandre Duverger lagun zituela, hirukoak Donibane Lohizunetik Bilbora bidaiatzea erabaki zuen, portuz portu geldialdiak eginez, Teink izeneko batelaren gainean.
Esperientzia hura jendeari zabaltze aldera, hurrengo urtean lehen Teink saria antolatu zuten. Kasu horretan, alderantzizko ibilbidea zehaztu zuten, lau etapetan banatuta. Lehen aldi hartan zazpi batelek hartu zuten parte. Urteak aurrera egin ahala, egitasmoa garatzen nahiz aldatzen joan da, etapa gehiago jokatuz eta parte-hartzaileen kopurua ere areagotuz; gehienak, ordea, Ipar Euskal Herrikoak dira.