Bost aizarnarrek epailearen aurretik igaro behar dute, ‘Aitzbarna auzia’ dela-eta

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 27a

Urriaren 6an joan beharko dute deklaratzera bost aizarnarrek herriko elkartearen, Aitzbarnaren, inguruko auzia medio. Hasiera batean gaur ziren epailearen aurretik igarotzekoak, baina azkenean datorren ikasturtera atzeratu diete eguna. Bost pertsona deitu dituzte deklaratzera, Prudencio Auzmendi apaizak Azkoitiko ertzain-etxean jarritako salaketagatik. «Beste delituak» egin dituztela dio salaketa orriak, zehaztasun gehiago gabe. «Epaitegira deika ibili ondoren jakin dugu zergatik gauden egoera honetan. Elkartea itxi ondoren sartu egin garela esan digute, eta, gainera, ateko zerraila aldatu dugula ere badiote», jakinarazi du Joxe Mari Gurrutxagak, auziperatuetako batek. Euren kontrako balizko frogei dagokienean, zein diren ez dakiela adierazi du. Oraingoz jasotako informazioaren arabera, «akusazioa nahiko sinplea» dela esan du. «Gainera, ez dute zehaztu gu ginenik sartu ginenak. Izen batzuk eman behar omen zituenez, gureak esan zituen, batzuk emate aldera». Iazko ekainean edo uztailean jarritako salaketa da. «Zertarako itxi duen, berak [Prudencio Auzmendi apaizak] jakingo du. Urtenete darama itxita elkarteak; hori da egia. Hasiera batean etxebizitzak egitea pentsatu zuen, baina Udalean kontsultatu du, eta hortxe gelditu da gaia. Beraz, norentzako gelditu da itxita? Jendea hara sartu izan denean lokala txukuntzeko eta ongi jartzeko izan da». Iazko martxotik itxita 2010eko martxoaren 12an itxi zuten Aitzbarna elkartea, epailearen aginduz. Hilabete geroago, elkarretaratzea egin ostean, 50 bat herritar elkartera sartu ziren protesta gisa. Ordutik gehiagotan ere sartu da jendea, eurena dela aldarrikatuz. Duela 39 urte sortu zuten elkartea, aizarnarren bilgunea, kultur jardunen gunea izateko helburuarekin. Egun ez dute kultur gunerik aizarnarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide