Fotomuntaiaren aitzindarietako bat izan zen Raoul Hausmann artista austriarra. 20ko eta 30eko hamarkada bitartean Berlinen loratu zen mugimendu dadaistaren erreferente izan zen, Hannah Höch eta Johannes Baader bezalako sortzaileekin batera. Mugimendu honek –eta, batik bat, Hausmannek– collagean eta muntaietan oinarritutako arte adierazpide berriari eman zion bide. Artistaren sorkuntza ezagutzera emate aldera, Photomuseumek Raoul Hausmann Argazki lanak / 1927 tik 1957 arteko argazkiak izeneko erakusketa zabaldu du, irailaren 11ra arte.
Hausmannek 1927an ekin zion modu serioan argazkilaritzari. Bere ekarpena berehala zabaldu zen, eta propaganda politikorako nahiz publizitarerako erabiltzen hasi ziren garaiko artistak. Berak ere salaketa politikorako baliatu zuen. II. Mundu Gerraren atarian, Alemaniatik ihes egin behar izan zuen, judua zelako; lehenik eta behin Eivissara, eta ondoren, Pragara, Parisera eta, azkenik, Limogesera. Erbestean ere argazkiak lantzen jarraitu zuen. Ondare gisa, 2.000 negatibo eta argazkilaritzariburuzko 60 idazlan baino gehiago utzi zituen.
Hiru zatitan banatuta
Zarauzko erakusketan egilearen 60 lan inguru jaso dituzte, hiru zatitan banatuta dago. Lehen zatian, 30eko hamarkadan A bis Z izeneko magazinean argitaratutako bi argazki-muntaia ikus daitezke. Batean, ikuspegi fotografikoaren eta gizakiaren inguruko gogoeta teorikoak aurkezten ditu. Bestean, adimenaren eta materiaren sintesia egiten du, 1932koa Ombres (Itzalak) argazki sailaren bitartez. Erakusketan aipatutako irudien kopiak daude ikusgai.
Bigarren zatia irudiz jositako argazki saiakera handi bat da, baita argazki gehien jasotzen dituen atala ere. Bere sorkuntza artistikoarekin paralelo, 1926tik aurrera Hyle izeneko eleberria idazten hasi zen Hausmann, eta idazlan hori ilustratzeko erabilitako irudiak dira atal honetan ikus daitezkenak. Bestea beste, objektuak, akzioak, erretratuak, paisaiak, landareak, biluziak eta arkitektura erakusten dituzte honako argazki hauek.
Hirugarren atalak artistaren lanik berantiarrenak biltzen ditu; fotocollagera bueltatu zen garaiko sorkuntzak, alegia. Sasoi horretan, 40ko eta 50eko hamarkadan, aurreko hamarkadatako bere argazki propioak erabili zituen, eta hainbat eratako argazki materialekin uztartu zituen. Collage horien bitartez, bere historia propioa biziberritu zuen.
