Eskualdearekin zuzenean lotutako artelanak egiten hasi da Natxo Kareaga (Bilbo, 1957). Zarauzko bizilaguna ofizioz ez, baina senez da artista. Aiako Altxerri eta Zestoako Ekain kobazuloetako margoen erreplikak egin ditu. Zaldien irudiak dira, nagusiki. Harri fosilizatuetan, eskuz margotzen du, pigmentu naturalak erabiliz. Lan bakoitza «bakarra» da, eta helburua, «jendeari ingurune hurbilean duen errealitatea gerturatzea».
Tamaina txikiko harrietan marrazten dituzu kobazuloetako margoen erreplikak.
Bai. Pertsona heldu baten eskuaren tamainakoak dira, gutxi gorabehera. Alemaniatik ekartzen duten harri mota bat erabiltzen dut euskarri moduan. Euskarri egokia iruditu zitzaidan; eramangarria, erabilgarria. Fosilak dituzte harriek, eta fosil horiek marrazkiak utzi dituzte harrietan. Fosil horiek utzitako hutsuneetan egiten ditut nik animalien marrazkiak. Hutsuneari ondoen dagokion animali irudiak hautatzen ditut.
Marrazkiak benetako margoen erreplikak dira. Nondik kopiatzen dituzu?
Senide batek utzitako Munibe eta Altunaren liburuetatik hartzen ditut irudiak. Harriaren tamainaren arabera moldatzen dut irudiaren tamaina ere, baina, bestelakoan, errealitatea islatzen dut. Aldaketa bakarra kolorea da. Batzuei indartu egiten diet, eta benetakoek desagertuta baldin badute, asmatu egiten dut.
Egiten duzun lan honek zein helburu du?
Gure inguruneko zerbait jendeak gertuago, eskuragarriago izan dezan saiatzen naiz. Lan bakarrak izateaz gain, iruditzen zait gure inguruneko piezak direla. Alde batetik Aia dugu, Altxerrirekin, bestean Ekain dugu. Eta, ezagunak diren arren, uste dut errealitate hori gertu izatea eta ikustea beste gauza bat dela.
Zeuri zer sentiarazten dizute Ekaingo eta Altxerriko irudiek?
Beste hainbat kobatan egona naiz, Frantzian, Espainian Asturiasen, Santanderren… Eta hemengo marrazkiak nahikoa ezohikoak dira.
Zein zentzutan?
Ez dakit. Niri, adibidez, Lascaux-eko (Frantzia) koban dauden zaldiak baino gehiago gustatzen zaizkit hemengoak. Marrazkia askoz errealagoa da; itzal formak daude, eta, batzuetan, bisontea belar altu artean sartuta ageri da, eta ez zaio burua ikusten. Marrazkietan pertsonak agertu ez arren, animalien irudiak oso errealistak dira. Kalitate handiko marrazkiak direla iruditzen zait.
Arkeologia oso gustuko omen duzu.
Betidanik gustatu izan zait. Orain urte batzuk ur azpiko arkeologia egiten nuen hobby moduan; oporretara joaten naizenean ere, beti bisitatzen ditut kobazuloak.
Ekaingo eta Altxerriko margoei buruz honelako lan bat egin duen aurrena zara, ezta?
Bai, eta bateren batek esan dit pieza guztiei jarri beharko niekela pieza originalak, bakarrak, direla dioen zerbait.
Ekainen kasuan, bada museo bat: Ekainberri. Haiekin harremanik ba al duzu?
Bai. Neu hurbildu nintzaien Ekainberrikoei. Haien iritzia entzun, eta errealitatea errespetatzen ari ote nintzen jakin nahi nuen. Esan nien, kolorea baino ez nintzela ari jartzen neure aldetik.
Zer irizten diote zure lanari museokoek?
Gustatu egin zaie, eta hiru pieza hartu dituzte museoak herrian duen dendarako. Orain arte laminak eta halakoak bazituzten, baina harria apartekoa da.
Ekaingo kobazuloan hegazti itxuran landutako hezur zati bat aurkitu zuten, 14.000 urte inguru dituena. Horren erreplika egiten ere saiatu zara, ezta?
Horretan ari naiz. Animalia hezur bat hartu dut nik ere, ahalik eta antzekoena izan dadin. Horregatik gustatzen zait lan hau, errealitatea errespetatzen duelako.
Zestoan eta Zarautzen jarri dituzu orain arte zure lanak ikusgai eta salgai. Zer moduz erantzun dute herritarrek?
Zestoara Ekaingoak bakarrik eraman nituen. Zarautzen, berriz, artisautza egunean, Altxerrikoak ere banituen Ekaingoekin batera. Zarautzen hiru lan saldu nituen, eta bat oparitu, eta Zestoan ere, Ekainberrikoek erosi zizkidaten.
Orain Munoa Plazako artisau azokan hartuko duzu parte, etzi hasi eta abuztuaren 7ra bitartean.
Ekaingo eta Altxerriko margoen erreplikekin batera, zerbait anakronikoa aurkezteko asmoa ere banuen bertan. Keinu gisara. Pentsa, pendrive bat jartzen badut, edo ordenagailuko sagua, halako fosilen bat aurkitu izan balitz bezala… Baina ez dakit denborarik emango didan horretarako. Ea laupabost pieza egiteko aukera izaten dudan.
Azoketan parte hartzea erraza al da artisauontzat?
Egia esan, nik ez daukat azpiegiturarik; oihala erosi behar da, eta atzeko zatia, eta mahaia, eta hau eta bestea. Gainera, esan didate zenbait azokatan postua jarri ahal izateko 1.000 euro ordaindu behar dela. Alemanian eta beste herrialde batzuetan, berriz, instituzioek sostengatu egiten dituzte artisauak. Nik ez ditut oso gustuko laguntzak, baina promozioa egin dezakete. Asko hitz egiten da I+G+B Ikerkuntza, Garapena eta Berrikuntzaz. Baina zuk zerbait berria sortu baduzu, zailtasunik behintzat ez zenuke izan behar lan hori erakusteko.
Eta badaudela uste duzu.
Taldeak, interesak… eta halakoak baldin badaude, eta zuk aurre egin ezin diezun prezioak jartzen badituzte azoka batean parte hartu ahal izateko baldintza bezala, ia-ia kaleko merkatua egin behar duzu, oso oinarrizkoa. Baina nik ere ez daukat ekoizpen handirik edo seriean egiteko asmorik. Izan ere, seriean ekoitziko banu, bakarra izateari utziko lioke nire lanak.
Krisiak artisauoi ere eragingo zizuen, gainera, ezta?
Esan bezala, ekoizpen handiak egin ezean, honetatik bizitzen saiatzen dena gosez hilko da. Baina hori eskulangitzaren kontra doa.
Hortaz, ezin da honetatik bizi.
Pieza bati eskainitako denbora, materiala eta dena kontatu gabe jarri diet prezioa nire lanei. Prezio xumea dute nire ustez; eskainitako denbora kontuan hartu izan banu, beste prezio bat izango luke. Baina ez dut uste irteerarik izango lukeenik nire lanak.
Eta, hala ere, lanak egiten eta jendeari eskaintzen jarraitzen duzu.
Nire kasuan, sortzeko beharrak eramaten nau lanak egitera. Betetzen nauen zerbait egin nahi dut, etzi hil aurretik.
Ez duzu osperik nahi, baina bai jendearen eta erakundeen kontzientziak astindu.
Horrexegatik onartu dut elkarrizketa, mezuren bat zabaltzeko balioko duelakoan. Artearen autonomoa hiltzeko zorian dago, eta halakorik ez badugu nahi, erraztasunak eman behar zaizkio artistari.
Birziklatzeak garrantzia du zure artean.
Bai, ahal dudan guztia aprobetxatzen dut. Dena erosi behar banu, garesti aterako litzaidake; lanik gabe nago momentu honetan. Margoak eta euskarriak birziklatuz, berriz, posible da materiala itxuraldatu eta nahi dudana egitea. Birziklatzearen maniatikoa samarra naiz. Marrazteko, pintzelen ordez hortzetako eskuila ere erabiltzen dut, pentsa.
Truke zalea ere ba omen zara.
Bai. Gehiago interesatzen zait trukearen merkatua dirua bera baino. Aurrekoan, sarri joaten naizen arrandegi batean esan nien hemengo kobazuloetako hormetan bazeudela arrainen marrazkiak. Ez zekiten halakorik bazenik, baina hiru daude: amuarrain bat, oilar bat eta erreboilo bat. Ekainen amuarraina
dago, besteak Altxerrin. Hala, trukea eskaini nien: eurek bizirik dauden piezak ematea, eta nik, margotutakoak.
Onartu al zuten tratuta?
Atsegin handiz.