Gogotik ari dira ospatzen Santio Eguna Aiako Santio Errekan. Asteburuko ajea pasata eta eguraldi txarra egin arrea, lagun ugari bildu da auzoko frontoian herri kirol erakustaldia ikustera. Harrijasotze eta aizkora probak egin dituzte, Ander Beldarrain eta Eider Iraola trikitilariek girotuta. Urtzi Telleria, Josetxo Urrutia eta Joseba Ostolaza aritu dira harrijasotzen, besteak beste, eta aizkoran, berriz, Joxe Anjel Zubieta, Aitzor Atutxa, Joxe Etxebeste eta Joxe Mari Olazagasti. Aurrez, Luis Atxegari omenaldi xumea egin diote. Ander Erraztik agurra dantzatu dio.
Gau partean Izer eta Alabierren eskutik erromeria izango da auzoan. Bihar, berriz, Santa Ana Eguna ospatuko dute, eta 10:00etan meza izango da. Larunbatean, hilak 30, pasa den ostiralean oilasko biltzen jardun zutenek afaria egingo dute Portu erretegian, eta jarraian Kupela taldearen eskutik erromeria izango da. Igandean Herri Pilota Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte, eta ondoren herri kirol jaialdia izango da.