Zarautzen gaur eguerdian hainbat preso ohiek, presoen senideek, surfistek, arrantzaleek eta herritar desberdinek egin duten agerraldian euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioak deitu dituzte hurrengo larunbaterako.
Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatuta, aurten Urola Kosta eskualdean Zarautzen soilik egingo dituzte mobilizazioak. Hori hala, hilak 30ean euskal presoei elkartasuna adierazteko hondartzan giza katea osatu eta argazki erraldoia aterako dute, besteak beste.
Agerraldian eskualdeko 22 preso ekarri dituzte gogora, eta sakabanaketa politikoaren ondorioz bizi duten “eskubide urraketa larria” salatu dute; “20 urtetik gora dirauen sakabanaketa politika, zigor osoa beterik edota gaixotasun larria izanik presoak espetxean mantentzea, askatasun kondizionala desagertzea, presoen aurkako xantaia etengabea, leku aldatze arbitrarioak, jipoiak, isolamendua eta bakartzeak bezalako neurriek, sufrimendua, suntsipena, mendekua eta gatazkaren luzapena baino ez baitute eragiten”.
Egin Dezagun Bidea ekimenak adierazi du egungo espetxe politikarekin amaitzeko garaia iritsi dela, eta horretarako “giltza” herritarrek dutela nabarmendu dute: “Bide horretan lehen mugarria muturreko egoerak altxatzea izango da; gaixorik dauden edo zigor osoa betea duten presoak kaleratzea, hain zuzen ere”.
Zentzu horretan, “bizi arteko dotrinaren aplikazioaren ondorioz” kartzelan dauden Maritxu Uzkudun errezildarraren, Juan Karlos Arruti Paterra azpeitiarraren, Juan Mari Igarataundi zestoarraren eta eta Joxe Mari Perez Txuri zarauztarraren egoerak salatu eta horien “berehalako” askatasuna aldarrikatu dute. Izan ere, preso horiek zigorra beteta badute ere, dotrinaren eraginez zortzi, hamar edota hamabi urtez luzatu zieten espetxealdia.
Hurrengo larunbatean “euskal presoen eskubideak errespetatu ditzaten eta euskal herriratuak” izan daitezen eskatu dute Zarautzen; horretarako, 12:00etan Munoa plazan elkartuko dira, eta ondoren hondartzan giza katea osatuko dute, Argiñano jatetxe parera arte. Gero, Munoa plazan argazki jentsetsua ateratzeko asmoa dute, eta azkenik eguerdian mokadutxoa jango dute, Musika plazan.
Egin Dezagun Bidea Euskal Herri mailako ekimena da, eta aurten mobilizazioak Urola Kosta eskualdean Zarautzen egingo badituzte ere, antolatzaileek eskualdeko herrietako txoko guztiak ere “elkartasuna saretzea” nahi dute; hala, herri guztietan maindireak jartzeko deia egin dute.
