Bisiguaren Festak izandako arrakasta gustura hartu dute Orioko Udalean eta ekitaldi eta otorduetan jende askok parte hartu duenez, jaiak aho-zaporea gozoa utzi diela esan du Beñat Solaberrieta alkateak. Halere, autokritika egiteko ere baliatu dute komunikabideetara bidalitako prentsa oharra esanez, denbora gehiagorekin beste dinamika batzuk abiaraziko lituzketela, baina aurten ez dela posible izan. Batez ere, erabateko parte-hartze prozesua martxan jarri ez izanak penatu gaitu, esan du alkateak. Hala ere, aurreratu du datorren urtean Bisiguaren Festaren bosgarren edizioa izango dela eta herritar guztiei zabaldutako bilera irekiarekin hasi behar direla jaialdia antolatzen, San Pedro eta San Nikolasen pare; herriak antolatuta eta herriak bizitzeko.
Bisiguaren Festa, datutan
Orioko Udalak emandako datuen arabera, Bisiguaren Festak 60.000 euro inguruko aurrekontua izan du. Espero dute, aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako diru-laguntza jasotzea Arrantzale Kofradiaren bidez. Beraz, alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio Arrantzale Kofradiari. Gainontzeko dirua otorduetako txartelen salmentarekin, marmitako eta hegaluze pintxoekin eta publizitate euskarrien bidez jaso dute eta horrela aurrekontua orekatu. Izan ere, Bisiguaren Festak gastu ugari ditu: katering zerbitzua, bisigua eta beste jan-edanak, sukalderako eta zaintzarako langileak, muntaia gastuak eta publizitatea eta komunikazio kanpaina bideratzeko enpresa.
Diru kontuak bai, baina gainontzean festa ere zenbakitan laburbildu dute antolatzaileek:
-
Bost otorduetan 1.050 pertsona.
-
500etik gora bisigu –aurtengo edizioan herriko Oriomar arrandegiak jarri ditu bisiguak eta parrilleroak oso gustura geratu dira produktuaren kalitatearekin.
-
1.200 marmitako razio eta 550 hegaluze pintxo banatzeko 300 kilo hegaluze. Hori guztia prestatzeko 30 bat lagun aritu dira lanean musu-truk.
Bisiguaren Festako ardatza otorduak izan arren ekitaldi osagarriak ere arrakastatsuak izan
direla adierazi dute, eta guztien artean pintxo zirkuituarena nabarmendu dute.
Tabernari guztien balorazioa jaso ez badute ere, oro har irakurketa positiboa egin dute: Halako egunak herrian
kontsumitzeko ohitura zabaltzeko aprobetxatu behar dira eta zentzu horretan,
bete betean asmatu dugu moila gainean zegoen karpa kentzen. Bestalde, Bisiguaren
Bandera plaza paretik hastea begi onez ikusi dute herritarrek, jende dezente
urreratu baitzen moila eta zubi ingurura, esan du alkateak. Hobetzekoen artean jaia
plazatik herriko beste txokoetara mugitzeko beharra azpimarratu dute.
Hona hemen Bisiguaren Festa argazkitan.