Inoiz baino igerilari gehiago lehiatuko da zeharkaldian

Zarauzko Hitza 2011ko uztailaren 22a

Igandean jokatuko dute  Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Aurtengoa XLI. lasterketa izango da, eta antolatzaileen arabera, inoizko parte-hartzerik handiena izango du. Izan ere, 1.400 pertsonak eman dute izena. «1.400 lagunetan jarri genuen muga, asko eta asko parte hartzeko aukerarik gabe geratu dira. Gainezka egin digu. Aparra bezala, gora egin du», nabarmendu du Zarautz Balea Igeri Taldeko zuzendari Erramun Etxabek: «Jendea gustura etortzen den erakusle da hori. Poz handia ematen digu horrek». Etxabek jakinarazi duenez, 1.322 helduk hartuko dute parte zeharkaldian; horietatik 300 emakumezkoak izango dira. Horiez gain, 88 gaztetxo lehiatuko dira. «Proba herrikoia den arren, azken urtean sona irabazi du, eta maila handiko kirolariak etortzen dira», adierazi du igeri taldeko zuzendariak. Ildo horretatik, emakumezkoei dagokionez, Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak eta Junkal Irigoien igerilari donostiarrak  hartuko dute parte, besteak beste. Gizonezkoetan, 2008an eta 2010ean Getaria-Zarautz zeharkaldia irabazi zuen Adnan Mustafic getxoztarra eta Luis Goñi iazko Gipuzkoako Distantzia Luzeko irabazlea lehiatuko dira etzi.  «Horiek aurrean ibiliko dira, baina inoiz ezin da jakin nork irabaziko duen. Sorpresa asko egon daitezke», gehitu du Etxabek. Horiez gain, atzerritik ere bertaratuko dira, etziko hitzorduan parte hartzeko. «Kataluniar asko etortzen da, baita atzerritarrak ere. Iaz, esaterako, Kaliforniatik eta Mexikotik iritsi zitzaizkigun kirolariak», azaldu du. Helduak zein gazteak Hala, maila [...]

Igandean jokatuko dute  Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldia. Aurtengoa XLI. lasterketa izango da, eta antolatzaileen arabera, inoizko parte-hartzerik handiena izango du. Izan ere, 1.400 pertsonak eman dute izena. «1.400 lagunetan jarri genuen muga, asko eta asko parte hartzeko aukerarik gabe geratu dira. Gainezka
egin digu. Aparra bezala, gora egin du», nabarmendu du Zarautz Balea Igeri Taldeko zuzendari Erramun Etxabek: «Jendea gustura etortzen den erakusle da hori. Poz handia ematen digu horrek».
Etxabek jakinarazi duenez, 1.322 helduk hartuko dute parte zeharkaldian; horietatik 300 emakumezkoak izango dira. Horiez gain, 88 gaztetxo lehiatuko dira. «Proba herrikoia den arren, azken urtean sona irabazi du, eta maila handiko kirolariak etortzen dira», adierazi du igeri taldeko zuzendariak. Ildo horretatik, emakumezkoei dagokionez, Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak eta Junkal Irigoien igerilari donostiarrak  hartuko dute parte, besteak beste.
Gizonezkoetan, 2008an eta 2010ean Getaria-Zarautz zeharkaldia irabazi zuen Adnan Mustafic getxoztarra eta Luis Goñi iazko Gipuzkoako Distantzia Luzeko irabazlea lehiatuko dira etzi.  «Horiek aurrean ibiliko dira, baina inoiz ezin da jakin nork irabaziko duen. Sorpresa asko egon daitezke», gehitu du Etxabek. Horiez gain, atzerritik ere bertaratuko dira, etziko hitzorduan parte hartzeko. «Kataluniar asko etortzen da, baita atzerritarrak ere. Iaz, esaterako, Kaliforniatik eta Mexikotik iritsi zitzaizkigun kirolariak», azaldu du.
Helduak zein gazteak
Hala, maila guztietako kirolariak hartuko dute parte lasterketan: seniorrak, masterrak, beteranoak eta gaztetxoak. Gazteak 10:00etan ekingo diote itsas-zeharkaldiari, Zarauzko moilatik hondartzarainoko ibilbidea egin beharko dute igerian; guztira, 800 metro.
Helduak, berriz, 11:00etan abiatuko dira Getariako Malkorbe hondartzatik , eta 2.850 metro egingo dituzte igerian, Zarauzko Munoa plaza pareraino. «Aurten ordubete aurreratu dugu lasterketa. Izan ere, marea biziak dira ,eta itsasgora 10:00etan izango da. Lasterketa hasterako marea jaisten hasiko da. Ur asko izango dute, hala ere», azaldu du Etxabek.
Taldeka aterako dira Getariatik, azkarrenak lehenengo. Hala, txano beltzekoak (ibilbidea 45 minutu baino gutxiagoan egiten dutenak) irtengo dira lehenengo; berdezkoak (bidea 45-52 minutuan egiten dutenak) jarraituko diete;  txano txuridunak (2.850 metroak 52 eta 60 minutu bitartean egiten dutenak) jarraituko diete berdezkoei, eta laranjazkoak irtengo dira azken postuan, ibilbidea ordubetetik goran egiten dutenak, alegia. Aurreko taldearekiko bost minutuko tartearekin aterako da taldea bakoitza.
Txipak eta autobusak
Parte-hartzaileek gaurtik igandera bitartean jaso ahalko dituzte txipak; gaur eta bihar 10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era taldeak kiroldegian duen egoitzan, eta txapelketaren egunean bertan, berriz, 08:30-10:00etara Munoan. Getariara joateko autobusa, berriz, Eguzki taberna paretik aterako da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide