Elan Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak Hegoari Begira jardunaldiak antolatu ditu hamahirugarren urtez. Herrialde pobreetako errealitatea ezagutarazteko asmoz, aurten Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundearen laguntza izan dute, eta Indiako emakumeen inguruko erakusketa jarri dute Getariako Gure Txeru aretoan.
Saritik harantzago. Indiako emakumeak ekitadearen bidean izenpean, herrialde horretako emakumeen hogeita hamar argazki inguru ikus daitezke aretoan, hilaren 31era bitartean. Calcuta Ondoan erakundeko kide Edurne Gallok adierazi du erakusketak bi helburu dituela:
«Batetik, Indiako emakumeen errealitatea salatu nahi dugu, eta bestetik, emakumeek euren kabuz errealitate horretatik ateratzeko gai direla azaldu nahi dugu».
Erakundeko boluntarioek azken urteetan atera dituzten argazkiak jarri dituzte erakusgai Getarian. Galloren ustez, probeziaren alderdirik gogorrena emakumeek jasaten dute, baina egoera horri aurre egiteko jorratutako bidea nabarmendu du kideak. «Indiako emakume askok egoera larria bizi dute, eta diskriminazioari aurre egiteko lan egiten dute, eta proiektuak garatzen dituzte». Hala, borroka horri erreferentzia eginez, argazkiak «modu positiboan» landu dituzte. «Emakumeak dira protagonista nagusiak. Indarkeriaren eta bereizkeriaren aurrean bide alternatiba propioak landu dituzte, bilerak eginez eta euren eskubideak aldarrrikatzeko egitasmoak sortuz». Une horietako irudiak jaso ditu Calcuta Ondoan erakundeak.

Indiako emakumeei ekonomikoki laguntzen die Calcuta Ondoan erakundeak, baina hezkuntza ere badu ardatz. Hala, emakumeak indartzeko asmoz, autolaguntza taldeak antolatu ohi dituzte. «Hamar-hamabi emakumek osatutako taldeetan antolatuta, euren kontuak kontatzeko espazioa sortzen dute». Era berean, eztabaida gune horietan parte hartzen dutenek diru kopuru «txiki bat» jarri ohi dute, poltsa modura. Behin zakua betetzen dutenean, hainbat jardueratarako erabiltzeko aukera dutela argitu du Gallok: «Batzuetan denda txiki bat sortzen dute, edota animaliak erosten dituzte». Ondoren, eskatutako mailegua itzuli, eta etekinak emakumeentzat eurentzat izaten direla adierazi du, «gizonezkoen beharretara» bideratu gabe.
Bitartekaririk gabeko denda
Erakusketaz gain, bidezko merkataritzaren inguruko denda ere jarri dute Gure Txeru aretoan. Emaus taldeak utzita, mota askotako produktuak jarri ditu salgai Elan Euskadi erakundeak. Elikagaien artean, kafea, kakaoa,
azukrea, gailetak edota mermelada eros daitezke, baina etxerako tresnak eta hornidurarako objektuak ere eskura daitezke dendan.
Erakusketa eta bidezko merkataritza denda 19:00etatik 21:00etara egongo da irekita, egunero, hilaren 31era bitartean. Jai egunetan, ordea, 12:00etatik 14:00etara bitartean ere irekiko dute.