Hamarkada bat bertsotan, Motxian Bertso eskolarekin

Aritz Mutiozabal 2011ko uztailaren 19a

Motxian Bertso Eskolak bertsoz jantziko du herria etzitik larunbata bitartean. X. Bertso Astea antolatu du, eta hamargarrenari «gogoz» heldu diotela adierazi du bertso eskolako kide Iñigo Manzisidor Mantxik: «Aurten, jende gaztea sartu da taldean. Belaunaldi berria, hain zuzen ere. Asko Etxebeltz Bertso Eskolatik Motxianera pasatu dira, eta beste bizpahiru, berriz, zuzenean gugana etorri dira. Hauek inplikatuta ikusten ditugu, eta, ondorioz, guztiok ere animoso». Urteroko moduan, Bertso Sorta Musikatuarekin emango diote hasiera asteari. Ekitaldia etzi iluntzean izango da, Torre Luzeako parkean, eta, beti bezala, kafea eta patxarana etxearen kontura izango dira. «Aurten, gainera, kide berriek ere kantatuko dute. Beraientzat lehen aldia izango da, eta, egia esan, gustura dabiltza ikuskizuna prestatzen», jakitera eman du Mantxik. Guztira, hamaika bertso sorta aurkeztuko dituzte; besteak beste, Txirrita, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta bertso eskolako kideenak. Bertsolaritza haurrei gerturatze aldera, Aizarnazabalgo Bertso Eskolak antzerki emanaldia eskainiko du ostiral arratsaldean, Torre Luzeako parkean. Gauean, toki berean, Bertsolari Gazteen Saioa egingo dute lehen aldiz. Bertso eskolan sartu berri diren gazteen ekimenez, eskolarteko bertso txapelketan ongi aritutako zonaldeko sei bertsolari bilduko dituzte. Horien artean, Markel Izagirre zarauztarrak jardungo du bat-batean. «Nolabait esateko, beretzako lehen plaza izango litzateken saioa izango da». Larunbatean, Bertso Eguna ospatuko dute. Lege Zaharren enparantzan hamaiketakoa [...]

Motxian Bertso Eskolak bertsoz jantziko du herria etzitik larunbata bitartean. X. Bertso Astea antolatu du, eta hamargarrenari «gogoz» heldu diotela adierazi du bertso eskolako kide Iñigo Manzisidor Mantxik: «Aurten, jende gaztea sartu da taldean. Belaunaldi berria, hain zuzen ere. Asko Etxebeltz Bertso Eskolatik Motxianera pasatu dira, eta beste bizpahiru, berriz, zuzenean gugana etorri dira. Hauek inplikatuta ikusten ditugu, eta, ondorioz, guztiok ere animoso».
Urteroko moduan, Bertso Sorta Musikatuarekin emango diote hasiera asteari. Ekitaldia etzi iluntzean izango da, Torre Luzeako parkean, eta, beti bezala, kafea eta patxarana etxearen kontura izango dira. «Aurten, gainera, kide berriek ere kantatuko dute. Beraientzat lehen aldia izango da, eta, egia esan, gustura dabiltza ikuskizuna prestatzen», jakitera eman du Mantxik. Guztira, hamaika bertso sorta aurkeztuko dituzte; besteak beste, Txirrita, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta bertso eskolako kideenak.
Bertsolaritza haurrei gerturatze aldera, Aizarnazabalgo Bertso Eskolak antzerki emanaldia eskainiko du ostiral arratsaldean, Torre Luzeako parkean. Gauean, toki berean, Bertsolari Gazteen Saioa egingo dute lehen aldiz. Bertso eskolan sartu berri diren gazteen ekimenez, eskolarteko bertso txapelketan ongi aritutako zonaldeko sei bertsolari bilduko dituzte. Horien artean, Markel Izagirre zarauztarrak jardungo du bat-batean. «Nolabait esateko, beretzako lehen plaza izango litzateken saioa izango da».
Larunbatean, Bertso Eguna ospatuko dute. Lege Zaharren enparantzan hamaiketakoa egingo dute, trikitilariekin batera. Jarraian, tabernaz taberna, Bertso Txepelketari ekingo diote. Bertsolarien arteko «desafioaren» finala bazkalostean egingo dute, Egoki jatetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide