Gautxoria da Mikel Kazalis (Zarautz, 1968); gauean «pizten» da. Eta gauean sortu ohi du musika. Matxura taldearen kantuen letrak eta hainbat melodia ere berak sortu ditu; gauez, noski. Zirriborroak egin, eta beste hiru lagun zaharrekin elkartu da. Laborategi lana egin ostean, taldearen lehenengo lana kaleratu dute: Matxura. Orain defendatzea tokatzen zaie, baina horrek itxaron egin beharko du. Hala ere, urte amaierarako biran ariko direla dio Kazalisek.
Rocka eta elektronika uztartuz sortu duzue Matxura taldea. Ez da lehenengo aldia, ordea, bi estiloak batzen dituzuna.
Duela hamabost urte-edo, 2Kate taldea osatu nuen, eta eskema antzekoa zuen alde horretatik. Rocka edo gitarra jotzeko dudan modua eta base elektronikoa uztartzen genuen. Matxuran ere gauza bera egin dugu, baina hobekuntzekin. Denborarekin zerbait ikasi dugula uste dut. Gainera, oso talde potentea osatu dugu.
Ez da, beraz, 2Kateren jarraipena?
Ez. Egia esan, hainbat ezaugarri komun dute 2Katek eta Matxurak, estiloaren alorrean, batez ere. Baina oso bide ezberdinetatik joan dira biak. Orain euskarri hobeak ditugu, eta esperientzia ere bai, musika mota horretan. Aitor Abiok, Fer Apoa-k eta Txarly Diazek asko aberastu dute ekoizpena, gainera. Asko ikasi dugu. Antzematen da.
Talde polita osatu duzue. Aurrez ezagutzen dituzu. Hainbat proiektutan jardun duzue elkarlanean, ezta?
Bai, Fernandorekin (Apoa) Kuraian eta Txarlyrekin (Diaz) Anestesian jardun dut lanean. Aitor Abio ere lehendik ezagutzen nuen kontzertutatik; PiLT-rekin jotzen zuen garaitik. Bestalde, estudioan ere topo egin izan dugu, disko batzuek grabatzen. Oso tipo jatorra da, eta artista handia.
Eta nola elkartu zineten laurok?
Abesti asko eta asko grabatu ohi ditut nik estudioan, oinarri bat izate aldera. Estilo honetako 40 bat kanturen zirriborroak nituen, eta batzuk aukeratu eta forma eman nahian hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen 2Kate utzi nuenetik ez nuela alde elektronikoa gehiegi landu. Pixka bat berde nengoela ohartu nintzen, eta zerbait potentea egiteko gogoa nuen. Abiori laguntza eskatu nion orduan, berak mundu hori asko kontrolatzen baitu. Tresna ugari ditu, filtroak, efektoak eta sampler-ak, eta banekien asko aberastuko zuela nire lana. Proiektuaren berri eman nionean ikaragarri gustatu zitzaiola esan zidan, eta estudioan jolasten hasi ginen. Ekarpen ugari egin dizkio taldeari.
Bestalde, duela urte batzuk Txarlyk elkarrekin zerbait grabatzea gustatuko litzaiokela esan zidan. Deitu egin nion, eta gitarra jotzera animatu zen. Fernandori dagokionez, nire estudioan Estricalla taldearekin diskoa grabatzen ari zela nire maketako abesti bat entzun zuen. Abestuko lukeela esan zidan, eta probak egiten hasi ginen. Eta hala, bat-batean luxuzko taldea osatu genuen.
Eta, hala, laborategiko lana egin duzue.
Hala da, ez dugu lantalde normala egin, lehenengo grabatu egin dugu, eta gero entseatzen hasi. Zentzu horretan, ez gara ohiko taldea.
Bateriarik eta baxurik ere ez duzue.
Ez, oraingoz oinarri erritmikoa elektronikoa da. Elektronikari esker oso oinarri potenteak egitea posible da. Hori da neuk nahi nuena; erritmo bortitzak eta soinu indartsuak sortu, alegia. Gainontzekoa guk jotzen dugu, bi gitarrak eta ahotsa, baina oinarria makina bat da. Hori bai, guk esan diogu makinari zer egin behar duen, eta ez alderantziz.
Zuk idatzi dituzu abestien letrak.
Bai, eta misantropia (gizakiarekiko gorrotoa) eta askatasuna dira letren ardatz nagusiak, diskoko abesti gehienetan errepikatzen diren kontzeptuak dira. Horrez gain, erreferentzia asko egiten dizkiogu erlijioari. Hori konturatu gabe gertatu da. Nahiko letra ironikoak eta eszeptikoak dira.
Imanol Epelderen Komuneko paperean lanetik poema bat ere egokitu duzue .
Duela urtebete-edo, gaztetxean ikusi nuen Epelderen emanaldia, eta ikusgarria iruditu zitzaidan Ale bat erosi ondoren, gau hartan bertan jarraian estudiora joan nintzen. Zer uste zenuten? poema irakurri nuen berriro, eta gogoratu nintzen letrarik ez zuen abesti bat baneukala. Hala, letra musikarekin uztartzen hasi nintzen . Moldatu egin nuen, hitz batzuk aldatu nizkion abestiaren metrikara egokitzeko eta gau hartan bertan osatu nuen abestia. Musika Kuraiako Joseba Poncek jarri dio.
Epeldez gain, beste kolaboratzailerik ere izan duzue diskoa osatze aldera.
Oreka TX izan da beste luxuzko kolaboratzailea. Aspalditik ezagutzen nituen, eta txalapartaren inguruan egin duten lana txapela kentzekoa dela deritzot. Askotan topatu izan gara herrian, eta harremana egin dugu. Abestiak sortzen ari nintzela, elkarrekin zerbait egitera animatuko ziren galdetu nien. Prest agertu ziren, eta, hala, txalapartaren soinu inprobisatuak gehitu dizkiote Beranduegi abestiari.
Horrez gain, Ander Lipus aktorearen laguntza izan dugu. Artista gisa asko miresten dut Lipus, baita pertsona moduan ere.
Haren jarraitzaile sutsua naiz,
oiloipurdia jartzen dit, ikaragarria iruditzen zait. Hori dela
eta, diskoan parte hartzeko eskatu nion. Abesti baterako
mitin moduko bat egin genuen orduan. Orohar, oso gustura nago kolaborazioekin; luxua
izan da haiekin lan egin ahal izatea.
Bonberenea Ekintzak zigiluarekin grabatu duzue Matxuraren lehenengo diskoa.
Ekoizpenean eta promozioan lagundu digute, batik bat. Anestesiaren azken diskoa ere haiekin grabatu genuen, eta Matxuraren lehenengo diskoa grabatzeak ilusioa egiten ziela ikusi nuen. Batez ere, horretarako gogoa zutela erakutsi zidaten. Eta animatu egin ginen.

Oraingoz ezingo dugu zuzenean defendatu. Izan ere, Fernando abeslaria Estricallarekin herriz herri dabil, zuzenekoak eskaintzen. Udazken aldera-edo, bira prestatzeko asmoa dugu. Ea urte amaierarako zuzenean jotzeko moduan gauden. Zaila izango da, oraingoz diskoa soilik egin dugu, hori zuzenera eramateko lan egin beharko dugu. Behin prozesu hori pasatuta, eta bideoak eta irudiak prestatu ostean, kontzertuak eskaintzen hasiko gara.