Igor Iturainek hirugarren aldiz helduko dio alkatetzari Aian. «Pozik» dago, herritarrek beste behin konfiantza erakutsi diotelako. Eskualdean, ordea, EAJk Aian soilik eutsi dio alkatetzari, eta horren inguruan alderdiak «hausnartu» egin behar duela dio.
Negoziazio prozesua bi zatitan banatuko nuke: batetik, dietak edota Udalaz gaineko organuen kideak zehazteko erabat ados egon gara. Gobernu Batzordea eratzerako orduan ere argi genuen bi alderdiok egon behar genuela, erabaki garrantzitsuenak bertan hartzen direlako. Zentzu horretan ere ez da egon inongo arazorik. Desadostasunak alkatearen soldata adosterako orduan izan genituen, besteak beste. Orain arteko soldatari eustea proposatu genuen, eta Bilduk soldata izoztea proposatu zuen. Horrez gain, batzordeak eratzerakoan ere ez ginen ados jarri; agintaldia lau batzordetan banatu dugu, eta Kultura, Euskara eta Kirolak Saila Bilduri eskaini genion, baina taldeko kideek ordezkaritza gehiago izan behar zutela uste zuten. Nekazaritza Saila eskatu zuten. Ezetz esan genien, baina haren azpi atal batzuk eskaini genizkien. Ezetz esan zuten, ez zituztela besteek «soberakinak» hartuko. Batzorde informatiboek, ordea, Aian beharbada ez dute beste herrietan duten garrantzia; izan ere, gai guztiak Gobernu Batzordean onartzen ditugu. Oro har, negoziaketa prozesua aurrekoak bezalakoa izan da. Aurreko agintaldietakoak baino sail gutxiago egongo dira aurrerantzean, hauteskunde programako ildoei jarraituz.
Nolako elkarlana espero duzu Bildurekin?
Elkarlana ona izatea espero dut. Laguntzeko prest daudela esan digute. Herriaren onerako diren gauzei dagokienean ados egongo garela uste dut, azkeneko agintaldietan izan dugun bezala. Zentzu horretan ez dago inongo arazorik.
Aia herri txikia izanik, beste alderdiekin bat etortzea errazagoa dela uste al duzu?
Finean, borondate kontua da. Zure helburua lana egitea baldin bada, beteko duzu asmoa, hein handi batean behintzat. Baina beste mota batzuetako helburuak baldin badituzu, ez zara ados jarriko, ez herri handietan, ezta txikietan ere. Beraz, helburuak zein diren garbi izan behar da, eta horretarako borondatea ezinbestekoa da.
Hauteskunde kanpainan esan zenuen auzoetara gerturatzea lehentasunetako bat izango zela. Asmo hori al duzue?
Bai, zalantzarik gabe. Azken agintaldian barkamena eskatu genuen, ez genuelako behar bezalako lana egin; ez behintzat hasierako agintaldian egin genuen adinakoa. Beraz, bilerak egingo ditugu auzoetan. Elkano auzoa da lehentasunetako bat, eta bertan auzotarrentzako frontoia eta elkartea egingo ditugu. Horrez gain, Urdanetan aparkalekuak egingo ditugu, eta erdigunea txukuntzeko asmoa ere badugu. Santio auzoan, berriz, parkea eta elkartea egiteko asmoa dugu, auzoko plaza nagusia erabilgarriagoa izan dadin. Horiek dira kanpainan aipatu genituenak, eta eutsi egingo diegu proiektuei. Horrez gain, Andatzako erromeria diruz laguntzea ere nahi dugu, eta horretarako datozen lau urteetarako hitzarmena sinatuko dugu trikitilari elkartearekin.
Aiak, herri gisa, zer arazo ditu?
Aia oso zabala da; hori da arazoetako bat. 2.000 biztanle ingurutik 700 bizi dira herrigunean. Barreiadura horrek auzo guztietara iristeko ahalegin handiagoa egitea eskatzen du. Baserribide eta auzobide guztiak mantentzeko lanetara aurrekontuko zati handia bideratzen da. Hori egitura arazoa da, eta, beraz, ezin da konpondu. Langabeziari dagokionez, arazoa ez da handia herrian. Gipuzkokoa baino zerbait baxuagoa da hemen langabezia tasa. Bestetik, zerbitzuetan eta turismoan ere bada zereginik. Beste puntu garrantzitsuetako bat eskola da. Azken urteetan txikiegi ari da geratzen, eta horri irtenbidea eman behar zaio. Izan ere, haur kopuru aldetik mugan gaude. Datorren ikasturtean 19 haur hasiko dira bertan ikasten, eta, beraz, beste gela bat egingo dute. Ez dago haur guztientzako lekua, eta gure apustua ikastetxe berria egitea da. Finean, zorioneko arazoa da hori. Herri txiki askotan, jendea zahartzen doan heinean ez da lekukorik izaten. Zorionez, herri honetan badago errelebua. 1990eko hamarkada hasieran geldiunea izan zen, baina azken urteetan biztanleria hazten ari da. Hori garrantzitsua da.
Zergatik gertatu da gorakada hori?
Azken urteetako etxebizitza politikaren emaitzetako bat da hori. Batetik, inguruko herrietako etxebizitzen prezioak asko igo dira, eta Aiara bizitzera etortzea erabaki dute askok. Gehienak gazteak dira, eta horietako askok bizitza ere hemen egiten dute, gainera. Bestetik, etxebizitzak egiteak bertako jendea herrian bizitzen geratzea ekarri du. Gainera, seguru gaude herritar horiek bertan egingo dutela bizitza, eta hori are garrantzitsuagoa da.
Eskualdean EAJk Aian soilik eutsi dio alkatetzari. Zer hausnarketa egiten duzu?
Hausnarketa sinplea da: herritarrek zer nahi duten azaldu dute, eta errespetu guztia zor zaio horri. EAJk oposizioa egin behar du orain, eta lau urte barru ikusiko da kargu aldaketa onerako izan den edo ez.
Zer egoeratan dago EAJ?
Mapa politikoa ikusita, egoera kezkagarria da. Gipuzkoan oinarri solidoa dugu, eta lasai hartu behar dugula uste dut. Oposizio lan ona egin behar dugu, lana gobernutik eta oposiziotik egin daiteke-eta. Alderdi barruan hausnartuko dugu, baina orain
arte bezala lanean jarraituko dugu.
Urola Kostako Udal Elkartea Bilduren esku gera daiteke. Zer egoera ekarriko du horrek?
Ez dakit zer gertatuko den, baina Urola Kostako Udal Elkarteak atal asko ditu, sarritan zaborrarekin bakarrik lotzen badugu ere. Zaborraren inguruan politika jakin bat eraman da orain arte, eta ikusiko da aurrerantzean zer gertatzen den. Ez dakit zer erabaki hartuko duten, baina nik argi dut orain arteko politikarekin jarraitzea dela eraginkorrena.
Kargu aldaketak ikusita, aiarrek EAJren alde baino, zure alde bozkatu dutela uste al duzu?
Leku guztietan gertatzen da hori. Herri mailan pertsona gehiago baloratzen dela uste dut. Zentzu horretan gustura nago, urtetan egin dudan lana kontutan hartzen dutelako, eta konfiantza handia dutelako. Hala ere, Bilduk zergatik jaso dituen horrenbeste boto ikusi behar dugu. Horren inguruan hausnartu beharra dago.
Zortzi urte daramazu alkate. Zer eman dizu politikak?
Batetik, mota askotako ezagutza asko eman dizkit, eta, batez ere, herritarren alde lan egiteko aukera eman dit politikak. Baditu, ordea, alde txarrak ere: herri bateko alkate izatean gauzak asko pertsonalizatzen dira. Kontrako iritzia jasotzeak edo gustukoa ez den proiektua egiteak desgastatu egiten nau. Baina badakit urte batzuetarako gaudela karguan.
Pertsonak oso fresko egon behar du.