«Altxor txiki asko du Zestoak, eta horri etekina atera behar zaio»

Zestoako Hitza 2011ko uztailaren 15a

Jaiotzez bertakoa izan ez arren, herria ederki ezagutzen du Leire Etxeberria (Azpeitia, 1980) Zestoako alkate berriak. Zestoako bizilaguna inoiz politikan aritu gabea da. Hamalau urtez bertako futbol taldean ibili da, eta Bilduko alkategai izatea proposatu ziotenean, haur hezkuntzan irakasle lanetan zebilen Zestoan bertan. Egia esan, zestoarrentzat azpeitiarra eta azpeitiarrentzat zestoarra naizela uste dut. Ni oso gustura nago herrian, bertako mutila ezagutu nuen, semea ere bertakoa dut, eta hasieratik oso harrera ona egin zidaten herrian. Asko gustatzen zait Zestoa bezalako herri txikietako giroa; tabernan sartu eta adin guztietako herritarrak eta koadrilak elkarrekin egoten dira. Oso polita da hori, asko baloratzen dut. Politikan inoiz aritu gabea izanda, aurrenekoan eman al zenion baiezkoa alkategai izateko proposamenari? Hasieran ez neukan oso argi, baina asko animatu naute beti. Bilduko beste askori bezala, hutsetik hastea tokatu zaizu. Erabat, bai. Baina, egia esan, laguntza handia izan dugu, bai lehen Udalean egon direnengandik, bai beste jende batengandik ere. Laguntza izugarria izan dugu. Bilduri hauteskundeetan egoteko aukera eman zioten unetik, alkate izateko aukera handiak zenituen. Horren jakitun al zinen? Nahikoa seguru nuen alkate izango nintzela, baina emaitza hauek ez nituen espero. Euskal Herritarrokek sei zinegotzi lortu zituen bere garaian, eta guk zazpi lortu ditugu; gainera, zortzigarrenak hamasei botogatik ihes [...]

Jaiotzez bertakoa izan ez arren, herria ederki ezagutzen du Leire Etxeberria (Azpeitia, 1980) Zestoako alkate berriak. Zestoako bizilaguna inoiz politikan aritu gabea da. Hamalau urtez bertako futbol taldean ibili da, eta Bilduko alkategai izatea proposatu ziotenean, haur hezkuntzan irakasle lanetan zebilen Zestoan bertan.

Egia esan, zestoarrentzat azpeitiarra eta azpeitiarrentzat zestoarra naizela uste dut. Ni oso gustura nago herrian, bertako mutila ezagutu nuen, semea ere bertakoa dut, eta hasieratik oso harrera ona egin zidaten herrian. Asko gustatzen zait Zestoa bezalako herri txikietako giroa; tabernan sartu eta adin guztietako herritarrak eta koadrilak elkarrekin egoten dira. Oso polita da hori, asko baloratzen dut.
Politikan inoiz aritu gabea izanda, aurrenekoan eman al zenion baiezkoa alkategai izateko proposamenari?
Hasieran ez neukan oso argi, baina asko animatu naute beti.
Bilduko beste askori bezala, hutsetik hastea tokatu zaizu.
Erabat, bai. Baina, egia esan, laguntza handia izan dugu, bai lehen Udalean egon direnengandik, bai beste jende batengandik ere. Laguntza izugarria izan dugu.
Bilduri hauteskundeetan egoteko aukera eman zioten unetik, alkate izateko aukera handiak zenituen. Horren jakitun al zinen?
Nahikoa seguru nuen alkate izango nintzela, baina emaitza hauek ez nituen espero. Euskal Herritarrokek sei zinegotzi lortu zituen bere garaian, eta guk zazpi lortu ditugu; gainera, zortzigarrenak hamasei botogatik ihes egin digu.
Zer ikusi du jendeak Zestoako Bildurengan, halako harrera ona egiteko?
Ez dakit. Nire iritziz, gu politikan berriak izateak eragin du; hainbat arlotako jendea gaude, inoiz udaletxean egon gabeak… Haize berria ekarri dugu, alde horretatik.
Zuek zazpi zinegotzi eta EAJ-k lau. Biok bakarrik ordezkatuko duzue Udala. Ibilbidea harreman onarekin hasi duzue, ezta?
Bai. Oso ondo hasi gara. Gu berriak gara, haiek ere bai. Ez dakit horregatik izan den, edo beste arrazoiren batengatik, baina izan ditugun bileretan sentsazio onarekin gelditu gara. Azken batean, herritik gatozen jendea gara, ez gara inon markatuta egon, eta herriaren alde lana egiteko gogoz gaude. Gauza askotan erantzun ona ikusi dugu EAJren aldetik.
Bi batzorde ere hartu ditu EAJk.
Orain arte inoiz ez zuen batzorderik onartu. Oraingoan, bai.
Merkataritza eta Turismoa eta Ogasuna eskaini dizkiezue. Ogasuna oposizioari ematea ez da oso ohikoa. Zergatik batzorde hori?
Aurrekontuetan eta halako gaietan ados jartzeko ez dugula inongo arazorik erakutsi nahi izan dugu. Haiengan konfiantza dugu, haiekin lana egiteko gogoa ere bai.
Zein izango dira Udal honen lehentasunak?
Alde batetik, merkataritza eta turismo arloak indartu nahi ditugu. Ekain, Sastarrain, Lili… hor daude. Altxor txiki asko du Zestoak, eta horri etekina atera behar zaio.
Hezkuntza eta osasun arloan ere hobekuntzak egin nahi dituzue, ezta?
Anbulatorio berriaren lanak agintaldi honetan hastea da helburuetako bat. Lokal berria badugu Euskal Herria plazako etxebizitzen azpian; Altuna y Uria enpresarekin negoziatuta lortu dugu. Osakidetzak ere bere partea jarri beharko du; premiazko kontua da. Oraingo anbulatorioa zaharkitua eta txikia gelditu da, eta irisgarritasunari dagokionez ere, badu zer hobetua.
Eskolen kasuan, arazoa txiki gelditu direla da, ezta?
Hori da. Zestoako Herri Eskola txiki gelditu da haurrei zerbitzu egokia emateko, eta beste instituzioekin elkarlanean, arazoari helduko diogu. Eraikinaren atzealdera handituko dugu eskola. Horretaz gain, Arroa Beheko eskola egoera txarrean dago, eta han ere hobekuntzak egingo ditugu.
Kanpotik jende asko etorri da Zestoara bizitzera. Horren aurrean, zer?
Etorri berriei euskaraz ikasteko erraztasunak eman nahi dizkiegu. Horretaz gain, herriko baliabideak herriko beharretara egokitu nahi ditugu, eta hirigintzari dagokionez, ez dugu proiektu handirik egin nahi. Garrantzitsuagoa da dagoena ondo mantendu eta egoki aprobetxatzea; eraikin oso politak ditugu.
Zerbitzuen pribatizazioa leundu nahi duzue.
Bai, eta horretarako garrantzitsua izango da diru-laguntzak bermatzea. Udalak bere gain hartu nahi ditu zerbitzu batzuk, esku pribatuetan eta aldi baterako enpresen gain utzi ordez.
Krisiaren aurrean, zer?
Gizarte laguntzei eusteko ahalegin berezia egin behar da. Horretaz gain, herrian sortzen diren beharren arabera, Udaletik aldi baterako lanpostuak sortzen saiatuko gara langabetuentzat.
Alkate bezala, zein helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Egun nahikoa lan badut nola funtzionatu behar dugun definitzen; gauzak lehen nola zeuden aztertu, eta eutsi eta aldatu beharrekoa erabakitzen; eta sortzen diren gauza berriei nola heldu pentsatzen. Oraindik dena berria da niretzat. Helburua? Aurreko alkateek egin zuten bezain lan ona egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide