Bisiguaren Festako otorduetarako txartel guztiak saldu dituzte

Karkara.eus 2011ko uztailaren 14a

Gaur, osteguna, egingo dute aurkezpena eta eguerditik aurrera Herriko Plaza itxita izango da ibilgailuentzat

Bisigu Festa gaur, uztailaren 14an, abiatuko da 20:00etako aurkezpen ekitaldiarekin. Inaugurazio ekitaldi komunitarioa egingo dute eta han iz...

Gaur, osteguna, egingo dute aurkezpena eta eguerditik aurrera Herriko Plaza itxita izango da ibilgailuentzat

Bisigu Festa gaur, uztailaren 14an, abiatuko da 20:00etako aurkezpen ekitaldiarekin. Inaugurazio ekitaldi komunitarioa egingo dute eta han izango dira Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterola parrilleroak; Harribil dantza taldekoek Orioko ereserkia eta Sardinerak dantzatuko dituzte; Ibon Gaztañazpi eta Karmele Oliden herritarrek Txomin Agirreren Kresala liburuko hainbat pasarte irakurriko dituzte eta Egunsentia otxoteak bi kanta abestuko ditu.

Bide batez, tabernariek pintxo zirkuituaren berri emango dute ekitaldian, izan ere, Bisiguaren Festak iraungo duen egunetan izango da pintxo zirkuitua eta taberna bakoitzak bere pintxo proposamena egingo du:

  • Xaloa: txipiroiak tintan
  • Sarasua: marmitakoa
  •  Gabon: hegaluzea, maionesa, piper eta tipula pintxoa
  • Arkaitz: txipiroiak plantxan
  • Antilla: bakailaoa piperradarekin
  • Bordatxo: olagarroa bordatxo erara
  • Kolon Txiki: hegaluzea plantxan, tipula eta piperrekin
  • Zaharren Babes Lekua: bakailao tortilla
  • Gure Txoko: antxoa Gure Txoko erara
  • Tragoxka: muskuiluak tragoxka erara
  • Koasta: gilda berezia
  • Errusta: antxoa Errusta erara
  • Aterpe: txipiroiak plantxa aterpe erara
  • Salatxo: hegaluzea pikillo eta gozatutako barazkiekin
  • Baraka:  txipiroiak tintan
  • Aurrera: antxoa arrautza irinetan pasatuta piperraz lagunduta
  • Loretxu: legatza Loretxu erara
  • Goizeko: antxoa Goizeko ukituarekin

Bisiguaren Festa jaialdi gastronomikoa izanik, ekitaldi gastronomiek pisu handia izango dute eta pintxo zirkuituaz gain, larunbat eguerdian marmitako erraldoia  prestatuko dute eta 12:00etatik aurrera 1.200 razio banatuko dituzte Orioko plazan 1,5 €ren truke. Bestalde, igande eguerdian hegaluzea prestatzeko moduak erakutsiko dituzte herriko elkarte gastronomikoek: pollo marino erara, tomatearekin, tipula eta piperrarekin, albondigak, marmitakoa eta parrillan.

Arkupe merkatari elkarteak Bisiguaren Festako osteguneko afarirako hiru otordu zozketatu ditu elkarteko dendetan erosketak egin dituztenen artean eta irabazleen berri emango du osteguneko aurkezpen ekitaldian:

  • Itziar Etxeberria (Olatu)
  • Xochilt Valdivia (Ogi Berri-Aita Lertxundi)
  • Vitoria Manterola (Rosa haur denda)

Horiek izango dute Orioko plazan afaltzeko aukera eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, salmentara ateratako 1.000 sarrerak agortuta daude, beraz, txartela aurrez hartu duten horiek izango dute Bisigua probatzeko zortea. Jendeak deiak egiten jarraitzen du, eta ez da samurra izaten ari txartel guztiak salduta daudela esatea, baina beste erremediorik ez zaigu geratzen: lekua mugatua da eta zerbitzuaren kalitatea bermatu nahi dugu, azaldu dute Udaleko arduradunek. Hala ere, Bisigu Festa jatorduak bakarrik ez direla eta gainontzeko ekitaldietan ere parte hartzera animatu nahi dute jendea antolakuntzatik. 

Gastronomiak izango du bai pisurik handiena baina bestelako ekitaldirik ere antolatu dute. Horien artean bat aipatzekotan Bisiguaren bila ginkana-triviala lehiaketa nabarmendu dute antolatzaileak. Lehiaketako lehen zatian parte-hartzaileek froga batzuk gainditu beharko dituzte eta lehenengo bi taldeek bigarren fasea, finala, jokatuko dute. Bertan, arrantzarekin zerikusia daukaten galderak erantzun beharko dituzte. Talde irabazleak larunbata iluntzeko afarirako lau gonbidapen jasoko ditu. Lehiaketa larunbatean, 11:30ean, hasiko da Orioko plazan. Lauko taldeak osatu behar dira eta izena eman nahi duten guztiek, herritarrek nahiz kanpotarrek, goizeko 11:00etatik aurrera egin beharko dute plazan bertan.

Gainontzean hemen daukazue Bisigu Festako egitaraua.


Zirkulazioan aldaketak

Asteburuko Bisiguaren Festaren eta KAE1eko traineru estropadaren harira hainbat aldaketa izango dira ibilgailuen zirkulazioan. Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, Herriko Plaza itxi egingo dute ibilgailuentzat uztailaren 14ko 14:00etatik aurrera, eta itxita izango da uztailaren 17ko 20:00ak arte. Ondorioz, kaian aldatu egingo da zirkulazioaren norabidea. Ibilgailuak kaitik barrena sartuko dira herrira eta debekatua izango dute bide hori erabiltzea herritik ateratzeko. Herritik ateratzeko, nahitaez, Txanka-Hondartza bidea erabili beharko da eta eskatu dute mesedez alde zaharra  bertakoentzat uzteko eta herritarrek arauak betetzeko.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide