Iñigo Manterolak margolanen erakusketa jarri du martxan Miarritzen

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 14a

Donostiako Okendo kultur etxean Adan & Adan erakusketa jarri ondoren, Miarritzen (Lapurdi) beste erakusketa bat jarri du martxan Orioko artistak. Abuztuaren 8ra bitartean La Cornue Aga Passage Jourdan galerian ikus daitezke Manterolaren 20 margolan inguru; erakusketa horretan duela hilabete batzuk Mexikon jarri zuen erakusketan eragina antzeman daiteke; obra gehientsuenetan itsasontziak eta arrantzalen irudiak jorratzen ditu, eta margoz egindako lanak baldin badira ere collage itxura hartzen dute artelanek; izan ere, oinarri liso baten gainean figura eta objektu bakoitza moztu eta elkarren alboan itsatsiko balitu bezala sortu ditu margolanak Manterolak.
Orioko artista azken urtean ia gelditu gabe ari da erakusketak zabaltzen; Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere jarri ditu erakusgai bere artelanak; duela hilabete batzuk, esaterako, Mexikon izan zen bere artelanak erakusten, eta bidaia hitzaldiak emateko eta Gorga Larrañaga artista azkoitiarrarekin elkarlanean proiektua garatzeko ere aprobetxatu zuen oriotarrak; bertan, azken bost urteetan sortutako 50 artelan inguru erakutsi zituen herrialde horretako txoko desberdinetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide