Marasma mugimenduak I. Gazte Xaparrada ekimena antolatu du larunbaterako. Ekimenaren helburua gazteen kezka nagusiez eztabaidatzea izango da, «gazteek euren artean». Mugimenduko kideek urte hasieran herriko 16 eta 32 urte bitarteko gazteei hainbat elkarrizketa egin zieten, gehien arduratzen dituzten arazoak identifikatzeko. Diagnostikoa osatu zuten martxo ingururako, eta hiru gai nabarmendu zituzten: lana, etxebizitza eta ikasketak. Hala ere, beste hainbat auzi dute gazteek buruan.
Hori dela eta, hurrengo pausoa gazteen kezka horiez eztabaidatzea dela erabaki dute Marasmako kideek. «Hiru bat asanblada egin ditugu, eta kezka nagusiak identifikatu ostean, horiez eztabaidatzeko beharra dugula ondorioztatu dugu. Hori dela eta, beste pauso bat ematea erabaki dugu. Horregatik antolatu dugu Gazte Xaparrada», dio Marasmako kide Jon Arangurenek.
Zortzi gai bi txandatan
Hala, gai zerrenda luzea prestatu dute larunbaterako, eta bi txandatan banatu. Lehenengo txandan kultura, etxebizitza, ikasle mugimendua eta feminismoa izango dira hizpide. Bigarrengo txandan, berriz, euskaraz, kirolaz, aisialdiaz eta komunikazioaaz eztabaidatuko dute.
Kulturaren alorrean, Ariola kultur mugimendua aurkeztuko dute, eta Zarauzko indarguneak eta ahulguneak identifikatuko dituzte. Etxebizitzaren atalean, berriz, etxe hutsen egoeraz eztabaidatuko dute, etxea lortzeko borrokaren nondik norakoez eta alternatibez. Ikastetxeen erradiografia egingo dute ikasle mugimenduaren sailean, baita Bologna prozesuarena ere. Bestalde, feminismoaz ere arituko dira, gazteek auziaz duten kontzientziaz, harreman ereduez eta eraso sexistez.
Euskarari dagokionez, hikaren erabilera izango dute eztabaidagai herriko gazteek. Horrez gain, gazteen hizkera eta euskararen sareko erabilera aztertuko dute. Herriko kirolaren egoera, federazioa eta profesionalismoa, emakumeen parte-hartzea kirolean eta kirol minorizatuak izango dira hizpide kirolaren atalean,e ta aisialdiari dagokionez, berriz, aisi ereduez eta baloreez hitz egingo dute, besteak beste.
Jakinarazi dutenez, gai bakoitzak bere prozedura izango du; lan taldea bakoitzak erabakiko du hori. Komunikazio tailerra berezia izango da, esaterako. Izan ere, praktika landuko dute atal horretan, zuk zeuk komunikatu lelopean. Hori dela eta, norberak bere argazki kamera eraman beharko du.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek 10:00etan eman beharko du izena Musika Plazan. Izena ematerakoan txanda bakoitzeko gai bana aukeratu beharko dute. Lehenengo txandako eztabaidak 11:00ak aldera hasiko dituzte, eta bigarrengokoak, berriz, 13:00etan. Tartean, hamabiterditakoa egingo dute, Musika Plazan.
Gai bakoitza leku jakinean
Eztabaidak, gainera, leku jakin banatan izango dira. Lau gune aukeratu dituzte horretarako. Hala, Munoa plazan arituko dira kulturaz eta euskaraz, etxebizitzaz Arrosategi parkean, ikasle mugimenduaz eta kirolaz Frontoi Txikin, eta feminismoaz, aisialdiaz eta komunikazioaz Musika Plazan.
Atal bakoitzerako gaian adituak edota eragileak aukeratu dituzte, eztabaidagai bakoitzari sarreratxoa egin diezaioten. Kulturaren alorrean, esaterako, Ariola mugimenduko kideak hartuko dute parte, eta feminismoaren atalean, berriz, Sorginak taldekoek.
Bazkarian ere eztabaida
Bigarren eztabaida saioa amaitu ostean, 14:30ak aldera, bazkaria egingo dute Musika Plazan. Bertan ere izango da eztabaidarako tartea.Usurbilgo Zero Zabor taldeko gazteak izango dira bertan, janariaren eta horrek sortutako zaborraren inguruan hitz egiteko. Txartelak salgai daude Eguzki eta Arrano tabernetan, baita gaztetxean ere, hamar eurotan. Txartelak erosten dituztenei, elastiko bana emango diete opari.
17:30ean sabel dantza eta dantza afrikar tailerrak egingo dituzte itsas pasealekuan. Parte hartzeko bertaratu besterik ez dute egin beharko interesa dutenek. Gerora, break dance eta graffiti erakustaldia izango dira leku berean.
Gorputza astindu ostean, triki poteoa egingo dute parte-hartzaileek herrian zehar, eta gau aldera, berriz, erromeria izango da Fun&Go taldearen eskutik. Lekua zehazteke dute.
