Urola Kostako Udal Elkarteko enpresentzako zerbitzuak enpresentzako prestakuntza programaren baitan ikastaroa antolatu du. Mintegia uztailaren 21ean izango da, Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz), 11:30etik 14:30era bitartean. Eskualdeko enpresentzat izango da eta doakoa da.
Merkataritza elektronikoa eta on-line posizionamendua da ikastaroaren oinarria eta Internetek enpresa txiki eta ertainei euren produktuak erakusteko eta saltzeko eskaintzen dizkien aukerak azalduko dira. Gaur egun bizi dugun krisialdi ekonomikoak, salmentarako bide tradizionalen geldialdia bultzatu duela diote antolatzaileek. Honen aurrean, merkataritza elektronikoak produktu eta zerbitzuei, modu erraz eta merkean, irteera emateko aukera eskaintzen du; eta baita produktu/zerbitzuak ezagutarazi eta enpresaren bezero potentzialen multzoa handiagotzeko aukera ere.
Mintegian parte hartzen dutenek, IKTak erabiliz, salmentarako erreminta eta metodo berrienak ezagutuko dituzte, baita Interneteko posizionamendua edota On-line posizionamendua lantzen ikasi ere. Teknika sinpleen bitartez, bakoitzaren enpresa Interneten egoteak eta kontsumitzaile potentzial multzo handi batek ikusteak dituen abantailak ezagutuko dituzte.
Ikastaroaren edukia
- Honako hauek dira ikastaroan landuko diren gaiak.
- Zein erreminta ezberdin daude merkataritza elektronikoa aurrera eramateko?
- Zein estrategia ezberdin erabili daitezke merkataritza elektronikoan? Afiliatu sareak, SEM eta posizionamendu organikoa (SEO).
- E-commerce-aren etorkizuna: Mugikor bidezko salmentak.
- Zer dira bilatzaileak? Nola funtzionatzen dute?
- Zer da SEOa?
- SEOaren abantailak eta bilatzaileentzako gustagarri izan daitekeen webgune bat nola prestatu. SEO teknikak.
- SEO estrategiak. Nola jakin zein diren gure hitz gakoak.
Ikastaroaren praktikotasuna dela eta, parte hartu dezaketen enpresen kopurua mugatua izango da. Beraz, parte hartu nahi dutenek e-psta bidali beharko dute enpresa@urolakosta.org helbidera edo 943 89 08 08 telefono zenbakira deitu eta izen-abizenak eta enpresaren izena eman.