Nola uztartu Afrikako erritmoak, Australiako aborigenen soinuak eta flamenkoa edo doinu arabiarrak? Hori da The Acoustic Glorious taldeak egin duena, sustraietara jo eta haiek trentzatu. Oso talde bitxia da The Acoustic Glorious. Iban Nikolai oiartzuarrak didgeridooa jotzen du. Termitek literalki hustutako enborra, jatorri australiarreko haizezko instrumentua da. Eneko Larrañaga zestoarra da, eta perkusio afrikarra jo eta abesten duen arren, kora da bere musika- tresna nagusia, 21 sokako gitarra mandinga. Taldeko hirugarren kidea Antonio Lizana cadiztarra da. Saxoa, txirula eta ahotsa jartzen ditu taldean, flamenko eta jazz kutsua emanez.
Etzi, uztailaren 15ean, Azkoitian ariko dira, Matadeixen, 22:30etik aurrera.

Nikolai, diskoa grabatzen hasia zela, Larrañagarekin elkartu zen kolaborazio baterako, eta didgeridooa eta kora elkartuz zerbait grabatzeko aukera polita ikusi zuten. Ondoren batu zitzaien Lizana, «ukitu melodikoa» emanez. Alla Ydaki lana kaleratu zuten udaberrian, kolaboratzaile zerrenda luze baten laguntzarekin egina: Rizumik beatboxerra, Odei Astibia perkusionista, Felipe Ugarte txalapartaria, Oscar Portugues gitarra-jotzaile flamenkoa eta Jose Maria Blanco sitar-jotzailea.
Dena den, orain eskaintzen ari diren duten zuzenekoek «zerikusi gutxi» dute diskoarekin, hiruren ustez. Diskoan oso presente dauden kolaboratzaileak ez dute zuzenekoetan parte hartzen. «Geure hiru instrumentuetan zentratu gara, eta zuzenekoak horietara moldatu ditugu», dio Larrañagak. Mugimenduari behar duen lekua egiten diote; malgutasuna dute funtzionatzeko modua.
Soinuen bidezko bidaia
Musika anitza egiten du hirukoteak, kultura askotako instrumentuak elkartu dituzte, eta haietako bakoitzak oso sentsazio eta matiz berezia eskaini dio abestiei, hari bat duten arren. Soinu organikoak, naturalak dira denak. «Instrumentuak oso antzinakoak dira, eta naturarekin harremana duten egoeretan entzutera ohituta gaude. Ukitu hiritarra badugu zenbait kantutan, baina musika tresna hauek ingurune naturalera eramaten zaituzte», dio Lizanak.
«Lurrak soinua izango balu, didgeridooaren soinua izango luke», Nikolairen ustez. Elkartzen dituzten musikek bizitza eta eboluzioa dute: «Eta ederra da pentsatzea hau kulturak elkartzeko modu bat dela, didgeridooak historian zehar egin duen bideak elkartze hau gauzatu ahal izateko balio izan duela, eta berdin korarenak edo saxoarenak», dio Larrañagak.
Euren zuzenekoak «harritu» egiten duela diote, «soinu bidaia» gisa bezala definitzen
dute. «Modu inkontzientean, entzulea bere sustraietara joaten da, arbasoengana. Barrura begirako bidaia bat da», Nikolairen ustez.
Jazzetik hartu dutena, gehienbat, inprobisazioan oinarrituz «musikarien arteko elkarrekintza eta kontzertu batetik bestera guztia aldatzeko gaitasuna» da. «Hor du oinarria magiak», Lizanaren ustez.
Sentitzeko musika egin nahi dute: «Guk sentitzen badugu, ikusleek ere sentituko dute», Larrañagaren arabera. «Gu ohituta gaude jada soinu hauetara, baina energia asko mugi dezaken zerbait da», Nikolairen aburuz.