Sei urte beteko dira larunbatean Azpeitiko gaztetxeak ateak ireki zituenetik. Ordutik, urtero
ospatzen dute urteurrena, eta aurten ez da gutxiagorako izango. Azpeitiko Gazte Asanbladak egun osorako egitaraua prestatu du, «herriko gazte zein zaharrentzako».
Goizean hasiko da festa, hamaiketakoarekin. Ondoren etorriko da beste guztia: baltsa jaitsiera, triki poteoa, bazkaria, ur jolasak, kontzertuak...
Originaltasuna txapeldun
Iaz egin zuten bezala, aurtengoan ere originaltasuna hartuko dute kontuan baltsa jaitsierako irabazlea nor den erabakitzeko. Irabazleak arrauna jasotzen du orogarri moduan, baina urtebete pasatakoan atzera itzuli egin behar izaten du. Iazkoan AHTa irudikatu zutenek jaso zuten arrauna, bazkarian txalo zaparrada handiena jaso zutelako. Aurtengoan, originalena nor den erabakitzeko, epaimahai bat ezarriko da. Gaztetxearekin harremana daukaten pertsonak izango dira, baina bertako kide ez direnak. Egunean bertan jakingo da nor izango diren.
Koadrilen arteko lehiaketa
Urtarrilean hasi zen koadrilen arteko lehiaketa. Hilero jokatu da ekintzaren bat: pala txapelketa, saskibaloia, hockeya erratzekin... Azkenenengo ekimen puntuagarria baltsa jaitsiera izango da. Bertan parte nahi duenak hartuko duen arren, koadrilen arteko txapelketan izena emanda daudenek puntuak jasoko dituzte. Lehian izena emanda daudenei originaltasuna kontuan hartuta puntuak banatuko zaizkie, beraz. Urte guztian puntu gehien lortu dituenari oroigarria emango diote bazkariaren ondoren.
Bazkariko sarrerak salgai daude dagoeneko Orkatz eta Txarrantxan. Ikasle eta langabetuentzako zazpi euroan, aurrez erosten baldin badituzte, eta langileentzako, aldiz, hamabian. Egunean bertan erosten baldin badituzte txartelak, hamar eta hamabost euro ordaindu beharko dute, hurrenez hurren. Bihar amaituko da sarrerak aurrez erosteko epea.
Urteurrena
Egitaraua
11:00etan. Hamaiketakoa eta baltsen erakusketa plazan.
12:00etan. Baltsa jaitsiera.
Ondoren. Triki poteoa kaleetan zehar.
14:30ean. Bazkaria gaztetxean. Txartela, ikasle eta langabetuek aurrez, 7 euro eta egunean 10. Langileek, berriz, aurrez 12 euro eta egunean 15.
17:00etan. Kalejira eta ur jolasak.
22:00etan. Kontzertuak: Fala non caduca (Asturias, Espainia) eta Emon.
Iñaki Altuna: «Gazteek lokaletan biltzeko joera dute gaur egun»
Iñaki Altuna (Azpeitia, 1993) Azpeitiko Gazte Asanbladako kidea da, eta buru belarri dabil beste askoren artean gaztetxearen urteurrena prestatzen. Urteurrenaren eta gaztetxeak egiten duen lanaren inguruan hitz egin du.
Ze esanahi dauka urteurrenak gazetxearenzat?
Herrian oihartzun handiena izaten duen eguna da, nire ustez. Azkenean, baltsa jaitsierarekin hasita, egitarau ederra egoten da, egunez kalean izugarrizko anbientea egoten da. Azkenean, egun bat gehioago da berez, indar handia daukana, baina egun bat gehiago; urte guztian antolatzen baititugu ekimenak.
Baltsa jaitsiera al da jendeak gehien ezagutzen duen ekimena?
Agian bai. Gu aurrenengo aldiz baltsa jaitsieran atera ginenean, gizon batek adarra jotzeko, karnabalak pasata zeudela esan zigun. Ez zekien zer zen, baina hori da deigarriena.
Triki poteoa ere egiten da urteurrenean, adibidez. Baina beste egun batzuetan ere izaten da hori, beraz ez da hain deigarria. Baltsa jaitsiera da agian gehien harritzen duena, beraz, jende askori jaitsiera soilik gelditzen zaio buruan. Baina gainontzeko egitarauak ere arrakasta handia izaten du. Bazkaria, ur jolasak... Kontzertuetan ere giroa ederra izaten da. Azkenean, baltsena da ezhoikoena.
Urteurrenean koadrilen arteko lehiaketa amaituko da, gainera. Nolatan sortu zen hori?
Bai, hala da. Gazteek lokaletan biltzeko joera hatu dute, urte gutxian ikusi da hori. Hasieran lokal bat zegoen, gero beste bat eta beste bat.. Azkenean, ia ez dago lokal gabeko gazterik. Horrek gazteon banaketa moduko bat ekarri du. Finean, bakoitza geure lokalean egoten gara, eta bertako kideekin soilik. Alboko lokalekoekin harremana badaukagun arren, urrunagokoak ez ditugu ezagutzen.
Beraz, gazteen arteko harremana hobetzeko helburuarekin, kuadrilen arteko lehiaketa antolatu genuen. Nire ustez, aurrenengo urtea izateko, dezenteko erantzun ona izan du. 22 koadrilak eman dute izena. Aurten, jokoak antolatzerako orduan kirolera jo dugu, baina hurrengo urtean seguruenez beste joku batzuk antolatuko dira. Nahiko kirol egoten da bestela ere, eta beste gauza batzuk lantzeko ere izan behar du lehia horrek.
Gazte diagnosia prestatzen ere aritu zarete urtean zehar.
Hilabete bakoitzean gai bat
hartu, eta horri buruz gazteek daukagun iritziaren inguruan lanketa bat egin da. Gazte Mugimenduko talde guztiak bildu ginen aurrenengoan. Ekologismoa ere landu zen, feminismoa, hezkuntza...
Uztailaren 1ean egin zen horren aurkezpena. 70 bat gazte agertu ginen, eta lanketa horietan ateratako ondorioak aurkeztu ziren. Horrez gain, Titteren izenean egin den diagnosia ere aurkeztu zen. Bi diagnosiak entzun ondoren, talde txikitan bildu, eta gaiez eztabaidatu genuen.
Baltsa jaitsieran jendea arrautzak eta globoak botatzen ibiltzen da goitik. Errespetu apur bat izateko eskatuko nioke, bai parte- hartzaleekin, eta bai ibaiarekin. Baltsatan ateratzen garenok saiatzen gara zerbait askatuz gero jasotzen, baina goitik botatakoa han gelditzen da.
Eta bestela ba, anima daitezela urteurrenean parte hartzera.