Bilduk eta EAJk elkarlanerako «bideak irekita» dituzte Zestoan

Zestoako Hitza 2011ko uztailaren 12a

Joan den ostegunean egin zuten Zestoan udal batzorde informatiboak eratzeko eta zinegotziek izango dituzten ardurak banatzeko ezohiko udalbatzarra. Hasi berri den agintaldian bi alderditako ordezkariek hartuko dute parte Udal Gobernu Batzordean: Bilduko Leire Etxeberriak, Ruben Alberdik eta Iban Narbaizak, eta EAJko Joxe Mendizabalek. Alberdi izango da lehen alkateordea, eta Narbaiza bigarrena. Batzorde eraketa Batzorde berri bat eratu dute Zestoan; Merkataritza eta Turismo Batzordea, hain zuzen. EAJri eskaini zioten batzorde horren ardura, eta onartu egin dute jeltzaleek. Horrenbestez, Bilduk «positibotzat eta pozgarritzat» jo du pausoa. «Elkarlanerako bidea ireki da, eta herriaren mesederako izango da», diote. Bestalde, Hirigintza eta Zerbitzu Batzordeak bat egitea erabaki dute, «modu eraginkorragoan funtzionatzeko asmoz». Auzoak Batzordeak, Topagune izaera hartuko du. Helburua «dinamika parte-hartzaileagoa» sortzea da, eta auzoetan zein auzoak eta Udala «hurbiltzea». Liberazioak eta soldatak Udalbatzarrean adostu bezala, Leire Etxeberria alkatea %100 liberatuta egongo da, eta urteko 35.800 euroko soldata gordina izango du. Bestetik, Ruben Alberdi alkateordea %50ean liberatuta egongo da, urteko 17.900 euro inguruko soldatarekin. Batzordeburuen ordainsariak %10 jaistea proposatu zuen Bilduk, hileko 133 eurotik 120 eurora jaitsiz, zehazki. EAJko Joxe Mendizabalek adierazi zuen ez zituela jaitsieraren nondik norakoak ulertzen. «Ondo gelditzeko» hartutako neurria dirudiela adierazi zuen, eta, bere ustez, «askoz irudi hobea» emango litzatekeela elkarlanean [...]

Joan den ostegunean egin zuten Zestoan udal batzorde informatiboak eratzeko eta zinegotziek izango dituzten ardurak banatzeko ezohiko udalbatzarra.
Hasi berri den agintaldian bi alderditako ordezkariek hartuko dute parte Udal Gobernu Batzordean: Bilduko Leire Etxeberriak, Ruben Alberdik eta Iban Narbaizak, eta EAJko Joxe Mendizabalek. Alberdi izango da lehen alkateordea, eta Narbaiza bigarrena.
Batzorde eraketa
Batzorde berri bat eratu dute Zestoan; Merkataritza eta Turismo Batzordea, hain zuzen. EAJri eskaini zioten batzorde horren ardura, eta onartu egin dute jeltzaleek. Horrenbestez, Bilduk «positibotzat eta pozgarritzat» jo du pausoa. «Elkarlanerako bidea ireki da, eta herriaren mesederako izango da», diote.
Bestalde, Hirigintza eta Zerbitzu Batzordeak bat egitea erabaki dute, «modu eraginkorragoan funtzionatzeko asmoz».
Auzoak Batzordeak, Topagune izaera hartuko du. Helburua «dinamika parte-hartzaileagoa» sortzea da, eta auzoetan zein auzoak eta Udala «hurbiltzea».
Liberazioak eta soldatak
Udalbatzarrean adostu bezala, Leire Etxeberria alkatea %100 liberatuta egongo da, eta urteko 35.800 euroko soldata gordina izango du. Bestetik, Ruben Alberdi alkateordea %50ean liberatuta egongo da, urteko 17.900 euro inguruko soldatarekin.
Batzordeburuen ordainsariak %10 jaistea proposatu zuen Bilduk, hileko 133 eurotik 120 eurora jaitsiz, zehazki. EAJko Joxe Mendizabalek adierazi zuen ez zituela jaitsieraren nondik norakoak ulertzen. «Ondo gelditzeko» hartutako neurria dirudiela adierazi zuen, eta, bere ustez, «askoz irudi hobea» emango litzatekeela elkarlanean aurrekontuak elkarlanean gainbegiratuz gero, «nondik estutu daitekeen ikusteko». Alkatearen eta alkateordearen soldatak «ontzat» eman zituen, baina diru-sarien gaia hobeto aztertzeko eskatu zuen EAJk. Bilduk ez dagoela horretarako «inolako arazorik» adierazi zuen, eta gaia mahai gainean jartzea erabaki zuten aho batez.


Hirigintza eta Zerbitzu Batzordea. Ruben Alberdi eta Leire Etxeberria (Bildu), eta Unai Gonzalez (EAJ).
Baserri Batzordea. Ander Bergara eta Iban Narbaiza (Bildu), eta Joxe Aranberri (EAJ).
Kultura Batzordea. Amaia Lopetegi eta Miren Itzia Sagarzazu (Bildu), eta Miren Itziar Elorza (EAJ).
Ongizate Batzordea. Iban Narbaiza eta Miren Itziar Sagarzazu (Bildu), eta Miren Itziar Elorza (EAJ).
Ogasun Batzordea. Joxe Aranberri (EAJ), eta Ruben Alberdi eta Iban Narbaiza (Bildu).
Ingurumen Batzordea. Miren Itziar Sagarzazu eta Izaskun Sagarzazu (Bildu), eta Joxe Aranberri (EAJ).
Merkataritza eta Turismo Batzordea. Joxe Mendizabal (EAJ), eta Iban Narbaiza eta Leire Etxeberria (Bildu).
Gazteria Batzordea. Izaskun Sagarzazu eta Ander Bergara (Bildu), eta Miren Itziar Elorza (EAJ).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide