Banatu dituzte jada Errezilgo Udalbatzako kideen zereginak

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 12a

Joan den ostegunean egin zuten Errezilen ezohizko lehen udalbatzarra, batzordeak eratu eta alkatearen soldata, elkarteetako ordezkariak eta udalbatzarren ordutegia zehazteko. Orain arte bezala, zazpi batzorde egongo dira Errezilgo Udalean. Hala, Nekazaritza eta Ingurumen Batzordea Bilduko Maria Jesus Salsamendik eta Jokin Uzkudunek eta ERHAko Iñaki Irulegik osatuko dute. Hirigintza, Azpiegitura, Industria eta Zerbitzuen Batzordea Jokin Uzkudunen, Arkaitz Arrutiren eta Leire Begiristainen ardura izango da. Bilduko zinegotziak dira hirurak. Gizarte Ongizate Batzordea Bilduko Maria Jesus Salsamendik, Arkaitz Arrutik eta Nerea Agirretxek osatuko dute. Kultura, Kirola eta Hezkuntza Batzordearen ardura Bilduko Arkaitz Arruti eta Jokin Uzkudunena, eta ERHAko Luis Berrondorena izango da. Gazteria Batzordea Bilduko Nerea Agirretxe, Jokin Uzkudun eta Arkaitz Arrutik osatuko dute. Parekidetasun, Partaidetza eta Komunikazio Batzordea Bilduko Nerea Agirretxek, Maria Jesus Salsamendik eta Arkaitz Arrutik osatuko dute. Azkenik, Ogasuna eta Diruzaintza Batzordearen ardura Bilduko Nerea Agirretxerena, Arkaitz Arrutirena eta Jokin Uzkudunena izango da. Errezilgo Udalak parte hartzen duen hainbat elkartetako ordezkaritzari dagokionez, Maria Jesus Salsamendi alkatea izango da ordezkaria, bitan izan ezik: Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitatean Jokin Uzkudun izango da ordezkaria, eta Herri Eskolako Kontseiluan, berriz, Luis Berrondo. Soldatak eta ordainsariak Maria Jesus Salsamendi alkatea %25ean liberatuta egotea onartu zuten udalbatzarrean. Urtean 6.562 euroko soldata gordina izango du. Bestetik, ez zinegotziek, ez alkateak ez dute ezer kobratuko udalbatzarretara joateagatik, ezta batzordeetako bileretara joateagatik ere. Udalbatzarrak hileko lehen ostegunetan egingo dituzte, 21:00etatik aurrera, eta batzordeetako bilerak hileko azken ostegunetan, 21:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide