Txurrumuskiren udaleku irekiak abian dira eta jadanik hasi dira ekintza bereziak egiten ere. Atzo, uztailaren 7an, San Fermin Txiki Eguna egin zuten neska-mutikoek. Goizean barrena zezen itxurako karetak margotu, San Ferminetako kantua abestu eta bestelako ekintzak egin ondoren, eguerdian Ikastolako pergolan elkartu eta entzierroa egin zuten kartoiz egindako zezenekin. Izan zen benetako entzierroan adina emoziorekin bizi izan zuenik eta erorikorik ere ikusi zen zezenen aurrean.
Aurten, 3 eta 10 urte bitarteko, 220 haur daude udaleku irekietan, iaz baino 70 gehiago eta begiraleak ere 22 dira aurten eta iaz 16 ziren. San Fermin Txiki Eguna ohikoa bihurtu da udalekuetan eta beste urte batzuetan izandako harrera ona ikusita, errepikatu egingo dituzte beste hainbat jarduera ere: uraren egunean kaleetan ibiliko dira balkoietatik ura bota diezaien eskatuz; korrika egunean dortsalak soinean korrika ibiliko dira herrian barrena; barraken egunean hainbat txoko jarriko dituzte, hala nola, ileapaindegia, aurpegia margotzeko gunea, beldurraren txokoa, igarleak...; margolari egunean arropa zaharrak soinean jantzi eta zikintzeko inolako beldurrik gabe mural bat margotuko dute; eta irteerak ere egingo dituzte, izan ere, astelehenean mendira joango dira eta uztailaren 28an Txikiparkera.