Udalbatzak ezohiko batzarra egin zuen atzo, uztailaren 7an, eta besteak beste alkate eta zinegotzien ordainsari eta liberazioak eta batzordeen ardura banaketa jarri zituzten mahai gainean.
Bilera hasteko, aurrerantzeko ohiko udalbatzarretarako egun eta ordua finkatu zituzten. Hilabeteko azken ostegunetan izango dira 20:00etan Bildu eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin. Honen harira Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak esan zuen, familia kontziliazioa ahotan gero eta gehiago darabilgun honetan, ez zaigu batere ordu aproposa iruditzen familia daukagunontzat. Beñat Solaberrieta alkateak gaineratu zuen proposamena izan dela eta adostu beharra dagoela, baina proposamena egin dela batez ere herriko merkatariek interesa erakutsi dutelako eta haiek gerturatzeko asmoz beraiek dendak ixten dituzten ordua kontuan hartu dugu, baina gaien arabera edo garaien arabera moldatu genezake.
Alkatearen eta beste zinegotzien liberazioak izan ziren ondoren hizpide. Beñat Solaberrieta alkatearentzat liberazio osoa proposatu zuten, Udalhitzeko mailen arabera (soldata gordina 3.642, 67 euro hilean) ; Miriam Uranga Oraineko zinegotziarentzat liberazio erdia (soldata gordina 1.699, 21 euro hilean) eta Bilduko Amaia Dorronsororentzat liberazio laurdena (soldata gordina 788,53 euro hilean). Orain eta Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko bosten abstentzioarekin onartu zen puntu hori.
Batzorde informatzaileetako ardura banaketa proposatu zuten gero:
- Hirigintza, Ingurumena, Ogasuna eta Pertsonala
Titularrak: Beñat Solaberrieta (Bildu), Miriam Uranga (Orain) eta Angel del Hoyo(EAJ)
Ordezkoak: Amaia Dorronsoro (Bildu), Jokin Izagirre (Orain), Jon Redondo (EAJ)
- Nekazaritza, Arrantza, Industria eta Turismoa
Titularrak: Miriam Uranga (Orain), Ekiñe Saizar (Bildu) eta Jon Redondo (EAJ)
Ordezkoak: Jokin Izagirre (Orain), Beñat Solaberrieta (Bildu) eta Lurdes Salsamendi (EAJ)
- Obrak eta Zerbitzuak
Titularrak: Amaia Dorronsoro (Bildu), Eugenio Cotado (EAJ) eta Jokin Izagirre (Orain)
Ordezkoak: Beñat Solaberrieta (Bildu), Angel del Hoyo (EAJ) eta Miriam Uranga (Orain)
- Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festak
Titularrak: Jon Agirresarobe (Bildu), Miriam Uranga (Orain), Lurdes Salsamendi (EAJ)
Ordezkoak: Ekiñe Saizar (Bildu), Jokin Izagirre (Orain), Noemi Ostolaza (EAJ)
- Kirola, Aisialdia eta Gazteria
Titularrak: Bixente Lasa (Bildu), Jokin Izagirre (Orain) eta Elena Etxeberria (EAJ)
Ordezkoak: Jon Agirresarobe (Bildu), Miriam Uranga (Orain) eta Jon Redondo (EAJ)
- Ongizatea, Enplegua eta Merkataritza
Titularrak: Miriam Uranga (Orain), Amaia Dorronsoro (Bildu) eta Noemi Ostolaza (EAJ)
Ordezkoak: Jokin Izagirre (Orain), Beñat Solaberrieta eta Eugenio Cotado (EAJ)
Orain eta Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin onartu zen alkatearen proposamena.
Alderdi eta zinegotzien ordainsariak proposatu zituzten gero:
- Alderdi bakoitzak 350 euro
- Batzordekide izateagatik 200 euro (Ekiñe Saizar, Jon Redondo, Noemi Ostolaza, Angel del Hoyo, Eugenio Cotado, Lourdes Salsamendi eta Elena Etxeberria)
- Batzordeburu izateagatik 300 euro (Bixente Lasa, Jon Agirresarobe eta Jokin Izagirre)
Orainek eta Bilduk aldeko botoa eman zioten ordainsarien proposamenari, EAJkoek, berriz, aurkakoa. Jon Redondo zinegotziak beren botoa azalduz zera esan zuen: ez dugu aurka bozkatu batzordekide edo batzordeburuek jasoko duten diru kopuruagatik, baizik eta ez zaigulako normala iruditzen alderdi politiko guztiek kopuru berdina jasotzea zinegotzi kopuruari erreparatu gabe. Orain arte proportzionaltasuna mantendu da eta azken batzarrean ere guk horren alde egin genuen. Beñat Solaberrietak bi ñabardura egin zituen honen aurrean, esanez, proposamen hori egitearen arrazoia izan dela krisi ekonomikoari aurre egiteko murrizketak egin behar direla eta hori izan zitekeela modu bat eta liberatuek ez dutela jasoko batzordekide eta batzordeburu izateagatik dagokien ordainsaria. Noemi Ostolazak gaineratu zuen diru kopurua txikiagoa izanda ere proportzionala izango balitz onartuko luketela.
Udaleko kideek beste erakunde batzuetan ere badute ordezkaritza eta horien berri ematea izan zen hurrengo puntua eta aho batez onartu zena.
- Mankomunitatea: Beñat Solaberrieta eta Noemi Ostolaza
- Urkome: Beñat Solaberrieta
- Ur kontsorzioa: Beñat Solaberrieta
- Euskal Fondoa: Beñat Solaberrieta
- Kutxa: Beñat Solaberrieta
- Udalarrantz: Beñat Solaberrieta
- Uema: Beñat Solaberrieta, Jon Agirresarobe eta Ekiñe Saizar.
Udalbatzarreko hurrengo puntua alkateak hainbat izendapeni buruz hartutako erabakien berri ematea izan zen. Alkate ordea Mirian Uranga izango dela jakinarazi zuten lehenengo, eta Gobernu Batzordeko kideak zein izango diren gero: Beñat Solaberrieta (Bildu), Miriam Uranga (Orain), Amaia Dorronsoro (Bildu) eta Jokin Izagirre (Orain). Horren berri eman ondoren Jon Redondok eskatu zuen bozeramaileen batzordea eratzeko eta hilean behin ordainketen eta dekretuen berri emateko. Bestalde, Gobernu Batzordean lau kide daudela eta beren harridura azaldu zuten EAJtik. Mirian Urangak esan zuenez, Gobernu Batzordearen eraketa hiru alderdietako ordezkariekin aurreikusten zen, baina EAJk parte hartzeari uko egin zionez, aukeratu beharra zegoen lauk edo bik osatzea eta hiruk osatuz gero, Udalbatzan ez dagoen gehiengoa islatuko luke eta ez zitzaigun bidezkoa iruditzen plenoan ez dagoen gehiengoa Gobernu Batzordean irudikatzea, beraz, laukoa osatu eta berdintasuna dago, baina errepikatu nahi nuke hasierako asmoa zela hiru ordezkarik osatzea bat EAJkoa, bestea Bildukoa eta Orainekoa hirugarrena.
Azkenik, datorren urteko herriko jai egun ofiziala ekainaren 29a, San Pedro eguna, osteguna, izendatzea erabaki zuten aho batez.