Zarautz BTT Pagoeta Taldeak antolatuta, Pagoeta BTT Trabesia egingo dute hirugarren aldiz igandean, hilaren 10ean.
Aurtengoan hainbat berrikuntza izango da. Izan ere, soilik trabesia egingo dute txirrindulariek, eta aurreko urteetan ez bezala ez dute jaitsiera egingo.
Halaber, bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek. Ibilbide motzak zailtasun erdia izango du, eta hogeita hamar kilometroko bidea egin beharko dute kirolariek. Beste ibilbideak, berriz, 50 kilometro ditu, eta antolatzaileen arabera, zailtasun «handia» du.
Hala ere, antolatzaileek nabarmendu dute bi ibilbideek Pagoeta Natur Parkean mendiko bizikletan jarduteko eta bide ederrak ezagutzeko aukera ematen dutela.

Saioan 16 urtetik gorako federatu eta ez federatuek hartu ahal izango dute parte. Baina 16 eta18 urte bitartekoek gurasoen baimena sinatuta eraman beharko dute.
Trabesiarako aldez aurretik eman zitekeen izena, baina atzo amaitu zen epea. Dena den, egunean bertan ere izango da horretarako aukera. 7:00etatik 8:00etara bitartean inskribatu daitezke interesa duten txirrindulariek, Aritzbatalde kiroldegian.
Federatuak hamar euro ordaindu beharko dute, eta ez federatuek 15 euro. Aritzbatalde kiroldegitik abiatuko dira lehiakideak, 08:30ean.
Ibilbidea Pagoetako gurutzean amaituko dute txirrindulariek, eta ibilbidean zehar indarrak hartzeko hiru postu izango dituzte.
Dutxa eta saria
Trabesia amaitzen dutenean bizikletak garbitzeko eta dutxa bat hartzeko aukera izango dute.
Saioaren bukaeran bizikletak garbitzeko gunea eta merezitako dutxa hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, oroigarriak eta zozkatutako sariak ere banatuko dizkiete antolatzaileek.