Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioarekin batera, esklerosi anizkoitza duten pertsonen aldeko ekintzak antolatu ditu azken hamalau urtotan, Busti zaitez kanpainaren barruan; aurten ere, gaixotasunaren inguruko ingormazioa eta pertsona horiei elkartasuna adieraziko dute Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, Gipuzkoan, Bizkaian eta Arabako beste hainbat herrietan bezala.
Aurreko urteetan bezala, Orio, Zarautz eta Zumaiako hondartzetan igeri egingo dute fundazioak hondartzan egokitutako guneetan, eta Azpeitian, berriz, kiroldegian egingo dute. Kostaldeko herrietan igandean egingo dute ekimena, eta Azpeitian, hurrengo asteartean egingo dute. Antolatzaileek nabarmendu dute ekitaldi «sinbolikoa» izan ohi dela hori, beraz, bakoitzak nahi dituen metroak egingo ditu. 10:30ean irekiko dituzte guneak, baina egun osoko ekimena izango da.
Horrez gain, gaixotasun horren inguruko informazio guneak jarriko dituzte, gizartea sentsibilizatzeko asmoz. Zarautzen, 10:00etatik eguerdira bitartean malekoian izango dira; Zumaian, 11:00etatik aurrera hondartzan izango dira, eta Orion herriko plazan pasatuko dute goiza; Azpeitian, berriz, goizean merkatuan izango dira, eta arratsaldean igerilekuan egongo dira. Postuetan, gaitzaren inguruko datuak emateaz gain, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak finantziatzeko asmoz Kukuxumuxu markako produktuak salduko dituzte.
Antolatzaileek ondoren metro guztiak batuko dituzte, eta aurten ere aurreko urteetako harrera mantentzea espero dute; iaz, esaterako Gipuzkoan ia 40.000 lagunek hartu zuten parte ekimen solidarioan.