”Toldoa bai, bainua ere bai!». Hori zen herenegun arratsaldean Munoa Plazan entzuten zen aldarrikapen nagusia. Ez zen bakarra, hala ere. Izan ere, Narros jauregitik hasi eta Muskaria parerainoko toldoen jabeak haserre daude. Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzak hondartzaren mendebaldeko 500 metroko eremuan toldoak jartzea debekatu du, Kosta Legea dela-eta. Lege horren arabera, itsasgora denean itsasertzetik hasita sei metroko guneak libre geratu behar du, eta baldintza hori ez da betetzen ez Muskaria parean, ezta Narrosen ere. Ildo horretatik, 250 toldo erabiltzaile inguru Munoan bildu ziren herenegun, auzia salatzeko.
«Honek ez du ez hanka ez bururik. Bizitza guztia daramagu Narros pareko seigarren toldoan, eta marea beti igo da goraino», kexu dira izenik eman nahi ez duten bi emakume zarauztar. «Begira, begira, nola dagoen marea oraintxe bertan», adierazi du emakume heldu batek, itsasgorari erreferentzia eginez. Mareen taula eskuan, eta ordulariari begira, honakoa dio: «20:30ak puntuan dira, eta taularen arabera, oraintxe da itsasgora. Ez dago ezta hondar zentrimetro bat bera ere!».
«Ez dago eskubiderik», gaineratu dute beste emakumeek: «Ezin da halako tradizio bat une batetik bestera hala eten». «1.888. urtetik daude toldoak Zarautzen. Herriko ikono bilakatu dira. Oso penagarria da 500 metroko eremuan halakorik ez egotea; hondartza hutsik dagoela dirudi», nabarmendu zuen Josune Silvan zarauztarrak.
Iritzi berekoa da Josu Arruti: «Bizitza guztian itsasoa malekoiraino igo da, bizitza guztian hemen izan dugu toldoa, eta orain aplikatu dute Kosta Legea». Haren hitzetan, «ez da logikoa»: «Kosta Legearen arabera, marea igotzen denean hondarretan ez du traba egiten duen ezerk egon behar. Orain arte itsasgora zenean toldoak kendu eta makilak uzten zituzten toldo zaintzaileek. Inoiz ez da eragozpenik izan, beraz. Lotsagarria da, benetan».
Kosta Legea sortu dutenek Zarauzko itsasoaren egoera ez dutela «ezagutzen» esan zuen Arrutik: «Ezin da Mediterraniar itsasoan aplikatzen den lege bera hemen ezarri. Hemen, marea normala izan ala bizia izan, berdin-berdin jotzen du malekoia. Hura, ordea, lasaiagoa da».
Arrutik 70 urte beteko ditu laster, eta haren familiak bera jaio baino lehenagotik izan du toldoa Munoa behean. «Toldoa oso gauza ederra da. Bertan utz ditzakezu etxetik eramandako gauza guztiak, bertan alda zaitezke uretatik ateratzean…Eta orain, zer? Eguzkitako edo sonbrilla txatxu batekin etorri behar izaten dugu hondartzara!».
Hala ere, ez da toldoak eskaintzen duen abantaila bakarra; izan ere, erabiltzaile bakoitzaren kokaleku finkoaren erakusle da. «Normalean, erabiltzaileek euren etxetik gertu izaten dute toldoa. Hala, bizilagunak eremu berean elkartzen dira, eta harreman sendoak sortzen dira».
250 toldo gutxiago
Hasi berri den denboraldian Kosta Legeak dioena bete du Udalak. Toldo kopurua murriztu egin da, beraz. Guztira, 250 toldo kendu dituzte. Hori hala, kaltetuentzat beste guneren bat egokitzen saiatuko dira. Horrek areagotu egin du erabiltzaileen kezka. «Bizitza guztian hemen egon gara. Orain, legea dela-eta, zer egin behar dugu, lehen Gran Hotela (Eguzki Lore) zegoen tokira lekualdatu? Ezta pentsatu ere!», zioen haserre emakumeak. «Gainera, tokia ba al dago bada ekialdean 250 toldo hauek egokitzeko», zalantzan jarri zuen Joxe Mari Argotek.
Hori dela eta, Zarauzko Udalaren «kudeaketa txarra» kritikatu zuen batek baino gehiagok: «Udalak egin duena ere lotsagarria da; helegitea lehenagotik aurkeztu behar zuen. Izan ere, aspaldidanik zuten legearen berri. Haiek kobratu eta pasatzen laga dute auzia». Seigarren toldoaren jabeak «suminduta» ageri dira horren aurrean: «Oso haserre gaude. Gauzak beste modu batera egin zitezkeen, eta ez goizetik gauera guztia aldatu».
«Maiatza aldera toldoak kenduko zituzten zurrumurrua zabaldu zen herrian. Hauteskundeen atarian, ordea, udal ordezkariei ez zitzaien komeni Kosta Zuzendaritzaren eskaera herrian zabaltzea», azaldu zuen Silvanek.

Aurreko agintaldian Udalak zenbait helegite jarri zuela adierazi zuen Bilduko zinegotzi Aitor Goenagak. Kosta Zuzendaritzak, ordea, atzera bota zituela nabarmendu zuen, eta ondorioz, «toldoak kendu» dituztela. «Udal talde bezala, erabakia ez zaigu batere gustatu. Gure esku egongo balitz, toldoak zeuden lekuan jarraituko lukete».
Gainera, beste kostetan aplikatzen dena Zarautzen ere aplikatzea ez zaio «ongi iruditzen»: «Mediterraneoan, esaterako, guztiz ustiatuta dago kosta. Hemen lasai gaude. Badirudi hemengo egoera ez dutela ezagutzen, eta guztioi lege bera aplikatu digute». Hori dela eta, kaltetuekin bilerak egiteko konpromisoa hartu dute: «Batzurekin bildu gara dagoeneko».
Hala ere, «zaila» ikusten du halako lege bat aldaraztea: «Gu saiatu saiatuko gara. Ez badu lortzen, beste irtenbideren bat ematen saiatuko gara».