Santiagoko duna sistema ezagutzeko eta auzolanerako irteerak egingo dituzte

Urola Kostako Hitza 2011ko uztailaren 6a

Zumaiako Udalak Santiagoko duna sistema ezagutzeko eta honen egonkortasuna bermatzeko bi irteera antolatu ditu. Lehenengo irteera larunbatean, hilak 9, egingo dute, eta bigarren irteera uztailak 16an izango da. Larunbatean, Santiagoko dunak duen "garrantzia" eta naturalki dituen balioak azalduko dituztela iragarri du Udalak. Halaber, une hauetan egiten ari dire berri ere emango dute. Hilak 16an egingo duten irteeran, berriz, duna mehatxatzen duten landare exotikoak ezabatzeko auzolana egingo dute. Izan ere, eremu horrek landare inbaditzaileen mehatxua jasaten du, Yucca gloriosa landarearena, kasu. Hala, azken urteetan Santiagoko dunan hedatzen ari den landarea desagertzeko lanean ari dira Zumaiako Udala, Zumaiako Natur Taldea,Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Saila. Irteera horretan, herritarrek lan egingo dute. Udalak jakinarazi du adin guztientzat prestatutako ekimena dela, eta beharrezko materialak udalak berak jarriko dituela esan du. Hondartza ondoko aparkalekuan bilduko dituzte landare horiek. Larunbatean 11:00etan elkartuko dira, eta hilak 16ean, berriz, 09:00etan. Irteeren inguruko informazio gehiago bildu nahi izanez gero Zumaiako Udaleko Ingurumen Saileko 943-86 50 33 telefonora deitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide