Aian Udalbatza berriak lehenengo bilkura egin zuen joan zen astean, eta bertan datozen lau urteetarako batzorde berriak eta zinegotziak izendatu zituen. Oro har, aurreko agintaldiaren jarraipena izango da, baina hainbat berrikuntzarekin.
Abiatu berri duten agintaldian lau batzorde egongo dira, zazpiren ordez. EAJk izango du guztien ardura. Beraz, zinegotzi guztiak alderdi horretako ordezkariak izango dira. Maria Jesus Arruabarrena izango da Hezkuntza, Gaztedia eta Ongizatea Sailaren buru; Hirigintza, Berrikuntza eta Mugikortasun Saila, Kultura, Euskara eta Kirol Saila, eta Nekazaritza eta Turismoa Sailak, berriz, Igor Iturainek hartu ditu bere gain. Iturain Aiako alkateak jakinarazi duenez, hauteskunde kanpainarako hala antolatu zituzten sailak, eta horren arabera osatu dituzte lau batzodeak.
Batzordeak EAJren esku egongo badira ere, bertan lantzen dituzten gai eta proposamenak Gobernu Batzordean erabakiko dituzte, eta hori EAJko lau ordezkarik eta Bildu koalizioko hiruk osatuko dute. Igor Iturain, Maria Jesus Arruabarrena, Asier Ibarguren eta Idoia Iribar jeltzaleek, eta Aritz Arruti, Aitzpea Elgarresta, eta Asier Egaña Bilduko ordezkariek osatuko dute, hain zuzen ere. Gainera, Bilduko ordezkariek bozkatzeko eta erabakitzeko aukera izango dute Gobernu Batzordean, orain arteko ildoari jarraituz.
Batzorde horiez gain, beste organuen ardurak ere onartu zituzten. Igor Iturain izango da guztien arduradun. Era berean, bi organuren kargua Arrutirekin (Bildu) partekatuko du alkateak. Sailen banaketa EAJ alderdiaren sei botoekin onartu zuten, Bilduk aurka bozkatu baitzuen. Koalizioaren ustez, sailak ez dira «proportzionalki» banatu, eta sail gehiago merezi dutela uste dute.
Zinegotziak ez ezik, Maria Jesus Arruabarrena alkateorde ere izendatu zuten lehenengo bilkuran, eta Aritz Arruti, Bilduko zerrendaburua, bigarren alkateorde izendatu zuten.
Gobernu Batzordearen osaketa, gainontzeko erakundeetako parte-hartzaileak, alkate-ordeen izendapena, eta zinegotzi eta alderdi politikoen dieten ingurukoak aho batez onartu zituzten ezohiko bilkuran.
Liberazioak eta soldatak
Orain arte bezala, alkatea izango da Udaleko liberatu bakarra. Bide beretik, aurrerantzean ere ordainsariei eutsi egingo dietela jakinarazi du Iturainek. EAJren aldeko sei botorekin eta Bilduren aurkako bostekin onartu zuten alkatea liberatzea eta soldataren zenbatekoa ere. Aritz Arruti Bilduko zinegotziak adierazi du koalizioa alkatearen soldata izoztearen aldekoa dela, krisi ekonomikoagatik.
Beraz, alkateak 2.412 euroko soldata garbia izango du hilero. Alderdiek, berriz, hilean 144 euro jasoko dute, eta zinegotzi bakoitzagatik hilean 57,91 euro. Horrez gain, zinegotzi kargua dutenek hilean 90 euro jasoko dute, eta bilerako 24 euro. Alkateordeak, berriz, hilean 120 euro jasoko du.
Udal osaketa
Gobernu batzordea
Igor Iturain, Maria Jesus Arruabarrena, Asier Ibarguren, Idoia Iribar (EAJ), Aritz Arruti, Aitzpea Elgarresta, Asier Egaña (Bildu)
Sailak
Hezkuntza, Gaztedia eta Ongizatea. Maria Jesus Arruabarrena (EAJ).
Hirigintza, Berrikuntza eta Mugikortasuna. Igor Iturain (EAJ).
Kultura, Euskara eta Kirolak. Igor Iturain (EAJ).
Nekazaritza eta Turismoa. Igor Iturain (EAJ).
Beste organoak
Gipuzkoako Ur Partzuergoa. Igor Iturain (EAJ).
Udal Elkartea. Igor Iturain (EAJ-PNV) eta Aritz Arruti (BILDU).
Pagoetako Patronatua. Igor Iturain (EAJ)Aritz Arruti (BILDU).
GPS Fundazioa. Igor Iturain (EAJ).
Urkorme. Igor Iturain (EAJ).
Eudel. Igor Iturain (EAJ).