Dagoeneko ireki dute XLVII. Patxi Zaporraren Oroimenezko Txapelketan izena emateko epea. Pilota txapelketa abuztuaren 1ean abiatuko dute eta lau asteko iraupena izango du. Ohi bezala, partidak Frontoi Txikin izango dira.
Partidak astelehenetan eta asteazkenetan jokatuko dituzte, 19:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria eginez gero, partidak atzeratu daitezke aste bereko ostegunera edo ostiralera.
Iazko formatu bera
Iazko formatu bera izango du txapelketak. Ildo horretatik, parte-hartzaileek federatuta beharko dute egon. Parte hartzea mugatua izango da, hamabi bikotek eman ahalko dute izena. Hamabi bikote horiek lau multzotan sailkatuko dituzte, hiru bikotek osatuko dute multzo bakoitza, eta horiek elkarren artean neurtuko dira. Multzo bakoitzeko irabazleak finalerdietarako sailkatuko dira, eta gailentzen direnek finala jokatu.
Ordaindu gabe
Zaporra Oroimenezkoan parte hartu nahi dutenek 943831463 telefono zenbakira deitu beharko dute, goizeko ordutegian, edota zke-cdz@zarautz.com helbide elektronikora mezua bidali, uztailaren 22a bitartean. Izena ematerakoan ez da ordaindu beharko.
Bi bikote finalistek eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, ohiko garaikurraz gain, Argiñano jatetxean afari bana irabaziko dute.
