«Nahiko ‘saltseroa’ izan naiz betidanik, herriko hainbat alorretan jardun dut»

Getariako Hitza 2011ko uztailaren 5a

Ilusioa, hori du Nika Lertxundi (Aia, 1969) Getariako alkate berriak. Aurrerantzean lan asko egin beharko dutela dio, baina gogoz dago. Inoiz ez da alderdi politiko jakin bateko militante izan, baina maite du politika. Bilduk konbentzitu du, abaniko zabala eta freskotasuna eskaintzen duelako. Hori oinarrian, aurrera begirako proiektuen inguruan aritu zaio Urola Kostako Hitza-ri. Aiarra zara jaiotzez. Nola iritsi zara Getariako alkate izatera? Gaztetan andregai getariarra aurkitu nuen, eta Getariara ezkondu nintzen 1994an. 18 urte inguru darama Getarian bizitzen. Gerora, seme-alabak izan genituen. Aiarra naiz izatez, baina getariarra ere sentitzen naiz. Bi sentimendu ditut, egia esan. Aski ezaguna zara, beraz, herrian. Bai, gainera, nahiko saltseroa izan naiz betidanik. Debaldeko tokitan oso ongi funtzionatu izan dut. Herriko kultur taldeetan, guraso taldeetan, mendizale taldeetan jardun dut, bi elkarte gastronomikotako kide ere izan naiz; bietan zuzendaritzan, gainera. Nola aldatu da zure bizitza alkate izendatu zaituztenetik? Getariako alkatetzan orain dela 15 egun sartu naiz, baina udalen funtzionamendua duela 19 bat urtetik ezagutzen dut; izan ere, Aiako Udalean urte askoan jardun dut lanean, brigadan. Era horretan ezagutzen dut, beraz. Alkate izatea, ordea, ez dakit zer den. Baina Bilduren inguruan elkartu garen ia guztiok ez gara inoiz politikan aritu; era xelebre batean elkartu gara. Aurretik ez zara [...]

Ilusioa, hori du Nika Lertxundi (Aia, 1969) Getariako alkate berriak. Aurrerantzean lan asko egin beharko dutela dio, baina gogoz dago. Inoiz ez da alderdi politiko jakin bateko militante izan, baina maite du politika. Bilduk konbentzitu du, abaniko zabala eta freskotasuna eskaintzen duelako. Hori oinarrian, aurrera begirako proiektuen inguruan aritu zaio Urola Kostako Hitza-ri.
Aiarra zara jaiotzez. Nola iritsi zara Getariako alkate izatera?
Gaztetan andregai getariarra aurkitu nuen, eta Getariara ezkondu nintzen 1994an. 18 urte inguru darama Getarian bizitzen. Gerora, seme-alabak izan genituen. Aiarra naiz izatez, baina getariarra ere sentitzen naiz. Bi sentimendu ditut, egia esan.
Aski ezaguna zara, beraz, herrian.
Bai, gainera, nahiko saltseroa izan naiz betidanik. Debaldeko tokitan oso ongi funtzionatu izan dut. Herriko kultur taldeetan, guraso taldeetan, mendizale taldeetan jardun dut, bi elkarte gastronomikotako kide ere izan naiz; bietan zuzendaritzan, gainera.
Nola aldatu da zure bizitza alkate izendatu zaituztenetik?
Getariako alkatetzan orain dela 15 egun sartu naiz, baina udalen funtzionamendua duela 19 bat urtetik ezagutzen dut; izan ere, Aiako Udalean urte askoan jardun dut lanean, brigadan. Era horretan ezagutzen dut, beraz. Alkate izatea, ordea, ez dakit zer den. Baina Bilduren inguruan elkartu garen ia guztiok ez gara inoiz politikan aritu; era xelebre batean elkartu gara.
Aurretik ez zara inongo alderdi politikotako militante izan, beraz.
Ez. Makina bat alorretan jardun dut, baina politika munduan sekula ez naiz ibili, nahiz eta asko gustatu. Telebistan-eta, mahai inguru politikoak ikustea asko gustatzen zait, baina ez nuen ikusten alderdirik bertan erortzeko. Bilduk, ordea, konbentzitu nau.
Zergatik?
Euskal Herriko politika zera da, muturrekoa, nahiko markatua. Bilduk abaniko zabal hori baduela deritzot, mota askotako jendea hartzen du. Lanerako agian ez da errazena izango, baina zabala izango da, anitza, berria. Berde esperantza kolore hori ikusten diot Bilduri. Gainontzeko alderdietatik alkate izateko proposatuko balidate, atalez atal aztertu ostean, ziurrenik ezetz erantzungo nieke. Ziur, gainera. Bilduk, ordea, sorrarazi zidan ilusioa. Niri, eta herritar askori ere bai. Zabaltasun sentsazio hori ematen du, ezkerraldetik beti ere.
Nola iritsi zara alkate izatera? Proposatu egin al zizuten, ala zu hurbildu zinen Bildura?
Oso prozesu azkarra izan da, Getarian zein gainontzeko herrietan. Alderdiak elkartu eta jende bila hasi ziren, eta Getarian talde bat osatu zuten. Nik banekien herrian nola ari ziren antolatzen, eta proposamenen bat jaso nuen. Ezetz esan nien, oraindik ez bainekien zerrendatan nor joango zen. Hori jakin gabe lanean hasteko konpromisoa hartzea ez zait txukuna iruditzen. Hori dela eta, hasieran ezezko nabarmena eman nuen. Azken egunetan zerrenda begiratuta ez nuen oso argi ikusi zein izan zitekeen buru, eta postua eskaini zidaten berriz. Oso denbora gutxi nuen, gainera, erabakia hartzeko. Ez nintzen beldur Bilduk alkatetza lortuko zuen ala ez. Bertigo gehiago ematen zidan erantzukizun sentsazio horrek, jende askoren ilusioaren erantzule izate horrek.
Erabaki zaila izan al da?
Bai, oso. Kasualitatez, mendi irteera bat nuen goizeko 03:00etan, eta egun osoa pasatu nuen hausnarrean. Egun luzea izan zen oso. Herrian zain nituen, gainera, eta iritsitakoan ere oraindik aldekoak eta kontrakoak aztertzen ari nintzen. Azkenean baiezkoa ematea erabaki nuen, eta aurrera, ilusioarekin.
Taldearekin ere ilusionatuta zaude.
Oso talde zabala da, eta ia guztiok herrian hainbat alorretan jardundakoak gara. Ilusio izugarria dugu guztiok, eta bultzada handia jaso dugu. Herritar askoren babesa dugu, eta horrek indar handia ematen du.
Konpromisoa, gogoa eta ilusioa. Horiek izan dira hauteskundeetan gure oinarriak. Eta aurrera begira ere mantenduko ditugu. Nik uler dezaket urte asko politikari emanda, jendea nazkatu edota aspertu egiten dela. Horregatik izan du Bilduk arrakasta, kaleko jendeak freskotasuna sumatu baitu alderdian, eurak bezalako jendea izango dela alderdiko ordezkari. Egun politikarien eta herritarren artean amildegia dagoela deritzot, eta hori akats handia da. Bildu gertukoa da, berriz. Horregatik, herritarrekin egingo dugu politika, haientzat. Gure leloa hori da: herritarrentzat baina herritarrekin elkarlanean. Nola uztartu? Hori izango da aurrerantzean zehaztu beharreko gaia. Zailtasunak izango ditugu agian, baina asmatu egin behar, eta orain horretarako gaude.
Uztartze horretan, nola funtzionatuko duzue?
Horren inguruko hausnarketa ari gara egiten orain. Asmo batzurekin hasiko gara, ez badira betetzen beste batzuk jorratu beharko ditugu. Bildukook garrantzia ematen diogu helmugari, helburuak betetzeari, baina baita bideari ere. Bi aldeak izango ditugu kontuan: zer egin bai, baina baita nola egin ere.
Eta zein izango da zuen lehenengo eginbeharra? Nondik hasiko zarete lanean?
Ezer baino lehenago, gure barne funtzionamendua zehaztu behar dugu. Zein politika mota nahi dugun, eta nola egin erabaki beharra dago lehenik eta behin. Edukiei dagokionez, lehengo udal funtzionamenduari segida emango diogu, nolabait esateko. Izan ere, badirudi Bildu udalean sartu eta iraultza datorrela, baina iraultzak ez dira onak izaten. Jakin egin behar da non zauden, eta luzera begirako helburuak zehaztu, eta horietara nola iritsi pentsatu. Herri funtzionamenduarekin jarraitu behar dugu, eguneroko gaietan, eta epe motz-luze batean ahal den azkarren funtzionamendu hori nola doan ikusi, hobetzeko edota hala jarraitzeko. Horrek erakutsiko digu nondik nora jo. Gure programa hartuko dugu, eta agindu genituenak betetzen saiatu, baina bide jakin bat jorratuz.
Egia esan, hasiera nahiko gogorra izan dugu. Udan badira hustu egiten diren herriak, barrualdekoak, batez ere. Guri kontrakoa gertatzen zaigu; guk bisitariak jaso egiten ditugu, asko gainera. Horrek eragina du herrian, batez ere aparkalekuei dagokionez. Ildo horretatik, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta eta Portu Zuzendaritzarekin hitzarmenak egin behar izan ditugu, herrian nola aparkatu zehazteko. Nahiko buruhauste eman dizkigu horrek; izan ere, jendeak pentsatzen duenaren kontran, Udalak ezin du eskuhartu auzi horretan, Portu Zuzendaritzak bideratzen baitu hori.
Bestalde, Balentziaga Museoa ireki berri dute; guk kargua hartu baino egun bat lehenago, zehazki. Horrek erakarriko duen jendetza ere kudeatu egin behar dugu. Halaxe gabiltza, anabasa hori antolatu nahian.
Horrez gain, festak ere gain-gainean ditugu, eta egitarauak-eta prestatu behar ditugu. Asanblada antolatu dugu herritarrekin elkarlanean festak antolatu ahal izateko. Lehenengo bilkura ere egin dugu, eta arrakastatsua izan da; 70 bat lagun bildu ginen, izan ere. Kontu batzuk oinarrizkoak izaten dira; meza nagusia eta bazkariak, esaterako. Eutsiko diegu, baina horiek nola jantzi erabaki behar dugu orain.
Oso une biziak dira. Egunero 17:00ak aldera udaletxean elkartzen gara alderdikideak, eta alderdiko kide ez direnak ere bai, eta hainbat gaietaz hitz egiten dugu. Hala ere lo lasai egiten dut, oraindik ez dugu istilurik izan eta.

Harreman oso ona dugu Aralarreko ordezkariekin. Kargua hartu aurretik, Gobernu Batzordean sartzea proposatu genien. Parte hartzeko erabat ados agertu ziren, baina ez ordea Gobernu Batzordean sartzeko. Hala ere, gonbita irekita dute, iritziz aldatzen badute ere. EAJkoekin ere hitz egin genuen, haien programan eta geurean hainbat ildo komun baitaude. Hala ere, jorratu beharreko bideak desberdinak dira. Gure asmoa guztiekin giro ona izatea da. Izan ere, guztiok aukeratu gaituzte herritarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide