Eusko Tren Ligan Getariako trainerua lehen postuan da

Urola Kostako Hitza 2011ko uzt. 4a, 13:37

Getariarrek ezin hobeto hasi dute Eusko Tren Liga. Emakumezkoen lehenengo estropadak izan dira pasa den asteburuan, eta Getaria-Tolosa traineruak irabazi du Bilboko bandera.
Aurten, ligaxka bi multzotan ari dira aurrera eramaten Eusko Tren Liga; A taldean, Galizia, Zumaia eta Orio ari dira lehian, eta horiek bigarren eta hirugarren amaitu zuten larunbateko Camargoko (Espainia) saioa, hurrenez hurren. B taldean, berriz, Getaria-Tolosarekin batera, Bizkaia, San Juan eta Hondarribia traineruak dabiltza. Ligaxka amaitutakoan, talde bakoitzeko lehenengo bi traineruak lehiatuko dira Zarautzen egingo dituzten play-offetan.
Hala, sailkapen orokorreko A multzoan Zumaiak bi puntu ditu, eta Oriok puntu bat du. B multzoan, berriz, Getaria lehenengo postuan da, lau puntukin.
San Miguel Liga ere asteburuan hasi dute gizonezko arraunlariek, joan zen ekainean Bordeleko estropadak bertan behera geratu ondoren. Joan zen larunbatean Camargon egin zuten lehenengo estropada, eta Zumaiak seigarren postua lortu zuen bertan. Oriok ez zuen ongi hasi denboraldia, eta zortzigarren amaitu zuen. Hala ere, sailkapen orokorrean Zumaiako eta Orioko traineruek zortzigarren eta hamargarren postuan daude; izan ere, igandean, Bilboko banderan, oriotarrek hamaikagarren egin zuten, eta zumaiarrek zortzigarren.
KAE 1 ligan, bestetik, Josean Olaskoaga oriotarrak gidatzen duen Portugalete traineruak jarraitzen du sailkapeneko lehenengo postuan; eskualdekoei dagokienez, berriz, larunbatean, zarauztarrak bosgarren izan ziren Portugaleten, eta atzo hirugarren egin ostean, sailkapen nagusian zazpigarren postuan da Enbata, 21 puntukin. Orio B trainerua, berriz, bederatzigarren amaitu zuen larunbatean, eta igandean hamaikagarren. Beraz, sailkapen orokorrean hamargarren postuan da. KAE 2 Ligan Getariako traineruak postu bat galdu du; izan ere, atzoko estropadetan bere txandan azken amaitu zen, eta ondorioz sailkapen orokorrean hirugarren postuan dago, 41 puntukin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide