Orioko Udalak uztailaren 14tik 17ra bitartean egingo den Bisiguaren Festako laugarren edizioa aurkeztu du udaletxeko pleno aretoan. Aurkezpenean Bisiguaren Festa antolatzen herriko eragileekin elkarlanean egindako lana eta festaren izaera parte-hartzailea nabarmendu dute. Lehenengo herrian egin nahi genuen festaren aurkezpena herritarrek dutelako lehentasuna eta hauen laguntza ezinbestekoa delako jaia antolatzeko, esan du Beñat Solaberrieta alkateak.
Aurreko edizioetan bezala aurten ere protagonista bisigua izango dela azaldu du, baina baita herritarrak ere, herritarrik gabe festarik ez dagoelako. Bestalde, argi utzi nahi izan dute hiru aste baino ez direla Udalean sartu direla eta sanpedroak bezala Bisiguaren festa ere gainera etorri zaiela eta ez dutela partehartze prozesua nahi bezala antolatzerik izan. Beraz, jaia antolatzeko herritarrengana joan direla zuzenean laguntza eske. Herritarrak festan inplikatuta ikusi nahi ditugu eta horretarako ezinbestekoa da herritarrak festaren antolaketan inplikatzea, esan du Solaberrietak. Ondoren, Bisiguaren Festaren antolaketan parte hartu duten guztiak eskertzeko baliatu du aurkezpena: Arrantzale Kofradia, Bisiguaren festa egunetan itsasoan diren arrantzaleak, saregileak, Harribil Dantza Taldea, Egunsentia Otxotea, Txurrumuski Aisialdi Elkartea, tabernariak, merkatariak, elkarte gastronomikoak, Ander Beldarrain trikitilaria, Zaharren Babes Lekua, eta festa antolatzen lagundu duten guztiak.
Parrilleroak
Horiek guztiek hartuko dute parte, baina jatorduak prestatzeko parrilleroen lana ezinbestekoa da eta aurreko hiru
edizioetan bezala Joxe Miel Zendoiak –Katxina jatetxea–, Luis Mari Urangak
–Xixario jatetxea– eta Mikel Manterolak –Joxe Mari Erretegia– bostehun bisigu
baino gehiago erreko dituzte lau egunetan. Alkateak esker oneko hitzak izan
ditu hauentzat: Ez da lan makala egiten dutena eta jartzen duten mimoa eta borondatea, beraz, ez nuke aukera pasatzen utzi nahi egiten duten lan eskerga txalotu eta azaltzen
duten prestutasuna eskertu gabe.
Joxe Miel Zendoia Katxina jatetxeko parrilleroak hartu du hitza eta festak arrakasta handia duela eta jatetxeetan antzematen dela esan du. Orioko taberna eta jatetxeetan egun horietan jende pila bat ibiltzen da eta baita urteko beste sasoi batzuetan ere, Euskal Herriko txoko askotatik baita Espainiatik ere. Beraz, Bisiguaren festa gauza ona dela esan dezakegu. Gu saiatuko gara ahalik eta ondoen lan egiten eta beste urteetako jaiei erreparatuta aurtengoa ere ondo aterako dela uste dugu. Zendoiak gaineratu du, aurten hemengo bisigua jateko aukera izango dela: Dena zaila izango den arren, 500 bisiguren artean gehientsuena Kantauri itsasoko bisigua izango da eta kanpokoa ere kalitate onekoa izango den zalantzarik ez daukagu.
Bisiguaren Festarako otorduen berri eman dute gero. Menua aurreko edizioko bera izango da, eta bost platerek osatuko dute: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrilan eta bisigu formadun postrea. Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira. Bisigu bakoitza kilo ingurukoa izango da, bi lagunentzako adina. Joxe Miel Zendoiaren esanetan, bisigua zabalik ateratzen digutenean platerera olio errearekin denoi gustatzen zaigu aurpegia aldatzeraino. Tabernan ere antzematen da nola batzuetan gosez eta aurpegi serioarekin mahaian jarri eta bisigua jandakoan pozik ateratzen diren irribarrez. Gaineratu du prezio aldetik ere ez dela garestia – 45 euro – eta txartela eskuratzeko zorterik izan ezean ere herrian izango direla Bisigu Festaren aitzakian bestelako ekintzak ongi pasatzeko.
Luis Mari Urangak kanpoko jendeak Bisigu Festa egingo zen ala ez kezka zeukala azaldu du. Tolosan Bisigu Festan izan ginenean jendeak esan zigun etorriko zela eta beste txoko askotatik ere etorriko da jendea, eta gu zenbat eta jende gehiago etorri orduan eta gusturago.
Parrilleroei hitza eman aurretik, Beñat Solaberrietak udal talde berriak Bisiguaren Festan sinisten duela berretsi eta etorkizunean festa antolatzen jarraitzeko konpromisoa iragarri du. Eta oriotarrei deia luzatu die antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzeko “ikusle edo parte-hartzaile moduan. Egitaraua herritarren gustukoa izango delakoan, izango dugu elkarren berri”.
Ekintza bereziak
Bisiguaren Festaren egitaraua aurkeztu du
jarraian Ekiñe Saizar zinegotziak esanez, aurten bisiguak protagonismo partekatua izango duela, jatorduez gain bestelako ekintzak izango direlako. Aurreko edizioetan bezala bost otordu izango dira: ostegun eta ostiral iluntzetako afariak, larunbateko bazkaria eta afaria eta igandeko bazkaria.Otordu bakoitzean 200 laguni emango zaie jaten.
Egitarauko ekintzak herriko eragileekin antolatuak izan direla esan du eta herritarrek gozatzeko asmoz eginak. egitaraua delako. Ekitaldi guztien artean badira batzuk aipamen berezi merezi dutenak:
Pintxo-zirkutua: Herriko tabernarien laguntzarekin, lau egun horietan herrira etorriko diren bisitariek herriko tabernetan kontsumi dezaten lortu nahi dugu, eta helburu horrekin moilan jartzen zen txosna ez jartzea eta herriko ohiko zirkuitua sustatzea erabaki dugu.
Bisiguaren bila ginkana-triviala: Larunbat eguerdirako antolatu dute koadrilen arteko lehia, bi zati izango dituena: hasieran, parte-hartzaileek ginkana moduko batean parte hartuko dute. Pista batzuk jarraituz zenbait elementu eskuratu beharko dituzte. Froga amaitzen duten lehenengo bi taldeek finala jokatuko dute. Trivial jolasean egiten den bezala, herriarekin eta arrantzarekin zerikusia duten galderak erantzun beharko dituzte, azaldu du Saizarrek. Irabazleek larunbat iluntzean Orioko plazan afaltzeko lau gonbidapen jasoko dituzte. Izen-emateak plazan bertan egin behar dira, larunbatean 11:00etatik aurrera.
Igande eguerdian herriko elkarte gastronomikoekin hegaluzea modu ezberdinenean nola prestatzen den azaltzeko antolatu duten erakusketa: Sukaldea kalera aterako dugu, eta elkarte gastronomiko bakoitzak hegaluzea modu ezberdinean prestatuko du jendaurrean.
Egitaraua
Uztailak 14, osteguna
o 20:00 aurkezpen ekitaldi komunitarioa plazan. Harribil dantza taldeak eta Egunsentia Otxoteak parte hartuko dute. Horrez gain, herritarrek arrantza tradizioan oinarritutako testuak irakurriko dituzte.o Jarraian, Pintxo- zirkuituaren aurkezpena. Taberna bakoitzak bere pintxo proposamena aurkeztuko du. Jaiak irauten duen bitartean, ostegunetik igandera, pintxoak dastatzeko aukera izango da zirkuituan parte hartu duten tabernetan.
o 20:30, otordua
o Afaloste girotua: Egunsentia Otxotea eta Ander Beldarrain trikitilaria.
Uztailak 15, ostirala
o Goizean zehar, Txurrumuski Aisialdi Taldearen eskutik, Udaleku irekietako haurrek bisigua gaitzat hartuta egindako marrazkiak zintzilikatuko dituzte plazan.
o 19:00, Orio Loretan lehiaketaren VII. edizioaren sari banaketa plazan.
o 20:30, otordua.o Afaloste girotua: Ander Beldarrain trikitilaria.
Uztailak 16, larunbatao 11:30, Bisiguaren bila. Koadrilen arteko ginkana- triviala.
o 12:30, marmitako-jana. Zaharren Babes Lekuak 1.200 marmitako razio banatuko ditu euro batean.o Egunsentia Otxotea kalean eta otorduan izango da kantari.
o 14:30, otordua.
o 17:00, Bisiguaren III. Bandera Oria ibaian. KAE 1 ligarako puntuagarria.
o 20:30, otordua.
Arratsaldea eta iluntzea txarangak girotuko ditu herriko kaleak.
Uztailak 17, igandea
o 12:00, herriko elkarte gastronomikoek hegaluzea hainbat modutan nola egiten den erakutsiko diete herritarrei.
o 14:30, otordua.
Postuak: Bisiguaren Festak irauten duen bitartean Orioko plazan postu hauek izango dira: Itsas Mendi (Kalitatezko artisau kontserbak), Segurako Taloak, Saizar sagardoa, Orioko saregileak, Eizagirre ahizpal Bruño (Txangurro papurtua) eta Orioko Turismo Bulegoa.
Txartelak salgai
Azkenik gogoratu dute Orioko plazan bisigua jateko txartelak saltzen ari direla eta oraindik erosteko aukera zabalik dagoela. Erreserbak egiteko 943 83 09 04 telefono zenbakira deitu behar da –10:00etatik 13:00etara eta eta 16:00etatik 18:00ak arte–.
Etorkizunean ere festa
Azkenik Beñat Solaberrietak esan du, Udal talde berriak Bisiguaren Festaren aldeko apustua egin duela eta baiezko borobila eman diola; eta etorkizunean festa antolatzen jarraitzeko konpromisoa ere iragarri du. Horretaz gain, herritarrak gonbidatu ditu aktiboki parte hartzera Bisiguaren Festan. Espero dugu aurtengo Bisigu Festa denon gustukoa izatea eta hurrengoan denon artean pentsatuko dugu nolakoak izan daitezkeen eta denon parte hartzearekin antolatuko ditugu.