Etxekoa izan zen lehena taularatzen zozketaz hala erabakita. Ander Beldarrain aiarra, Loretxuko azken belaunaldikoa, Eider Iraola zestoarrarekin izan zen bikote. Akats txikiak izan zituen Anderrek eta bazirudien inork ezin izango zuela bikoteak emandako maila eman.
Atzetik, Ane Balerdi Altzoko soinujolea JokinTolosa panderojole amezketarrarekin igo zen. Oriora etorri eta Gozategiren pieza asko jo zituen, iheslari fandangoa eta pot-pourrian ere pare bat izan ziren harenak. Ejekuzioan garbi aritu zen altzoko trikitilaria, baina erritmo falta nabaritu zitzaion.
Hirugarren bikotea, arrasatearra, oso gaztea zen. 12 urteko Irati Gutierrez trikitixarekin eta 13 urteko Amets Ormaetxea panderoaz. Erropa eta instrumentuak kolore berekoak zituztela igo ziren taulara, eta zuten gaztetasunerako bikain aritu ziren. Azken piezan, Hartu nahi dut arnas, erraustegiaren kontra egindako abestiarekin hasi zuten. Txalo zaparrada ederra jaso zuten txikienek.
Laugarren bikotea ere kostatik, Getariatik, gerturatu zen Oriora. Auspoari ongi eragiten zion Maitane Subijanak, baina Leire Etxeberriak ez zion gehiegi lagundu hasieratik. Dena den, piezatan aurrera egin ahala, nekeak eraginda edo, akatsak ugaritzen joan ziren, Pot-pourrian koordinazioa guztiz galtzeraino.
Iazko txapeldunak, Etxalargo Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpak, azkenak izan ziren jotzen. Bi trikititxa igo zituzten, si bemolekoa eta solekoa. Lehenengo piezan panderojoleak bere habilezia erakutsi zuen, trikitilaria digitaziora mugatu zelarik. Baina bigarren piezan, Kepa Junkeraren nondik jo maurizia? fandangoa aukeratu zuen, eta Junkerari berari inbidia handiegirik ez izateko moduan jo zuen gainera. Aho zabalik geratu ziren bertaratutakoak. Pot-pourrian haustura txikirik egin gabe bukatu zuten beren lana.
Epaia hartu zuten atzetik Edurne Iturbe eta Imanol Urkizuk. Trikitilaria lehenengoa eta panderojolea bigarrena. Txapelak, trofeoa eta 300 euroko ordainsaria Etxalarrera joan ziren aurten ere, Elizagoien ahizpek irabazi zuten, 117 puntu pilatuta. eta. 113,5 puntu batuta, 200 euro eta trofeoa jaso zuten Ander Beldarrain eta Leire Iraolak, bigarren izan zirenek. 3. Ane Balerdi eta Jokin Tolosa izan ziren, 102,5 punturekin, 140 euroko saria jaso zutelarik eta 4. eta 5., ordena zehaztu gabe, Irati Gutierrez eta Amets Ormaetxea arrasatearrak eta Maitane Subijana eta Leire Etxeberria getariarrak. 90na euro bi bikote hauentzat.
Maila ona erakutsi zuten orokorrean trikitilariek.