Auzitegi Nazionalak Bruño ahizpak kondenatu ditu ETAri ordaintzea egotzita

Karkara.eus 2011ko uztailaren 1a

ETAri Iraultza Zerga ordaintzeagatik emandako lehen kondena da

Audientzia Nazionalak urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Blanca Rosa eta Maria Isabel Bruño Azpiroz ahizpei enpresari gisa ETAri 6.000 euro ordaintzeagatik 2003an e...

ETAri Iraultza Zerga ordaintzeagatik emandako lehen kondena da

Audientzia Nazionalak urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Blanca Rosa eta Maria Isabel Bruño Azpiroz ahizpei enpresari gisa ETAri 6.000 euro ordaintzeagatik 2003an eta 2006an mehatxu gutunak jaso ondoren. Hala ere, zigorra ez dute kartzelan bete beharko. Bestalde, Andres Bruño e Hijos enpresako presidente eta presidenteordea diren bi ahizpei hiru urte eta lau hilabeteko gaitasungabetzea edo inhabilitazioa ezarri die auzitegiak.

Fiskaltzak, salaketa egiteko orduan, ETAk, 2008an, enpresariei bidalitako esker oneko gutuna – Francisco Javier Lopez Peña, Thierry  ETAko buruzagia atxilotzean atzemandakoa– baliatu zuen. Fiskaltzak bakoitzarentzat bost urteko kartzela zigorra eta 27.000 euroko isuna eskatu arren, auzitegiak kartzelara eramango ez dituen zigorra ezarri die bi ahizpek beldurrez jokatu zutela iritzita.

Bruño ahizpen absoluzioaren aldeko botoa eman du Jose Ricardo Prada Solaesa magistratuak bere ustez ez dagoelako frogarik estortsio gutunak jaso eta ordainketak egin zituztela baieztatzen dutenik.

Otsailean egindako epaiketan Bruño Azpiroz ahizpek beren burua ETAren biktima gisa definitu zuten beren aitak 1980an mehatxu gutun bat jaso zuenetik, orain dela 30 urtetik, alegia. Orain, berriz, justiziaren biktima direla esan zuten auzipetuta dauden prozedurarengatik.

Bruño ahizpen abokatu Jesus Emilio Soravillak esan du helegitea aurkeztuko duten ala ez erabakitzeko dagoela oraindik eta datozen egunetan balitekeela sententziaren balorazioa egitea.

Alderdien gaitzespena

Epai honen aurrean legebiltzarkide abertzaleek beraien gaitzespena azaldu dute. Legebiltzarrean Bruño ahizpei eta familiari elkartasuna azaldu diete Aralarreko Aintzane Ezenarrok, EAJko Joseba Egibarrek eta EAko Juanjo Agirrezabalak eta injustizia hori justiziak berak konpontzea espero dutela adierazi dute bozeramaileek.

Aralarreko bozeramaile Aintzane Ezenarroren esanetan, Bruño ahizpak ETAren biktima izan ziren eta orain Espainiako justiziaren biktima dira. Gaineratu zuen sententziaren irakurketa politikoa ukaezina dela eta salatu du inoiz ez dela zigortu inor, kartzela zigorrarekin gainera, ustez ETAri ordainketa egiteagatik. Bestalde, sententziaren oso ageriko kontraesana azpimarratu du: Borondatez ordaindu izanagatik zigortzen dituztela esaten den aldi berean, salbuesle bezala ezartzen da beldur jasangaitzak eraginda ordaindu dutela. Beraz, borondatez ordaintzea eta beldurrak eraginda ordaintzea kontraesana da eta hori dela eta, Auzitegi Gorenak sententzia bertan behera utz dezan espero dugu; are gehiago bi ahizpek epaiketan adierazi zutenean ez dutela inoiz era horretako ordainketarik egin. Joseba Egibarren hitzetan, bidegabekeria da Bruño ahizpen aurkako epaia eta justiziari egindakoa konpontzeko exijitu dio, besteak beste frogarik ez dagoela esanez. EAJko bozeramaileak adierazi du 30 urtez xantaia pairatu duen familia batek zigorra jasotzea ezinezkoa dela.  Eusko Alkartasuneko bozeramaile Juanjo Agirrezabalak ere epaia zuzentzeko eskatu du bidegabekeria delako.

Orioko Udalaren mozioa

Bestalde, Orioko Udalbatzarrak Blanca eta Maribel Bruño Azpiroz ahizpen atxiloketa eta kartzelaratzearen harira mozio bat onartu zuen gehiengoz Bruño ahizpen alde. Horrela zioen mozioak:

Lehenengo eta behin, ETAk mehatxupean egindako estortsioaren biktima izan ziren. Guk ez dakigu bi ahizpek ETAri dirurik ordaindu ote zioten, baina segurtasun osoa dugu diru-ordainketa hori egin baldin bazuten, mehatxu horren pean egin zutela. Izan ere, ez Blancak ez Maribelek ez dute bortizkeriarekin lotutako jokaerarik onartzen, are gutxiago bultzatzen, ez politikan ez beste ezertan.

Orain, Baltasar Garzon epaileak egin duen legearen interpretazio okerrarenak izan dira biktima. Kalte alde batetik, eta kalte bestetik, bietan biktima.

Blanca eta Maribel herritar eredugarriak ditugu biak, eta ez dira, inondik ere, gizarteko inorentzako edo ezerentzako arrisku. Oraingo kasu honetan ere errugabeak dira eta, beraz, etxean eta kalean behar ditugu. Etxean, beren alabek behar-beharrezkoak dituztelako, eta, kalean, oriotarrok gure artean behar ditugulako.

Horiek horrela, Orioko Udalbatzarrak honako hauek adierazten ditu:

- Beste ezer baino lehen, Blancaren eta Maribelen askatasuna eskatzen dugu.

- Gaitzetsi egiten dugu, irmoki, ETAk Blancari eta Maribeli egindako estortsioa eta, oro har, ETAk darabilen bortizkeria.

- Era berean, gaitzetsi egiten dugu Baltasar Garzon epaileak egin duen legearen erabilera.

- Gure elkartasuna adierazi nahi diegu Blancaren eta Maribelen familiei.

- Azkenik, pertsona guztien eskubide guztien aldeko aldarrikapena egiten dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide