Alproja Kultur Taldeak herriko kaleak antzerkiz beteko ditu datorren astean, hilaren 7tik 9a bitartean. Alprojako kide Ainhoa Alberdik pozgarritzat jo du beste urte batez egitarau bete bat eskaini ahal izatea. Era berean, aurtengoa jaialdia “potentea” izango dela nabarmendu du. Guztira, hamar antzezlanez gozatzeko aukera izango da; gehienak Euskal Herriko konpainienak, baina badira Italiakoak, kataluniakoa eta Argentinakoak ere. Gaur eguerdian egin dute XVIII. Kalerkiren aurkezpena, udal batzar aretoan, eta bertan, Alberdirekin batera, Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluzek eta kultura teknikari Olatz Azkuek hartu dute parte.
Urtero bezala, jaialdiaren lehen egunean aurkeztuko du Alprojak bere lan berria; herriko kaleetan eta Lege Zaharren Enparantzan izango da, 20:00etatik aurrera. Bakhara izenburupean, boterearen kateetatik askatzeko beharraren inguruan antzeztuko dute. Gorputz espresio handiko proposamena izango da, eta ohi moduan, ukitu umeretsua bezain abstraktua izango du. Dena dela, “antzezlana oraindik labean dago eta azken unera arte egiten jarraituko dugu”. Antzezlanak eta jaialdiak hainbat ezusteko izango dituela gaineratu du, era berean.
Berasaluzek eskerrak eman nahi izan dizkio Alprojari urte hauetan guztietan egindako ekarpenengatik, ez bakarrik Kalerkirekin, baita Euskal Asterako prestatzen duen herri antzerkiarekin ere. Lekeitioko jaialdiarekin batera, Kalerki Euskal Herriko kale antzerki jaialdien artean “erreferentea” eta, aldi berean, “aitzindaria” dela nabarmendu du zinegotziak, eta Udalak halako ekimenak laguntzen jarraituko duela ahal duen neurrian.
Egitaraua
Uztailak 7, osteguna
18:30ean. Lege Zaharren Enparantzan, Libertia antzezlana, Hortzmuga taldearen eskutik.
20:00etan. Kaleetan zehar eta Lege Zaharren Enparantzan, Bakhara antzezlana, Alproja Kultur Taldearen eskutik.
23:00etan. Parrokiako atarian, Mano a mano ikuskizuna, Valeriaren eskutik.
Uztailak 8, ostirala
19:00etan. Torre Luzeako parkean, Blue bird antzerki-txotxongilo emanaldia, Anita Maravillas taldeak eskanita.
20:00etan. Lege Zaharren Enparantzan, Jira & Bira lana, Trapu Zaharrak konpainiarekin.
00:00etan. Malekoian eta Munoa plazan, Wolves antzezlana, Deabru Beltzaken eskutik.
Uztailak 9, larunbata
19:00etan. Malekoian, Caballos de Menorca antzezlan-desfilea, Tutatis Teatrok eskainita.
20:00etan. Torre Luzeako parkean, Charabia lana, El negro y el flacoren eskutik.
21:00etan. Kaleetan barrena, Panxuts hiru tripontzien antzezlan pertsonalizatua, Laitrum taldearekin.
00:00etan. Munoa plazan, Anomalia magnetica antzezlana eskainiko du Markeliñe taldeak.
