Urtero bezala, Zarautz akordeoi soinuz beteko da. Uda hastearekin batera, Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak akordeoi kontzertuz jositako egitaraua antolatu du gaurtik igandera bitarterako. Aurtengoan, gainera, XXV. Akordeoi Kultur Astean era askotako estilo eta errepertorioak eskainiko dituzte.
Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak emango dio hasiera akordeoi asteari. Juanjo Orobengoaren zuzendaritzapean, 15 eta 29 urte bitarteko 19 instrumentistek askotariko kantuak eskainiko dituzte gaur; Astor Piazzolaren La muerte del angel, Jesus Guridiren El caserio, eta Tillo Schlunken Fiesta mexicana, besteak beste. 20:00etan izango da Aretxabaletako Akordeoi Orkestraren emanaldia, Musika Plazan.
Hurrengo egunean, bihar, alegia, Piazzolla 180 grados taldea izango da Musika plazan, 22:30ean. Jose Lopez akordeoiajoko du, Marcelo Scrichek kontrabaxua, Luis Gimenezek gitarra, eta Vicent Thomasek bateria.
Gipuzkoako onenak
Bestalde, aurreko urteetan bezala, Arrasateko iazko Gipuzkoa Akordeoi Lehiaketako irabazleen kontzertua izango da. Ildo horretatik, Amaia eta Maria Zubimendi zumaiarrek eta Iñigo Miqueleiz barañainarrak izango dira Antoniano kultur aretoko taula gainean, igandean. 12:30ean hasiko dute emanaldia.
Amaia Zubimendik 13 urte ditu, eta, besteak beste, 2007an Gipuzkoako Jaialdiko A Kamera eta A mailan urrezko domina, 2009an B mailakoa, eta iaz Gipuzkoako Txapelketako lehenengo saria jaso zuen, haur kategorian.
Miqueleizek, berriz, Interpretazio Gaitasun Onena zuen ikasle izendatu zuten iaz, eta Gipuzkoako Txapelketako lehenengo saria jaso zuen, junior mailan. Maria Zubimendik, besteak beste, Gipuzkoako Txapelketako hainbat sari jaso du zenbait mailatan. Bakoitzak laupabost kantu eskainiko ditu igandeko kontzertuan.
Francisco Escudero sariketa
Era berean, abian da Francisco Escudero Nazioarteko IV. Konposizio Sariketa. Txapelketaren helburua akordeoi bakarrean eta akordeoia barne hartzen duen ganbera musikako obrarik onenak saritzea da, eta horien sormena sustatzea. Aurkeztutako lanek berriak beharko dute izan, gehienez hamar minutukoak. Irabazleek 1.500 euro jasoko ditute, eta obraren edizioa ere finantzatuko zaie.
Urtero legez, sari banaketa ekitaldia Zarautzen egingo dute, datorren irailaren 17an . Parte-hartzaileek irailaren 10a bitartean bidali beharko dituzte konposizioak. Interesa dutenek sariketako oinarriak Euskal Herriko Akordeoi Elkartearen webgunean (http://www.hauspoz.org) aurkituko dituzte.
Egitaraua
Uztailak 1, gaur. Aretxabaletako Akordeio Orkestra, Musika Plazan, 20:00etatik aurrera.
Uztailak 2, bihar. Piazzola 180 grados taldearen kontzertua: Jose Lopez akordeoarekin, Marcelo Scrich kontrabaxuan, Luis Gimenez gitarran eta Vicent Thomas bateria jotzen. Musika Plazan, 22:30etatik aurrera.
Uztailak 3, etzi. Arrasate 2010 txapelketako irabazleen kontzertua: Amaia Zubimendi, Iñigo Migueleiz eta Maria Zubimendi. 12:30ean, Antoniano Kultur Aretoan.