Gay eta lesbianen aldarrikapenekin bat egingo dute gaur eskualdean

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 28a

Lesbiana, Gay eta Transexualen Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko dute gaur mundu zabalean zehar, eta Urola Kostan ere zenbait ekitaldi egingo dute egun horren harira. Zarauzko Udalak, Zarauzko Gurekin Jai Festa Batzordeak eta Azpeitiko Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Bilgune Feministak, esaterako, bat egin dute kolektibo horrekin, eta gaurko eta datozen egunetarako egitaraua prestatu dute. «Era askotako pertsonek osatzen dute gure gizartea, eta kolore anitzen bizitasunez jantzia da», adierazi du Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik. «Aniztasunean bizi gara, beraz, eta aniztasunak izan beharko luke gure balio garrantzitsuenetarikoa. Aniztasuna, baita ere, sexualitatea bizitzeko moduetan, hautatzeko eskubide askea izateak berdinagoak egiten gaituelako», nabarmendu du alkateak. Homosexualitateak mendeetan jasandako «pertsekuzioaren» adibideetako bat nazien garaian bizi izan zela gaineratu du alkateak; kontzentrazio eremuetan naziek Hiruki Arrosa erabiltzen zuten homosexualak bereizteko ikur gisa. «Egun oraindik bete gabe dauden gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko erabiltzen den ikurra da honakoa», esan du. Horregatik guztiagatik, Udalak bat egin du aipaturiko kolektiboen kanpainarekin, eta udaletxeko balkoian hiruki arrosa zintzilikatuko dute gaur. Herritar guztiak gaurko antolatu dituzten ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu Illarramendik. Berdintasun Sailak antolatuta, The kids are alright filma izango da ikusgai Modelo zineman 22:15ean, doan. Lisa Cholodenko zuzendariaren filmak familia eredu berriak ditu oinarrian. Bikote lesbiana batek ernalketa artifizial bidez bi seme-alaba izan ditu. Horiek, koskortutakoan, esperma eman zuen gizonaren bila hasiko dira. Azpeitian, elkarretaratzea Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak, Emakumeen Mahaiak eta Bilgune Feministak ere sexua eta sexualitatea «askatasunez» eta «eskubide osoz» aukeratzeko eskubidea aldarrikatu dute. Aldarrikapena eta festa uztartu nahi dituzte eskubide horiek defendatzeko eta «kolektiboak egin duen lana errekonozitzeko asmoz». Hala, elkarretaratzea egingo dute gaur. Ni plazerra naiz lelopean elkartuko dira 19:30ean plazan, eta ondoren mokadutxoa egingo dute. Uztailaren 3an, berriz, Aldikadea taldearen eskutik Etiketadun kateak hautsiz performance-a eskainiko dute Sanagustin aretoan, 19:30ean. Gurekin Jaik, atzo Gurekin Jai Festa Batzordeak atzo ospatu zuen Lesgaytrans Eguna. Ildo horretatik, Gona Tailerra egin zuten txosnagunean herritarrek. 19:30ak aldera, berriz, manifestazioa abiatu zuten txosnetatik, eta herrian zehar gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko aldarrikapenak egin zituzten, Gona eta minifalda leloa oihukatuz. Gauean, txosnetan antzerkia eta Drag Queen ikuskizuna izan ziren ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide