«Era askotako pertsonek osatzen dute gure jendartea, eta kolore anitzen bizitasunez jantzia da», dio Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik. «Aniztasunean bizi gara, beraz, eta aniztasuna izan beharko luke gure balio garrantzitsuenetariko bat. Aniztasuna, baita ere, sexualitatea bizitzeko moduetan, hautatzeko eskubide askea izateak berdinagoak egiten gaituelako», nabarmendu du alkateak.
Bihar Lesbiana, Gay eta Transexualen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela-eta, kolektibo horiekin bat egin du Udalak: «Homosexualitateak mendeetan jasan izandako pertsekuzioa oso bortitza izan da, eta horren adibideetako bat nazien garaian bizi izan zen». Azaldu duenez, kontzentrazio eremuetan naziek Hiruki Arrosa erabiltzen zuten homosexualak bereizteko ikur gisa. «Egun oraindik bete gabe dauden gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko erabiltzen den ikurra da honakoa», dio. Hori dela eta, Zarauzko Udalak bat egin du aipaturiko kolektiboen kanpainarekin. Ildo horretatik,udaletxeko balkoian hiruki arrosa zintzilikatuko dute bihar.
Askotariko ekimenak
Hori dela eta, herritar guztiak gaurko antolatu dituzten ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu ditu Illarramendik.
Berdintasun sailak, urtero legez, ekimen berezia antolatu du gaurko. Hala, The kids are alright filma izango da ikusgai Modelo Zineman, 22:15ean.
Lau Oscar sari eta bi urrezko globo irabazi ditu Lisa Cholodenko zuzendariaren komendia filmak, eta familia eredu berriak ditu oinarrian. Bikote lesbiana batek ernalketa artifizial bidez bi seme-alaba izan dituzte. Horiek koskortzerakoan, esperma eman zuen gizonaren bila hasiko dira, baita aurkitu ere. Sarrera doakoa izango da.
Gurekin Jaik, gaur
Gurekin Jai Festa Batzordeak gaur ospatuko du lesgaytrans eguna. Ildo horretatik, Gona tailerra egingo dute txosna gunean herritarrek. 19:30ak aldera, berriz, manifestazioa abiatu zuten txosnetatik, eta herrian zehar gay, lesbianen eta transexualen eskubideen aldeko aldarrikapenak abiatuko dute, Gona eta minifalda leloa oihukatuz.