Urteroko hitzorduarekin bat egin zuten milaka herritarrek atzo gauean eskualdeko herri eta auzoetan. San Joan bezperako suak piztu zituzten han-hemenka egun argitan, festa iluntasunean amaitzeko. Tartean, suaren inguruan dantzez, antzerkiez nahiz abesbatzen doinuez gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Urtero moduan, Azpeitiko Urrestilla auzoan egin zuten ekitaldi esanguratsuena, auzoko jaiei hasiera emateko. Lizarra moztu, plazara eraman, zutik jarri eta inguruan sua eginez ospatu zuten udaren hasiera urrestildarrek.
