TAOren kontratua eteteko eskaera
Badira jada 5 urte TAO Zarautzen martxan jarri zela, mugikortasun arazoak konpontzeko asmoarekin ezarri zen, baina Aralar eta Ezker Batuaren iritziz, mugikortasun arazoak ez dira soluzionatu eta herritarrentzat zama bat izateaz gain, TAO gunearen ondoko auzoei arazo larriak sortu dizkie.
Horregatik TAO ereduak errebisio sakona behar duelako, ekainaren 26 baino lehen GERTEC enpresari oharra bidaltzeko eskatzen dugu, orain dagoen kontratua eten ahal izateko. Modu honetara posible izango da irailaren 26 kontratua amaitzea, kontratuaren prorroga baino hiru hilabete lehenago abisatu behar zaielako.
Aralar Ezker Batuaren iritziz, TAOren ereduak aldaketak izan beharko lituzke ondorengo bi irizpideekin:
Batetik TAO gunea txikitu, neguan errotazio altuko eremura mugatuz (Bizkaia, Foruen eta Zigordia kaleak) eta udaran 2. gunea, hau da hondartza alboko eremua gehituz.
Bigarren irizpidea, errotazio gune hori zarauztarrentzat doan eta kanpotarrentzat ordainduz izan dadila.
Hau da Aralar Ezker Batutik, Zarauzko alkateari egiten diogun eskaera, lehenago ere azaldu eta eskatu diogun moduan, balia dezala aukera hau, hainbeste arazo ekarri dituen TAOri amaiera emateko. Bilduk nahi badu udalean badauka nahiko gehiengo neurri hau aurrera eramateko.
Andoni Ibarguren Alberdi. Zarauzko Aralar Ezker Batuaren izenean.