Adabegi, entzun eta ikusteko musika

Olatz Prat 2011ko ekainaren 23a

Mundu osoko musiken nahasketa da Adabegi, kolore eta usain anitzen konbinazioa. Flamenkoa, doinu afrikarrak, ekialdeko doinuak eta beste musika estilo ugari elkartu dituzte zestoarrek lehen diskoan. Mugarik nahi ez duen musika da Adabegirena.

AdabegiMundu osoko musiken nahasketa da Adabegi, kolore eta usain anitzen konbinazioa. Flamenkoa, doinu afrikarrak, ekialdeko doinuak eta beste musika estilo ugari elkartu dituzte zestoarrek lehen diskoan. Mugarik nahi ez duen musika da Adabegirena. Kantuak elkarren artean hain desberdinak izanda ere, kantu bakoitzean nahasten dituzte musika mota anitzak. Ezin zaio mugarik jarri, ezta etiketarik ere. «Ez da entzuten den ezeren antzekoa, baina ez da ezer berria ere; ez dugu ezer asmatu». Asmatuta dauden gauzen arteko konbinazio bitxiak egiten du berezi Adabegi.
Duela bi edo hiru urte lehendik ere musikan elkarrekin aritutako Mikel Aveiro eta Aitor Korta txalapartariak beste proiektu batean pentsatzen hasi ziren; zer egin, nola egin eta norekin. «Gutxi gorabehera bageneukan egin nahi genuenaren ideia bat, edo hobe esan, egin nahi ez genuenarena; argi geneukan, adibidez, rocka ez genuela egin nahi», dio Kortak. Pixkanaka Antonio Dinizen bateria, Ladis Rivasen baxua eta Unai Mujikaren eta Adrian Larrañagaren perkusioak sartzen joan ziren, gaur egun Adabegi denaren oinarrizko taldea sortuz.
Txalaparta oinarri
Txalaparta da Adabegi proiketuaren muina, txalapartak darama melodia nagusia eta haren arabera eginak daude kantuak. Hori oinarri harturik, asmatu dute Adabegikoek txalaparta hori flamenkoan edo musika afrikarrean txertatzen. Melodia horietatik abiatuz, denen artean osatu dituzte abestiak, erritmoak zehaztuz eta zatiak definituz. Kantuak konposatzen hasi zirenetik gaur arte, «asko aldatu» direla aitortzen dute. «Ideia berari eutsi arren», dio Larrañagak. Musikarekin eta ideiekin jolastearen ondorioa da hori.
Bost doinu bildu dituzten lehen diskoan, denak elkarren artean oso desberdinak. «Dena den, ez da entzuten dugun musikaren isla», dio Larrañagak. «Ez, baina bada gu gustuenen sentiarazten gaituen musika mota».
Diskoak badu, osorik hartuta, «askatasun, laguntasun eta muga ezaren» aldeko mezua. Hizkuntza mugarik ere ez dute jarri. Ez dute kantuak euskaraz egitea helburu izan: «Aire afrikarreko kantua afrikarrez abestua dago, tango flamenkoa gaztelaniaz da, eta Balkanetako doinuak serbieraz abestuak daude», azaltzen dute.
Musika mota nahasketak, gainera, batak bestearengandik ikasteko aukera eman diete. Izan ere reggaetik datoz batzuk, musika afrikarretik besteak, elektronika edo trikitixatik besteak. Horregatik, ezagutzen ez zituzten erritmoak ikasiz joan dira, eta jotzen ez zituzten musika tresnak jotzen.
Kolaboratzaile zerrenda
Taldea osatzen duten sei kideez gain, kolaboratzaile ugari izan dute. Marie Toure Ginea Konakriko dantzari eta abeslaria da horietako bat; orain Zumaian bizi da, eta bere herrialdeko balet nazionalean aritu izanaz gain, Europako txoko askotan dantza afrikarreko ikastaroak eskaintzen ditu.
Bad Sound Systemeko Iñaki Etxeberria Stepi DJak ere pisu handia du diskoan, sampler eta scratch-ak sartu baititu kantuetan. Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzari gasteiztarrak takoneoak sartu ditu.
Antonio Lizana saxofoi-jotzaile cadiztarrak saxoak eta ahotsak ipini ditu, eta EA! taldeko abeslari Pilar La Monica-k ere abestu du kantu batean. Olatz Prat abeslari azpeitiarrak ere hartu du parte diskoan.
Josu Zubizarretaren Lobo Estudioan grabatu dute diskoa, 2011ko lehen hilabeteetan, eta Estaniz Elorzaren Doctor Master estudioan masterizatu dute.
Zuzenekoen indarra
Adabegikoek argi dute: eurena oholtzan entzuteko musika da. «Diskoa entzun daiteke, baina, zuzenekoetan hartzen du zentzu osoa; dantzariekin eta musikarien arteko komunikazioarekin», diote.

Zortzi abestiko errepertorioa dute momentuz. Diskoko bost abestiez gain, sarrerako abesti bat, kantu afrikar bat eta buleria bat jotzen dituzte. Jendeak beren emanaldietara zergatik joan beharko lukeen galdetzean, diote: «Ez da aspertuko. Oraintxe beltz bat ateratzen da jauzika eta dantzat, gero flamenkita txiki bat agertzen da zapatei eragiten, eta etengabeko mugimendua dagooholtzan».

Igandean, hilak 26an, Zarautzen izango dira, eskualdean eskainiko duten lehen kontzertuan. Luz de Putas eta Korumberekin batera ariko dira 22:00etan, txosnetan.

www.facebook.com/adabegimusika

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide