Iñaki Olazabal Paxori emango diote aurtengo San Pelaio Makila. Urduri dago aitortzagatik, baina gustura, aldi berean.
Nola jaso duzu berria?
Gustura nago, baina nik nahiago dut isilpeko lana egin. Gauza hauek gogoz egiten ditut; ez dut nahi batzuen lana aitortzea eta besteena ez. Hala ere, gustura jaso dut berria. Azkenean, zure lanaren aitortza da. Herriak emandako oparia da, gainera. Pozgarria da oso.
Nolakoa izango da San Pelaio Makila jasoko duzun unea?
Bada ez dakit. Nahiago ez pentsatu. Espero dut urduri ez jartzea. Entseatzen eta halako kontuetan ez naiz asaldatzen, baina halako momentuetan, berriz, dar-dar egiten dut. Gerora pasatuko zait, baina une horretan… Aurrez, gainera, danborradan parte hartuko dut. Denetarik egitea tokatuko zait, beraz, bihar: jo, saria jaso, eta jotzen jarraitu, danborradari amaiera emateko.
Noiz hasi zinen haurren danborrada prestatzen?
Hasiera-hasieratik nago hor sartuta. Duela 33 urte hasi nintzen haurren danborrada prestatzen laguntzen. Hasieran kanpotik, egunean bertan Vista Alegretik eta beste auzoetatik herrira inguratzen laguntzen nien. Gerora, Victor Uyarrarekin eta duela gutxi zendu zen Jose Antonio Azpeitiarekin elkarlanean hasi nintzen, eta hemen jarraitzen dut. Hemen egotea droga bezalakoa da niretzat, ezin utzi.
Haurrez gain, helduekin ere aritzen zara danborrada prestatzen, ezta ?
Bai, eta fin-fin aritzen dira haiek. Erretiratuek oso txukun jotzen dute, eta oso formalak dira; saio guztietara etortzen dira. Abesti berriak direla-eta, ez dutela ongi entzuten diote, baina ederki aritzen dira. Gustura etortzen direla diote.
Egun zenbat elkartek hartzen dute parte helduen danborradan?
Guztira, zortzi elkartek hartzen dute parte helduen daborradan. Iaztik ez dute Gure Kabia elkarteko kideek jotzen, baina bigarren urtez Arranokoek hartuko dute parte. Hala da beti; batek uzten badu ere, beste bat sartzen da.
Santamarinetako jai batzordeko kide zara, baita ere.
Bai, hala da. Emaztea eta biok 16 urte genituela hasi ginen, eta bazegoen zer egina. Orain batzoreko zaharrena naiz, parte hartzen dudan ekimen guztietan bezala.
Kirol munduan ere aritu zara.
Zarauzko Kirol Elkarteko kide izan naiz, eta La Sallen ere lagundu izan dut. Orain, ordea, ez naiz denera iristen; ez daukat denbora. Hori dela eta, plaieroen antolakuntzan soilik nabil egun. Haurren eskola arteko hondartzako txapelketa gustatzen zait, gainera. Hondartza guztia beteta ikusteak poz handia ematen dit. Hala ere, tarteka-tarteka zenbait ekimenetan parte hartzen dut. Eta hala jarraituko dut, «Paxo, nahikoa dek» esaten didaten arte. Baina oso zaila ikusten dut hori; izan ere, boluntario gutxi dago herriko ekimenetan parte hartzeko prest. Hori ere denboraldika doa, guztia bezala; batzutan laguntzaile asko dago, bestetan bat ere ez. Hori da arazoa: jarraikortasuna emango dion jende gutxi dago. Hala ere, aurrera egin beharra dago.
