Zumaia eta Deba arteko itsaslabarrean zehar lehiatuko dira korrikalariak uztailak 10ean. Hirugarren aldiz, kirolak eta ingurumenak bat egingo dute Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketan, eta dagoeneko prest dute saioa. Urtez urte sona hartzen joan da lasterketa, eta aurreko bi aldietan izan duen bide «arrakastatsuarekin» jarraituko dute oraingoan ere. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute oraingo lasterketak ibilbide «gogorragoa eta ikusgarriagoa» izango duela.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Mendizale Federazioak lasterketaren zailtasuna «areagotzea» eskatu du, besteak beste kluben arteko Euskadiko Txapelkelta jokatuko dutelako bertan; hori hala, aurtengoak ibilbide luzeago izango du, eta 30,5 kilometro egingo dituzte guztira. Halaber, 1.020 metroko gora-behera izatetik 1.370 metrora pasatuko da aurten.
Lasterketaren bidez, Zumaiako irudia zabaltzea dute helburuetako bat, baina, horrez gain, lasterketatik jasotzen duten dirua Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartera bideratuko dute, ohi bezala.
Lasterketan parte hartzeko izen emate epea zabalik da uztailaren bostera bitartean; baina gehienez 500 lagun aritu ahal izango dira bertan, eta dagoeneko 420 korrikalarik eman dute izena. Lasterketan iskribitzeko internet bidez egin daiteke, wwww.kirolprobak.com webgunean. Zumaiako Turismo Bulegoko 943-14 33 96 telefonora deituta ere eman daiteke izena. Federatuek 17 euro ordainduko dute, eta federatuak ez direnek, berriz, 22 euro.
Aurreko urteetan bezala, mendiarekin lotura duten pertsonak omenduko dituzte, eta antolatzaileek Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileak eta Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko lehendakari ohiak aukeratu dituzte omentzeko.
Ladilloa lerro bat gehienez
Antolatzaileek nabarmendu dute aurten ere «goi mailako» kirolariak izango direla. Besteak beste, Oihana Kortazar Europako Kopako lehen proba irabazi duen korrikalaria faboritoetako bat dela nabarmendu dute. Horrez gain, Raul Garcia, Luis Alberto Hernando, Blanca Serrano, Aitor Osa eta Pedro Etxeberria zumaiarrak eta David Lopez korrikalariak arituko dira lehian.
Zumaiako Flysch Trail mendi lasterketa kirol helburuetatik haratago doa, eta ingurumena baloreetako bat du; lasterketa biotopo babestuan izanik, herriko «ondare geologikoa eta turistikoa» zabaltzeko asmoa du, eta horregatik eremua zaindu behar dutela adierazi dute. Lasterketan amaitu ondoren, itsaslabarra itsasontziz ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.