“Ongi daudela esaten diguten arren, badakigu ez dela hala, ez guztiz, behinik behin. Horrek kezka izugarria eta ezinegona sortarazten digu. Azken finean, haiek daude espetxean, baina gu ere zigorra betetzen ari gara». Bizimodua goitik behera aldatu zaie Josune Gastañarezi eta Oiartz Eizagirreri. Ia bi hilabete pasatu dira haien bikotekide Aritz Labiano Labi eta Haritz Gartxotenea Zaporra kartzelaratu zituztela, baina «egonezina» dute oraindik. «Egunak eta egunak daude. Batzutan ez duzu ohetik altxatzeko indarrik ere izaten», dio Gastañarezek. Hala ere, «aurrera egiteko indarra atera behar» dela dio Eizagirrek: «Aurre egin behar diozu, ez dago besterik. Lur jota gaude, ez haiek bisitatzeko egin behar den bidaiagatik soilik, uneoro burua bueltaka duzulako baizik».
Apirilaren 27an atxilotu zituzten Labi eta Zaporra, «terrorismoa goratzea» egotzita. Zarauzko Ertzaintzaren egoitzan eguna pasatu ostean, gauean bertan Martutenera eraman zituzten bi zarauztarrak. Ziega berean pasatu zituzten bi aste inguru, Zaporra Dueñasera (Palentzia) aldatu zuten arte. Labi-k beste astebete egin zuen Martuteneko espetxean.
Aste horretan izan zuen Gastañarezek bere bikotea atxilotu zutenetik ikusteko bigarren aukera: «Traumatologorako hitzordua zuen Labi-k. Orduan Oiartz eta biok bertaratzea erabaki genuen, harekin hitz egiteko aukera izango genuelakoan». Hura zaintzen ari ziren ertzainek Labi-rengana gerturatzeko baimena eman zioten Gastañarezi, eta Eizagirrek ere izan zuen hura agurtzeko aukera. «Martutenen zeuden bitartean, behin bakarrik ikusi genituen, kristal lodi baten bitartez. Gure ezjakintasunarekin jolastu zuten, gainera», salatu dute. Izan ere, euren senargaiak espetxean zeudela «ukatu» zieten hasiera batean, gizarte laguntzaile batek sartze-agiria erakutsi zien arte.
Egoera berria
Hori dela eta, bi zarauztarrak Etxerat elkartearekin jarri ziren harremanetan, bi presoen egoeraren berri emateko eta informazioa jasotze aldera. «Guretzat egoera berria zen. Goizetik gauera guztia aldatu zen, eta ez genekien nola jokatu, ezta zein eskubide zituzten ere», azaldu du Zaporraren emazteak. Hala, bisiten eta bis-en nondik norakoak azaldu zizkieten, besteak beste.
Larunbat goiz batean iritsi zen Gartxotenea Dueñaseko La Moraleja kartzelara—hiruzpalau egun iraun zituen horren lekualdatzeak—eta hurrengo egunean jaso zuen Eizagirreren bisita. «Ongi zegoela esan zidanbaina nik ezberdin ikusi nuen, argalago, ile luzearekin…Kezkatuta geratu nintzen», dio. Kristal lodi bat zutela bien artean azaldu du: «Inpotentzia sentitzen duzu. Ezin zarete besarkatu, ezta musu eman ere. Gainera, elkarrizketa izatea oso zaila da. Oso hotza da».
Gastañarezek ere sentipen bera izan zuen Leoneko Mansilla de las Mulas espetxean, Labi ikusi zuenean: «Laupabost egun pasatu genituen Labi-taz ezer jakin gabe. Berriz ikustean ahots eskasa eta begizuloak zituen, eta urduri somatu nuen. Labi urduri badago ni hamar aldiz urduriago jartzen naiz. Bikotekidea gaizki ikusten duzunean, zuk ezin duzu ongi egon. Azkenean, berak eman behar izan zizkidan animoak».
Girora egokituta
Dagoeneko espetxeetako «girora egokitu» dira Labi eta Zaporra. Bakoitza bakarrik dago bere ziegan, telebista banarekin, irakurtzeko mahaiarekin, eta bertako egonaldia «erosoago egiten» dien beste hainbat elementurekin. Labiano, gainera, beste euskal presoekin dago moduloan.
Gartxotenearen kasua bestelakoa da. Preso prebentiboekin dago hura, oraindik epaitu z dituzten atxilotuekin, alegia. «Zazpigarren modulora eramango zutela esan zioten arren, zortzigarrengoan sartu zuten», dio Eizagirrek. «Harrituta» utzi zuen horrek Zaporra, eta espetxeko zuzendariarekin bildu zen. «Hark zortzigarrengoan hobeto egongo zela erantzun zion; izan ere, zazpigarren moduloan beste sei preso politiko zeuden», azaldu du Eizagirrek. Hala, lekuz aldatzeko eskatu du, «asko lagunduko baitio kideekin egoteak».
Labi, berriz, Leoneko kartzelako bigarren moduloan dago, beste bi euskal presorekin. Hala ere, haien egoera ez da «samurra»: «Modulo gatazkatsuena dela diote, zerbait txarra egingo balute bezala. Hori dela eta, azkenak dira tailerretako materialak eta beste hainbat kontu jasotzen. Askotan ez dira haientzat iristen».
Kideekin egoteak asko laguntzen die, baita bisitak jasotzeak ere. Oraingoz ez batak ezta besteak ere ez dute lagunen bisitak jasotzeko aukerarik izan; familiartekoek soilik dute horretarako baimena. «Ekainetik aurrera utziko dietela pentsatzen dugu, orain trantsizio garaian daude», dio Eizagirrek.
Poza zein nekea
Bisitak «poza eta ilusio» pizten die bi neskei, baita «nekea» sortu ere. «Astero bertara joateko irrikaz egoten bagara ere, leher eginda amaitzen dugu», dio Gastañarezek. Egun guztiko bidaia izaten dela diote; goizean joan eta gauean bueltatu. Horrek, gainera, «izugarrizko gastua» suposatzen die: «Astero-astero ehun euro inguru gastatzen dugu joan-etorrian». Bestalde, istripuak izateko «arriskua» ere badutela gogoratu dute. «Kondena ez da haientzat bakarrik, batez ere, dispertsioagatik», salatu du Gastañarezek. «Hala ere, ezin ditugu bakarrik utzi. Ez dugu haien ondoan egoteko aukera galduko », dio Eizagirrek.
Senitartekoei dagokionez, hilabetean behin elkar daitezke
presoekin, aurrez aurre eta tartean kristalik izan gabe. Baina horretarako, «odoleko senitarteko» izan behar dute: «Labi eta biok ezkonduta ez gaudenez, nire gurasoek eta anai-arrebek ez dute hura bisitatzeko eskubidea». Ondorioz, ezkontza-paperak egin dituztela azaldu du: «Ezkontza data eman zain gaude. Kartzela bakoitzak bere arauak ditu, eta horiek finkatu behar dituzte; izan ere, orain arte ez da inor ezkondu Mansilla de las Mulasen». «Derrigorrezko ezkontza» izango dela dio Gastañarezek: «Egoera honetan ez bagina, ez ginateke ezkonduko. Gugatik baino, nire senitartekoengatik ezkonduko gara, haiek Labi bisita dezaten. Ezkontzako eguna emaztegaientzako zoriontsuena dela esan ohi dute; niretzat aparteko bis-a izango da, besterik ez».
Eizagirreren kasuan, bi aldetako familiartekoek dute Zaporra bisitatzeko aukera, atxilotu baino lehenago ezkondu baitziren.
Elkartasuna beste presoekiko
Ildo horretatik, «egoera berean» dauden «milaka familia» gogoratu dituzte Gastañarezek eta Eizagirrek: «Labi eta Zaporra bezala sakabanatuta daude gure herriko Tximas, Txuri eta Ekaitz. Euskal Herrian 700 lagundik gora da preso politiko. Muxu eta besarkada beroena eskaini nahi diegu, eta bereziki haien senitarteko eta gertukoei». Izan ere, beste presoen familiartekoek «asko lagundu» dituztela gaineratu dute: «Eurek bizi dutena kontatu izanak guri ere asko lagundu digu». Era berean, gaiaz hitz egiteak mesede egiten die: «Hitz egiteak, gogoratzeak, asko balio digu».