Aimar Irigoienek aiarrek botatako erronka galdu du

Urola Kostako Hitza 2011ko ekainaren 20a

Aimar Irigoien harri jasotzaileak ezin izan zuen Aiako koadrilaren aurka zuen apostua irabazi, eta beraz, marka berria eskuratu . 124 aldiz altxatu behar zuen 125 kiloko harri zaharra, baina azkenean 101 jasoaldi egin zituen errezildarrak.
Jende ugari gerturatu zen Irigoienen marka ahalegina ikustera Aiako probalekura. Hala, 600 lagunen begiradapean hasi zuen harri-jasotzaileak saioa eguerdian. Bost minutuko hiru txanda zituen Irigoienek harria 124 aldiz igotzeko, eta txandatik txandara hamabost minutuko atsedenaldia zuen; hori hala izanik, apostua irabazteko erritmo azkarra izatea ezinbestekoa zuen Irigoienek, eta ondo ekin zion probari; lehenengo tandan ezarritako helburua bete zuen harri -jasotzaileak, 42 altxaldi egitea lortu baitzuen; bigarren txanda ere erritmo biziarekin hasi zuen, eta lehenengo aldiko jasoaldiak egin zituen; 42 altxaldirekin, helburua bete zuen orduan ere. Bide onean baldin zihoan ere, ezin izan zion buelta eman nekeari harri-jasotzaileak; 40 aldiz altxatzea nahikoa zituen apostua irabazteko, baina, antolatzaileen esanetan, nekea nabari zitzaion, eta 17 jasoaldi egin zituen hirugarren tandan.
Aiako lagun talde batek duela bi hilabete bota zion erronka harri-jasotzaileari, eta alde bakoitzak 12.000 euro jarri zituen jokoan; beraz, igandeko apostuan aiarrek 24.000 euro eskuratu zituzten; hala ere, ikusle gehienek errezildarren alde egin zuten apostua.
Bestetik, Igoienen frogen atsedenaldietan, harri-jasotzaileen erakustaldiak ere izan ziren probalekuan; Bertiz eta Lertxundi Izeta III.-a eta Belioso harri-jasotzaileen aurka ziren, eta ondoren, Urtzi Telleria Lasarteko harri-jasotzaileak marka pertsonala gainditu zuen, 163 kiloko harri errektangularra bost aldiz altxatu ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide